Gerra Ukrainan

Mariupolgo altzairutegiko ukrainar soldaduek «amore eman dute»

260 militarrek baino gehiagok utzi dute Azovstal, 82 egunen ostean. Finlandia eta Suedia NATOn sartzeko eskaera aurkeztekoak dira gaur

Errusiako armada Ukrainako militarrak arakatzen, atzo, Mariupolen. EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Errusiako tropek «erabateko garaipena» lortu zuten atzo Ukrainako Mariupol hirian, Azovstal altzairutegian 82 egunez gotortuta zeuden Ukrainako soldaduek eta Azov batailoi paramilitarreko kideek —eskuin muturreko talde armatu bat— «amore eman» ostean, Donetskeko Herri Errepublikako lurralde defentsarako buruak aditzera eman zuenez. Orotara, 264 soldadu atera zituzten altzairutegitik, eta horietatik 53 Errusiaren kontrolpean dagoen Donbassko eskualdeko Novoazovsk hiriko erietxe batera eraman zituzten, «larri». Ukrainako Gobernuak «bukatutzat» eman zuen Azovstalgo «misioa», eta gisa horretara eman diote amaiera erresistentziari.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Azovstalen gotorturikoen aurkako erasoaldia bertan behera uzteko agindu zuen apirilaren 21ean. Errusiako soldadu eta ofizialen bizitzak babestu behar zirela argudiatu zuen. Horren ordez, ingurua erabat zigilatzea erabaki zuen Putinek, eta militarrei agindu zien altzairutegitik «euli bat bera ere ez» zedila atera.

Azkenean, Moskuren baldintzak onartu ditu Kievek. Aurretik, soldaduekin eta Azov batailoi paramilitarreko kideekin batera harrapatuta zeuden ehunka zibil ateratzen aritu dira azken asteotan.

Mariupoldik kanpo, Mikhailo Podoliak negoziatzaile ukrainarrak atzo esan zuen Errusiarekiko elkarrizketak «etenda» daudela, eta ez dela «aurrerapen esanguratsurik» egin. Bide beretik mintzatu zen Andrei Rudenko Errusiako Atzerri ministrordea ere, baina Kievi leporatu zion negoziazioetatik «irtetea».

Suediakoaren gisan, Finlandiako Parlamentuak ere NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko erabakia onetsi zuen atzo, diputatuen ia %95en babesarekin. Behin urrats hori eginda, Eskandinaviako bi estatuek gaur aurkeztuko dute erakundera batzeko eskaera formala, Bruselan, aliantzak duen egoitzan. Hala jakinarazi zuten atzo Finlandiako presidente Sauli Niinistok eta Suediako lehen ministro Magdalena Anderssonek, Stockholmen.

Turkiak bereari eusten dio

Niinisto ez zen kezkatuta azaldu erakundera batzeko Turkiak ezarri dezakeen oztopoagatik. Bada, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek beste behin esan zuen Ankarak betoa jarriko diela bi herrialdeak aliantzan sartzeko eskaerei, baldin eta herrialde horiek politikari erbesteratuak hartzeko asmoari eusten badiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.