SERIEA. Frantziako ezkerra (Eta V). Olivier Besancenot.

«Borroken bateratzean sinesten dugu»

Postaria da ofizioz, eta NPA alderdiko bozeramailea ere bada. Ohitua dago karrikako mobilizazioetara, eta azken urteetan Frantziako ezker erradikalaren figura publikoetako bat bilakatua da.

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko azaroak 17
2002an eta 2007an presidentetza hauteskundeetarako LKIren hautagaia izan ondotik, agerpen publikoak murriztu zituen Olivier Besancenotek (Levallois-Perret, Frantzia, 1974). NPAren bozeramailea izateaz gain, saiakera bat baino gehiago idatzi ditu azken urteetan. Macronen erreformen kontrako borrokan, politikaren lehen lerrora itzuli da.

Zer iritzi duzu Frantziako ezkerraren egoeraz?

Gaur egungo egoera urgentziarena da; urgentzia politikoarena, denek ezagutzen dugun krisi politiko, sozial, ekologiko eta ekonomiko baten testuinguruan. Pentsa genezakeen udaberriko sekuentziaren ondotik, trenbideetako langileen grebarekin, unibertsitatera sartzeko Parcoursup sistemarekin mugimendu soziala garaitu duen Macron irabazle handi bat izanen genuela; oraindik ez da hala. Bere erreformak pasatu dira, bai, baina mugimendu soziala ez dago KO; ikusi genuen urriaren 9an, ikusten dugu tokian tokiko mugimendu sozial anitzekin, Nestlen, Forden... Baina baita beste hainbat sektoretan ere. Guk uste dugu alde batean kokatzen diren indarrak federatu behar ditugula; guk, internazionalismoaren eta antikapitalismoaren artean kokatzen dugun alde bat. Uste dugu, desadostasunak desadostasun, indar politiko eta sozial andana daudela espazio horretan, eta biltzeko gai izan beharko luketela.

Ezker antikapitalista batu nahi zenuten NPArekin. Ez ote du Melenchonek lortu, ildo nazionalistago eta jakobinoago batekin?

Dinamika politiko elektoral ukaezin bat izan du presidentetzarako hauteskundeen garaian. Orain, bateratu ordez baten gibelean biltzearen estrategia horrek ez dut uste funtzionatzen duenik. Nire ustez, ikuspegi kritiko batetik denek egin behar dugun bilana da, eta nik lehenik, inork ezin duela aipatu ditudan esperientzia politiko eta sozial guziak sintetizatzeko pretentsiorik izaten ahal. Ezin da izan maite nauenak segi nazala.

NPA Frantzia Intsumisora batzea aurreikus liteke?

Ez dugu galdera egin ere egiten. Maila pertsonalean, presidentetzarako kanpainan Philippe Poutouk ordezkatzen nau, Melenchonek ez, ordezkatzeko ahal politikoagatik, eta orientazioagatik. Eta urte honetatik mahai gainean diren gaien arabera, ongi ulertu badut, Frantzia Intsumisoaren estrategia gehiago da PSren aldera begiratzea momentu hauetan, beste ezer baino gehiago. Beraz, ez gaude ikusmen eremu horretan, itxura denez. Baina galdera da aterabidea indar politikoen arteko konglomeratu bat, bateratze bat, berrosatze bat izanen ote den, ordezkaritza politiko forma berri baten oinarri nagusi gisa; nik ez dut sinesten. Nire ustez, elkar gehien ikusten dugun lekutik abiatuko da, mobilizazio sozialetatik. Niri dagokidanez, behintzat, horri begira nago.

Marxistak eta libertarioak elkartzearen beharra aipatu duzu azken aldietan.

Hori aski pertsonala da. Badira NPAren barnean nire iritzi bera dutenak, baina ez da alderdiaren iritzi bat; badira horrekin ados ez daudenak ere. Uste dut, hala ere, borondate bat dagoela, hori baita NPA sortzearekin egin nahi izan genuena: desberdintasunak gainditzearena. Inork ezin badu, berak bakarrik, iraganeko esperientzia iraultzaile guzien edo gaurko esperientzia erradikal guzien irudia izan, horrek erran nahi du bakoitzak gure kultura politikoak aberastu behar ditugula, pentsatuz bakarra ere ez dela osoki bururaino eramana izan. Bakarrak ere ez du gauza guzientzat arrapostua.

Karrikan ere ez da ezkerraren batasunik. Zerk eragin lezake indar metaketa?

Ezkortasun txikiagoa dut arlo horretan. Hala eta guztiz ere, udaberriko sekuentzian ikusi dugu bateratze berri batzuk posible direla. Egia da, ez da nahikoa izan egoera iraultzeko, baina marea popularren harira egin duguna aski berria zen. Badira aliantza berriak. Bereziki, Nuit Debout-en garaitik; badira militanteak, militante sareak, elkar ezagutzen ikasi dutenak: harreman politikoan, harreman sindikalean, langile auzoetako militante eta militante politikoen arteko harremanean; mobilizazio ekologisten harira ere, gauza bera. Bada zerbait berria agertzen ari dena.

Kopuru aldetik, apala da oraindik.

Gaur egun dagoen indar harremanaren irudikoa da. Ezin gara fitegi ari izan, eta ezin dugu borrokan ari direnek ezarritako egiazko indar harremana ordeztu. Gainera, abiatu genuen bateratze politikoak ez du sekula eguneroko borroken aktoreak ordezteko borondaterik izan. Alderantziz, sustengatzea zen asmoa, konplexurik gabe. Hor gaude, ez zaudete bakarrik; konfiantza emateko modu bat da.

Eskuin muturra antolatzen ari da, anartean.

Erantzuna ekintza batasun ahalik eta zabalena da, eskuin muturraren arriskuaren aurrean irauteko. Hori oinarrizkoa da niretzat. Desadostasunen gainetik, etsai komun baten aurrean elkarrekin egin behar dugu erresistentzia. Eta ulertzea ere, sortzen den galdera dela alternatiba politikoarena. Noski, orain arteko dinamikak lehen aipatzen nituenak dira; eztabaida ez da baikorra edo ezkorra izatea, egoera den bezala begiratzea da, baina ulertzea halako egoera baten aurrean dagoen potentziala. Dena biziki ahula da. Mugimendu horiek krisi politiko baten egoera baliatzen dute, sistema atxiki duten alderdiak bata bestearen gibeletik lurrera erortzen ari baitira. Baina krisi politikoak denak biltzen ditu, eskuin muturra ere bai. Alderdi horretan ere kontraesan handiak dituzte. Ez da bere baitarik eroriko den joera bat, baina ez dut eskuin muturraren ezin saihestuzko igoeran sinesten.

Erran zenezake etorkinen kontrako ezker bat eratzen ari dela?

Ez. Niretzat, termino hori ez da existitzen. Etorkinen kontra bagaude, ezin gara ezkerrekoak izan. Ezkerraren ezkerra eztabaida horiek kolpekatu dezakete. Badira eztabaida batzuk izan behar direnak; subiranotasunari buruz, adibidez. Hitz horrek ez nau beldurtzen. Subiranotasun politiko eta demokratikorako espazioak sortzea emantzipaziorako borrokaren zentzuan doan zerbait da. Subiranotasun nazionala besterik da. Izan dira adierazpen batzuk, Frantzia Intsumisoarenak besteak beste, desadostasun handiak sortzen dizkigutenak. Nik dakidala, Frantzia Intsumisoaren barnean ere badute eztabaida. Behar den denbora hartuko du, baina eztabaida horiek funtsezkoak dira. Gu ez gara sekula borroken hierarkizazioan sartuko. Guretzat, kausa guziak osagarriak dira. Borroken bateratzean eta aliantzetan sinesten dugu, borrokak elkar daitezen, preseski; espazio komun bat aurki dezaten.

Autodeterminazio eskubidearen gaia mahai gainean da azken hilabete eta urteetan. Zein izan beharko litzateke ezkerraren jarrera?

Lehen erraten nuena da, subiranotasun politikoari buruz. Gu, argiki, autodeterminazio eskubidearen alde gaude. Ez dagokit niri leku batean edo bestean, diskriminazioen biktima direlako, herritarrek hautatuko duten antolaketa forma dekretatzea. Herritarrei dagokie. Baina guk, euskaldunak, korsikarrak edo kanakak ez izanik ere, leku horietan beharrezko baldintzak egon daitezen lan egin dezakegu. Ezkerraren ezkerrean izan dezakegun eztabaida bat da, justuki, ulertzea internazionalistak garen heinean horrek inplikatzen duela gure gobernuaren, gure estatuaren, eta munduan gertatzen denaren harira gure estatuak dituen erantzukizunen kontra borrokatzea. Egia da bere iragan kolonialari dagokionez, egia da Frantziaren politikaren aktualitate kolonial eta inperialistari dagokionez ere. Immigrazioaz aritu gara lehen: gerletatik eta kaos ekonomiko eta politikoetatik ihesi doazen gehienek mendebaldekoen —eta beraz Frantziaren— esku hartze politiko eta militarrek sortutako egoeretatik ihes egiten dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna