Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a'. Herrikirolaria

«Txapel honetan garrantzi itzela izan du 'crossfit'-ak»

Binakako pentatloia bitan irabazi ondoren, banaka ere jantzi du txapela Izeta VI.ak. Pozarren dago: «Iaz kolpea izan zen finalerako ez sailkatzea, baina arantza atera dut».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Atseden hartzeko eta txapela lagunekin ospatzeko aprobetxatu ditu azkeneko bi egunak Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a-k (Aia, Gipuzkoa, 1993). Hain zuzen ere, hori egin nahi du hurrengo asteetan ere: atseden hartu eta etxekoekin egon. «Nahikoa egin dute ni aguantatzen azken urtean».

Bi egun eskas pasatu dira pentatloian aritu zinenetik. Nola duzu gorputza?

Pixkanaka ari naiz buelta ematen. Bi egun izan ditut atseden hartzeko, eta igartzen da. Igandean, txapela ospatzeko eguna izan zen: parranda pixka bat egin genuen. Gaur [atzo], jai dudanez, atseden hartzeko aprobetxatuko dut.

Telebistan ikusi duzu proba?

Oraindik ez, baina ikusiko dut, ziur.

Lehian ari zinela, zer sentipen izan zenituen?

Oso gaizki hasi nintzen harriarekin, oso lotuta, nerbioak jota. Giza probako bigarren plazan hasi nintzen nerbioak gainetik kentzen. Aizkorarekin lanean hasi eta oso sentipen onak izatea; biak bat izan ziren.

Faborito zinen apustu guztietan. Horrek presioa eragin zizun?

Bai. Sailkapenean laugarren denbora egin izan banu, presio txikiagoarekin ekingo nion finalari, baina, lehena izan nintzenez, jendeak faboritotzat jo ninduen, eta horrek presioa eragin zidan. Hori gutxi balitz bezala, iaz gertatu zitzaidana zegoen: ez nintzen sailkatu banakako finalerako, eta kolpe handia hartu nuen. Binakakoa irabazita, pixka bat arindu nuen min hori, baina, banakakoan nagusituta, arantza atera dut barru-barrutik.

Arazoak arazo, beti joan zinen aurretik zure txandan. Horrek ere lagunduko zizun, ezta?

Bai, noski. Ederra da une oro aurretik joatea. Uste nuen, agian, aizkoran Josebak [Otaegi] eta Iñakik [Errazkin] estutuko nindutela, baina abantaila polita lortu nuen, eta, gero, eutsi egin nion.

Noiz esan zenion zeure buruari «hau bideratuta dago»?

Hori ezin da inoiz jakin, beti baitago arriskua giharretatik sufritzeko eta txakalaldi bat izateko. Baina, nire kalkuluen arabera, kana-erdiko erdi baten aldearekin korrika hasiz gero, aukera asko izango nituen txanda irabazteko. Txandakideak aizkolari handiak izan arren, alde handia zen. Zorionez, aurreikuspenak bete ziren, eta txanda irabazi nuen.

Julen Gabirondo nagusitu zen aurreneko txandan, 35.42ko marka eginda. Erreferentzia hori kontuan hartuta jardun zinen?

Bada, egia esan, osabak [Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a] ez zizkidan erreferentzia asko eman. Are gehiago, bukatu nuenean ez nekin zer denbora egin nuen. Nik nire lanean izan zuen arreta osoa, besteena kontuan hartu gabe.

Zer pentsatu zenuen 33.29ko marka egin zenuela ikusi zenuenean?

Oso harrituta geratu nintzen. Oso denbora polita da.

Ez zenuen espero?

Ez. 34 minuturen bueltan ibiltzeko esperantza nuen, baina ez nuen inondik inora espero 34 minututatik jaistea, are gehiago muga horri minutu erdi jatea. Egur ederrak ziren, gozatzeko modukoak, eta horrek lagundu zuen.

Indarrak ondo neurtuz aritu zinen? Ikusgarriak izan ziren plazari eman zenizkion azkeneko bi itzuliak.

Oso eroso egin nuen korrikako saioa: Josebaren atzean eustera mugatu nintzen. Banekien hari eutsiz gero nirea izango zela txapela. Indarra banuen erritmoa bizitu eta Josebari aurrea hartzeko, baina ez zuen merezi Josebari hori egitea. Horregatik, azken bi itzuliak bakarrik egin nituen lasterketa bizian.

Halako proba gogor batean, gozamenerako tokirik badago?

Bai. Ni, adibidez, oso gustura aritu nintzen aizkoran. Oso egur aproposak ziren, ederrak.

Bitan irabazia zenuen txapela binaka. Oso ezberdina da banaka aritzea?

Bai. Batetik, binaka, txandaka aritzen zara. Bestetik, entrenamenduak ere oso ezberdinak dira. Nire ustez, gehiago estutzen da binakakoan banakakoan baino: bete-betean aritzen zara zure txanda denean. Banaka, ordea, ezin duzu bete-betean aritu; bestela, nekatu egiten zara. Banaka, pultsazioak baxuagoak dira.

Txapelaren atzean lan handia dago?

Izugarrizko lana egin dut, eta horretan garrantzi itzela izan du gimnasioko lanak, crossfit-ak.

«Ez naiz harri-jasotzailea, ezta aizkolaria ere. Kirolari osoa naiz ni». Zuk esana da.

Eta hala da. Adibidez, finaleko lan bakar batean ere ez nintzen izan onena. Erregularra izan beharra dago, eta indarrak ondo neurtu, gorabeherarik ez izateko. Lasaixeago joanda ere irabaz daiteke.

Gimnasioko lanaren garrantzia ere azpimarratu duzu.

Niretzat oso garrantzitsua da, are gehiago pentatloia prestatzeko. Eskola zaharreko herri kirolarien aldean, saiatzen naiz harria eta aizkora ahal den gutxien hartzen, eta giharrak lantzeko ariketa asko egiten.

Giro polita egon zen. Pentatloia indarra hartzen ari da?

Bai. Oso kirol polita da, konpletoa. Gazteak aspertu egiten dira ordubeteko aizkora saioak ikusita, eta halako diziplinak erakargarriagoak egiten zaizkie. Xarma berezia du pentatloiak.

Zer asmo duzu orain?

Orain, atseden hartu nahi dut, eta gertukoekin egon. Gero, Hirugarren Mailako Aizkora Txapelketa prestatuko dut.

Apusturen bat egiteko gogoz zaude?

Apustuak lan handiak dira, eta orain atseden hartu nahi dut. Apustua bota nahi didanari kasu egingo diot, baina, gaur-gaurkoz, ez dut burua horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.