Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril 3. Athletic 0

Zerua beste nonbait dago

Athletic ezinean aritu da Atletico Madrilen presio eta kontraeraso jokoaren aurka, eta merezita galdu du Europako Ligako finalaFalcaok bi gol sartu ditu lehen ordu erdian, eta goitik behera baldintzatu du partida

Fernando Amorebieta eta Oscar de Marcos, negarrez. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Falcaok (7. min.); 2-0: Falcaok (34. min.); 3-0: Diegok (85. min.). Epailea: Wolfgang Stark (Alemania). Txartel horiak: Atletico Madrileko Falcaori; eta Athleticeko Herrera, Amorebieta, IƱigo Perez eta Susaetari. Bestelakoak: 52.347 ikusle Bukaresteko Estadio Nazionala. 19. minutuan lagun bat atera zen zelaira, Craiovarentzat justizia zioen elastikoa soinean zuela.

Kostata haziko da berriz belarra Errumaniako Estadio Nazionalean atzo gauean xurgatu zituen 13.000 zale zuri-gorriren malko gazien ostean. Ilusioa kolpetik amildu zen, egunik handiena behar zuena kalbarioa bilakatu zen hasiera-hasieratik. Zerua Bukaresten zegoela sinetsita, erromesaldia prestatzen pasa ditu azken asteak Athleticeko zaleak; Europarekin, eta bide batez, historiarekin kontuak kitatzeko unea iritsia zelakoan. Baina ez, Radamel Falcaok zapuztu zuen festa, urte luzez kostata eutsitako euforia atsekabe garratz bilakatu zuen; eta sentimendua, sufrimendu. Bilboko taldearen historiaren liburuak beste orrialde ilun bat du.

Madrilen izan beharko du, bi aste barru, Espainiako Kopako finalean. Arantza ateratzeko aukera izango da, baina ez da erraza izango Athleticeko jokalari eta zaleentzat kontsolamendua aurkitzea. Nola irentsi halako txapelketa bikaina egin ondoren burumakur bukatzea? Nola azaldu Europa erdia liluratu, eta kontinentea ia konkistatu duen taldea saririk gabe gelditzea? Marcelo Bielsak zizelkaturiko eraso joko ausartak gaurik desegokienean egin zuen kale, eta bere predikuan ia modu fanatikoan sinetsi duten jokalariek egunik okerrena aukeratu zuten euren buruari traizio egiteko. Adorea Atletico Madrilen presioan eta ostikadetan urtu zen, eta Athleticek bigarren zatira arte ez zuen burua altxatzen asmatu, oso goiz aldapa gora jarri zitzaion final batean.

Zurbil zelairatu zen Athletic, eta Atletico Madrilen presioak are gogorrago bihurtu zuen bilbotarren urduritasun eta izu koktela. Simeonek Athleticen lepora bidali zituen jokalariak, estu har zezatela. Zakur amorratuen antzera, eta joko biziaren argia itzali zuen. Herrerak ezin zuen pentsatu, Susaeta eta Muniain gehiegi jaitsi behar ziren, eta Amorebieta bilakatu zen lemazain. Hori gutxi ez, eta Atletico Madrilek oso goiz jaso zuen saria, Radamel Falcaoren eskutik. Aurrelariak baloia zelai erdian berreskuratu eta kontrolatuz arean sartu zen. Amorebietak zaintzen zuen, buruz buru, kideen laguntzaren zain. Bigun baina, eta kolonbiarrak metro karratu bat aski izan zuen erdiko atzelaria nahastu eta ezkerkada bikain batekin lehen gola sartzeko (6. min). Gurpil handia hartu zuen, eta ezerezean utzi zuen Iraizozen jauzia. Eskuina izan arren, bi golak ezkerrez sartu zituen. Zerbaitegatik izan da Europako Ligako goleatzaile nagusia.

Atletico Madrilek nahi zuen tokia zuen partida. Kontraerasoa maite duen taldea da, eta abantaila lortuta eroso giltzapetu zitekeen. Athleticek geldikako baloietan egin zuen min, eta falta batean epaileak ez zuen ikusi nahi izan Godinek Llorenteri eginiko penaltia. Simeonek jokalariei atzera egiteko agindu zien eta Athleticek okupatu zuen espazio hori. Presiorik gabe, arnas hartu zuen, eta aukerak sortu zituen, baina ez oso garbiak.

Atleticok ordu erdira jo zuen bigarren atzaparkada (33. min), berriz ere Falcaok. Amorebietak baloi inozoa galdu zuen area ertzean, eta Turanek ondo baliatu zuen aurrera egin eta erdiratzeko. Area barruan Falcaok kontrolatu zuen, harrapari petoa da, eta orpoz atzetik goxo ukituz Aurtenetxe lurrean utzi zuen. Amorebieta berandu iritsi zen eta ezin izan zuen gola eragotzi. Athleticek jota eta burumakur bukatu zuen lehen zatia.

Kontrol antzua

Bigarren zatiaren hasieran Bielsak Athletici txertaturiko genetikaren lehen izpiak ikusten hasi ziren. Amorruak eta aldaketek lozorrotik esnatu zuten. Jokalariak sinesten hasi ziren, gogo hori joko eta aukeretan irudikatzea kosta zitzaien arren. Atletico Madrilek, bitartean, berdin jarraitu zuen, atzean sartuta eta kontraerasoan sinesten. Buruhauste nagusia Llorente estaltzea zen, eta Godinek eta Mirandak oso ondo zaindu zuten erraldoia.

Bigarren zatiko minutuek hegan egin zuten. Baloia Athleticek zuen baina ezin izan zuen jokaldirik josi. Bat-biko biziak egin zituen, baina ezer gutxi gehiago, eta ia denak urrundik jotako erdiraketetan bukatu ziten, Llorenteren bila. Atletico Madrilen atzelariek nola edo hala urrundu zituzten eta aldaratze horiek elikatu zuten partidari buelta emateko itxaropena.

Ibai Gomezek baliatu zuen lehen aldaratzea bolea batekin (70. min), eta hurrengo biak Susaetak (70. min eta 74. min.). Aurrenekoarekin ez zuen atearekin asmatu, eta bigarrenean, area barrutik, Courtoisek Athleticek partida osoan izan zuen gol aukerarik onena gelditu zuen. Bilbotarrek ez zuten zorte handirik izan ate aurrean. Madrildarrek konforme ziruditen, baina ez zen hala, eta minutu bat geroago, berriz ere Falcaok, baloi luze bat dotore kontrolatu eta berriz ere iskin egin ondoren zutoinera bidali zuen.

Athleticek itsu-itsuan egin zuen goraka. Bide bakarra zen, sakrifizio logikoa, eta aurkariak berriz ere ordainarazi zion. Diego izan zen borreroa, kontraerasoan, nola ez. Behin area zapalduta erdilariak burua hotz izan zuen eta zale sutsuena ere jota utzi zuen (84. min). Galdu arren, Athleticeko jokalariei ez zitzaien txalorik falta izan, zaleek eginiko bidea saritu zutelako. Zerua ez zegoen Bukaresten, agian Madrilen egongo da. Ilusioa bizirik mantendu behar da, eta badaezpada gabarra ez gorde. Maiatzaren 25ean xanpaina freskoago egongo da, Athletic honek trofeoa bat altxatzea merezi duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.