SERIEA. Frantziako ezkerra (III). Marie Toussaint.

«Saltzeko argudio da ekologia»

EELVko zuzendaritzako kidea da, Gazteria eta Europa gaien arduradun. Ahots ekologista bat beharrezkotzat jotzen du, Europa federal baten proposamena bizi dadin.

BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
2009ko Europako hauteskundeetan berdeek bultzatutako zerrenda zabal batekin bozen %16tik gora lortuta, alderdi gisa egituratu zen EELV, baina azken urteetan ez du jakin indar hura atxikitzen, eta PS sostengatzera mugatu da. Alderdi sozialistak utzitako espazio politikoan leku bat okupatzeko gogoz direla erakutsi du Marie Toussaintek (Lille, 1987), EELVko zuzendaritzako kideak.

Zer analisi egiten duzu Frantziako ezkerraren egoeraz?

Europan eta —oro har— nazioartean ere, sozialdemokraziaren zinezko ahultze bat gertatu da, eta horrek ezker guziaren apaltzea ekarri du. Hiru indar handi sortzen ari dira: statu quo neoliberala, eskuin muturreko nazionalismoak eta ezkerreko nazionalismoak. Guk uste dugu beste polo bat bultzatu behar dela: demokratikoa, elkartasunak biziaraziko dituena... Baina hori ekologiatik baizik ez da egiten ahalko. Europa guzian alderdi ekologistak indartzen ari dira. Sozialdemokraziak utzitako bide hori har lezake ahots ekologistak.

Ahots ekologista anitz eta oso ezberdinak daude.

Gaur egun, mundu guziak du bere burua ekologistatzat; saltzeko argudio bilakatu da, baita baliabide naturalak bereganatu eta ozeanoak suntsitzen dituzten Total, Nestle eta halako enpresentzat ere. Emmanuel Macron green washing egiten ari da, eta horrek ekarri zuen Nicolas Huloten joatea. Baina ezkerreko alderdietan ere, batzuk zintzoki ari badira ere, hautetsi andanak AHTaren alde egiten du, zuhaitzak moztearen alde, ez dira oraindik produktibismoaren logikatik atera. Frantzia Intsumisoak ozeanoak erabiltzea aipatzen duenean, bereganatzearen logikan dira oraindik, biziki ikuspegi jakobino eta hein batean kolonialarekin.

Koherentzia aldetik, oraindik zentzua badu alderdi ekologista bat egoteak, eta espero dut gazte belaunaldi berriek kontzientzia ekologikoa garatu eta bat eginen dutela. Arazoa ez da etiketa, baizik eta Europan eta nazioartean gure partaide izanen direnak ere, denak ekologistak izatea.

Zerk desberdintzen ditu EELV eta Generation?

Oraintxe eman ditut arrazoiak. Gustura hartuko genituen gurekin batera, baina beste mugimendu bat sortzea erabaki dute. Egin nahi dutena ekologia bada, ongi etorriak ziren, eta etiketa elkarrekin alda genezakeen. Besterik erabaki dute, eta dolu dut.

Non kokatzen da EELV?

Orain dela bizpahiru urte arte, klima berotzea biziki urrun zen, teorikoa zen, eta ez ginen hunkiak sentitzen. Orain, ohartzen ari gara gaur gertatzen ari dela, gure etxean: gai nagusi bat bilakatzen ari da gure bizitzetan. Eta ohartzen ari gara orain ekin behar diogula. Horregatik erraten dut espazio politiko bat badugula.

Guri inporta zaiguna da ekologian, elkartasunean, eta demokrazian oinarritutako Europa federal baten proposamen politikoa bizi dadin. Eskuin muturreko indar kontserbadoreen, eta indar liberal eta produktibisten parean, indar berri bat sortu behar dugu.

Ez ote da hobe ezkerra batzea?

Demokrazian gara: ez zait arazo bat iruditzen programa politiko desberdinak izanik hautesleei programa politiko desberdinak aurkeztea. Alderdiak gero eta ekologistagoak dira, baina ez dira oraindik osoki. Desberdintasun garrantzitsuak daude, izan boterearekiko harremanean, lurraldearekiko harremanean, proposamenen erradikaltasunean... Ezkerraren batasunerako agindu horrek, ezkerra osotasun homogeneo baten gisa aurkeztuta, egiaz ez du funtzionatzen. Gure erronka da gure proposamen politikoak ahalik eta indar gehien izatea.

Zer Europa irudikatzen duzu?

Aterabidea ez da ez statu quo-a, ez eta estatuetara itzultzea ere. Lilurazkoa da erratea estatuetara itzulita elkartasunean oinarritutako gehiengo ekologistak izanen genituzkeela! Aterabidea da lurraldeei rol gehiago ematea; europar bat, boz bat logika segituko lukeen europar federazioa indartzea. Herritarren erabakiak hobeki irudikatzeko baliabideak behar ditugu Europako Batasunean. Dena ez da Europako hitzarmenetan ezarria. Austeritate politika ez dago hitzarmenetan, erabaki politiko bat da; Greziari egin diotena ez dago hitzarmenetan, erabaki politiko bat da. Egin behar dugun lehen gauza da elkartasunean oinarritutako gehiengo ekologistak lortzea Europan. Eta gauza bera gobernantza maila guzietan. Politikak aldatzeko boterea hartu behar da.

Nola?

Hitzarmenak berrikusi behar dira, eta, bereziki, ekologia hitzarmen bat behar du Europak, ingurumenaren babeserako lan egin behar duela idatzita. Gaur egun, hitzarmenen barnean ere baliabideak badira, besteak beste, herri kontsulta lotesleak gai tematikoei buruz: glifosatoa debekatzea, Europa mailako langabezia saria... Baditugu proposamenak herritarei erabakiak harrarazteko, gaur egungo hitzarmenen barnean.

Eskuin muturraren gorakada handia izan da azken urteetan.

Statu quo-aren porrotak, herritarrak beste zerbaitetan aterpetzera daramatza. Gaur egun, estatuen mugak ezagunak egiten zaizkigu, eta horrek babes sentsazio bat eman dezake, lasaigarria da. Eskuin muturra horretatik elikatzen da.

Horrez gainera, azken urte hauetan ez dugu lortu herritar guzien bizi baldintzak hobetzerik. Produkzioaren eta finantzaren mundializazioak aitzina segitzen du ondorioak kontuan hartu gabe; zinezko erronka bat bada jendeak beraien bizitzen jabe egin daitezen. Eta bada sentimendu bat ere erregimen demokratikoek ez dietela gehiago balio bizitzak aldatzeko.

Ez nau harritzen probidentziazko gizonen bila aritzeak, erregimen autoritarioago, diktatorialagoen bila aritzeak, pentsatuz zinez gauzen martxa aldatuko dutela. Aski lilurazkoa da, egias politika ekonomiko berak eramaten dituztelako batzuek zein besteek, eta demokraziak oraindik ere aldaketa sakonerako espazio bat eskain dezakeelako. Politikak, gizarte proiektu bat proposatzeak, oraindik badu zentzua.

Etorkinen kontrako ezker bat sortzen ari ote da?

Ez dakit. Baina bada arduragabea den ezker bat, gizaki bati gertatzen ahal zaion gauzarik onena dagoen tokian gelditzea dela baitio bere analisi politikoan. Badakigu klimaren ondorioz 2,5 milioi errefuxiatu izanen direla 2050ean. Migrazio horiek ukatzea, gure estatuak behar bezala presta daitezen ukatzea ere bada. Hori zinez arduragabea iruditzen zait. Are gehiago, alde xenofobo batekin jokatzen badu. Nire iritziz, suarekin jostatzen ari dira.

Zer erantzun eman behar zaio herri bakoitzak bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskaerari?

Ekologistak, beren burua komunitate gisa onartzen duten herritarren erabakitzeko eskubidearen alde gaude. Alde horretatikeginak izan daitezkeen eskaera demokratiko guziak babesten ditugu. Modu batera edo bestera, aldarrikapen horiei erantzuteko modua aurkitu behar dugu, aldaketa instituzional batean izan ala ez. Ez da Kaledonia Berrian Frantziaren parte izatea erabakitzen dutelako, kanakiarren aldarrikapenei lekurik egin behar ez zaienik, besteak beste, lurren eta itsasoen ustiaketari ala eskubide kulturalei begira dituzten eskaerei dagokienez. Frantzian, aitzinamenduak izan dira azken urteetan, baina urrunago joan behar da. Norbanako bakoitzaren eskubide kulturalak onartu behar dira.

Bihar: Clementine Autain Frantzia Intsumisoko kideari elkarrizketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.