Mutter's virtuosi
Zuzendaria: Anne Sophie Mutter. Biolontxeloa: Anne Sophie Mutter. Egitaraua: A. Vivaldiren Hiru biolinentzako kontzertua RV 551, J. S. Bachen Biolinerako 1. kontzertua BWV 1041 eta Brandenburgo 3. kontzertua BWV 1048, A. Previnen Nonet eta J. Bologneren Biolinerako kontzertua op. 5, 2. zb.Eguna: Abuztuaren 3a.Munduko eta historiako biolin jotzaile onenetarikoa izateaz gain, Anne Sophie Mutterrek gidaritza lanak egiten ditu bere izena daraman fundazioaren bitartez, hain zuzen, hari instrumentu jotzaile gazteak pertsonalki hautatu eta euren ibilbidea hainbat modutan sustatuz. Esku-programa landuan aditzera ematen zen bezala, horietako askok fundazioak utzitako instrumentuak jotzen dituzte. Euren formakuntza prozesuaren parte zein ibilbide profesionalerako pizgarria ere izateko sortu zuen Mutter's Virtuosi taldea 2011n.
Programa funtsean barrokoa ekarri dute oraingoan Kursaalera, ikasketarako zein gozamenerako guztiz aproposa. Esan daiteke musikariek trebakuntza amaigabea burutzen dutela bizitza osoan zehar, beti baitago zer hobetu edo zer aldatu. Eta, hala ere, A. Vivaldiren Hiru biolinentzako kontzertua-ren lehen akordeetatik antzeman ahal izan zen zer nolako musikari paregabeak dituen Mutterrek inguruan. Agata Szymczewska eta Samuel Nebyu izan zituen lagun, hirurak arin eta lerro melodikoetan bata besteari zehaztasun osoz segika. J. S. Bachen Biolinerako 1. kontzertua Mutterren gaitasunen luzimendurako izan zen, biolin bakarlariaren gaiak orkestraren gaien ondoan kokatuz lehen mugimenduan, ostinatoaren gainetik bariazoak fin marraztuz bigarrenean. Lehen zatia itxi zuen Andre Previnen Nonet, 2014an espresuki talde honentzat idatzia, distira handikoa izan zen, bi laukoteak hartu-emanean eta kontrabaxua aingura lanak eginez.
Bigarren zatia barrokoak hartu zuen, berriro ere, J. S. Bachen Brandenburgo 3. kontzertua-rekin, lehenik. Aurreko kontzertuetan ez bezala, Bachek haizeak alde batera utzi zituen honetan, hariei berebiziko garrantzia emanez. Aukera aparta, hortaz, Mutterren birtuosoak nabarmendu zitezen. Baita J. Bologneren kontzertuan, Timothy Chooi concertino lanetan argi eta Mutter orbangabe. Sarrerak aise amaitzen dituen biolinista izaki, hiru bis oparitu zizkion publikoari, John Williamsek taldearentzat egindako moldaketak barne. Gal ezin daitezkeen emanaldietako bat.