Erleek badakite haren izena

Gaur abiatuko da Donostiako Giza Eskubideen XX. Zinemaldia, Estibaliz Urresola Solagurenen '20.000 especies de abejas' filmarekin. Gaur bertan estreinatuko dute lana zinema aretoetan

Estibaliz Urresola Solaguren zinemagilea eta Lara Izagirre Garizurieta ekoizlea, atzo, filmaren kartelaren aldamenean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Ai gaua, zer dezu,/ zer dezu isiltasunean?». Gaua kantua Lurdes Iriondoren ahotsean entzun daiteke Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas filmean. Isilik, bizi duena adierazi ezinik ageri da filmeko haur protagonista (Sofia Otero), eta zer bizitzen ari den antzeman ezinik, berriz, ama (Patricia Arnaiz). Maitasunez begiratzen diote elkarri, baina mina eta zalantzak ere ageri dira haien begiradetan. Nork bere barne bidaia egin beharko du, berriro elkar topatzeko eta ulertzeko. Harreman hori nahiz familiako beste kideen artekoa dago filmaren oinarrian, zuzendariaren hitzetan, eta haurren transexualitatea du gai nagusi. Urresolaren filmarekin hasiko da gaur Donostiako Giza Eskubideen XX. Zinemaldia; gaur bertan iritsiko da lana aretoetara.

Inguruko guztiek Aitor esaten diote haurrari, baina berak ez du izen hori maite, ezta Coco deitzea ere, Lucia baizik. Pixkanaka joango da bere izana izendatzen besteen aurrean —baita Lourdes izebaren (Ane Gabarain) erleen aurrean ere—, eta sentitzen duena kanporatzen. «Bihotz-bihotzez desio dugu filma tresna bat izatea gaiari buruzko elkarrizketa barea sustatzeko. Gaur egun polarizazio handia dago, eta saiatu gara gaira beste era batean hurbiltzen lagun dezakeen film bat egiten», azaldu zuen Urresolak atzo, Lara Izagirre ekoizlea eta Josemi Beltran jaialdiko zuzendaria alboan zituela, prentsarako proiekzio baten ostean egindako agerraldian.

Filmaren lehen haziaz ere mintzatu zen zinemagilea. «2018an, gauza oso tristea gertatu zen, guztiok asko hunkitu gintuena: Ekai Lersundik bere buruaz beste egin zuen». Haur trans bat zen, eta zuzendariari zirrara sorrarazi zioten hark idatzita utzitako gutunak eta haren aitak gerora eman zuenak. «Familian eta eskolan onarpena zuen, eta, halere, oraindik zailtasun handiak topatzen zituen bera zena libreki bizitzeko». Ordutik errealitatea asko aldatu dela uste du Urresolak. «Ez du zerikusirik; nire aurreikuspenik onenetan ere ez nukeen usteko, bost urte geroago, film honen estreinaldiak bat egingo zuenik trans lege bat onartzearekin, orduan ez baitzen trans haurrei buruz hitzik ere egiten; ez zeuden ez hedabideetan, ez gizartearen pentsamenduan».

Artean ez zuen gaiari buruz film bat egitea buruan, baina «beharra» sentitu zuen auzia hurbilagotik ezagutzeko, eta Naizen adingabe transexualen familien elkartera jo zuen. «Familiek beren bizipenak kontatu zizkidaten, oso eskuzabalak izan ziren. Eta dokumentazio fase horretan, momentu bat iritsi zen, non niretzat jada ezinezkoa zen kontakizun haiek bazter uztea». Orduan ondu zuen gidoiaren lehen bertsioa.

Familiek azaldu zioten ideia batek arreta berezia eman zion zuzendariari. «Askok esan zidaten trantsitua egin zutenak ez zirela hainbeste haurrak, baizik eta familiak, haien begirada aldatzeko. Eta indar handiz sentitu nuen harreman baten transformazioaren kontakizuna egin behar nuela». Horregatik, haurraren ikuspegia ez ezik, amarena ere lantzea erabaki zuen; «pertsonaia beraren bi aurpegiak balira bezala, zeina harremana bera den».

Izagirrek gogoan du garai hartan bere ekoiztetxeak antolatutako egonaldi batean parte hartzen ari zela Urresola, beste gai bat lantzeko asmoz, baina ideiaz aldatu zuela. «Hasieratik iruditu zitzaigun kontatzeko garrantzitsua zen zerbait zela, bera asko hunkitzen zuena». Tarte bat igarota, proiektuari ekitea erabaki zuten. «Hasiera-hasieratik hor egoteko zortea izan dugu; ikasketa prozesu osoa Estirekin batera egin dugu».

Inaugurazio ekitaldia

Berlinalen Urrezko Hartza lortzeko lehian izan zen filma otsailean, eta ez zen esku hutsik itzuli: 8 urterekin, Oterok aktorerik onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen, eta beste bi sari ere eraman zituen lanak. Beste zenbait jaialditatik igaro eta sari gehiago bildu ostean iritsi da Donostiara eta aretoetara.

Gaur arratsean, Viktoria Eugenia antzokiko inaugurazio ekitaldian emango dute filma. Ekitaldi berean jasoko du jaialdiaren ohorezko saria Carmen Castillo dokumentalgile txiletarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.