Esan ohi da neba-arreba zaharrena «arduratsuena» dela, eta gazteena, «mimatuena». Hortaz, zein da erdikoaren lekua? Horri erantzuten saiatu dira Amaia Biurrun irakasle eta pedagogo sistemikoa, eta Maite Rodriguez, Elena Martinez eta Lucia Gurutzarri. Azken hirurak familiako erdiko alabak dira. Erdiko Neba-arreben Nazioarteko Eguna da bihar.
Familiako kideen arteko harremanak landu, eta horiek izaeran zer eragin duten aztertzen du Biurrunek Kaizen familia proiektuaren bidez. Biurrunen arabera, ordenak ez du zertan eragin haur bakoitzari behar duen denbora eskainiz gero: «Haur bat ikusezin egiten duena zera da: sentitzea berarentzat ez dagoela maitasunik, begiradarik edo arretarik». Horretarako, uste du beharrezkoa dela fisikoki zein emozionalki presente egotea: «Ez egotea egoteagatik; bestela, erraza da erdikoarengan eragina izatea».
Garrantzitsua da helduek ere ikustea haurrak sentitu egiten duela ematen zaion arreta: «Zaharrena autonomoagoa izaten denez, irizpide gutxirekin moldatzen da, eta, txikiarengan arreta handiagoa jartzen denez, erdikoak sentitzen du beretzat ez dagoela maitasunik». Horregatik, garrantzitsua da haur bakoitzari tarte bat eskaintzea.
Horrekin batera, azaldu du lagungarria dela haur bakoitzari azaltzea bere lekua zein den: «Helduek bidea egiten lagundu behar dute, eta erdikoa izateari balioa eman». Gaineratu du erdikoak direla nabarmendu behar dela, baina kutsu «negatiborik» eman gabe: «Ez da ona edo txarra; nagusia edo txikiena izatea bezala, gauza onak eta txarrak ditu».
Arretarik ematen ez dietela sentitzen dutenean, jokatzeko zenbait modu egon ohi dira, haren hitzetan: isil-isilik geratu eta kasu egin, edo atentzioa eman. «Txintxo portatzen badira, helduek pentsa dezakete ez diotela arreta handirik eman behar, bere kabuz moldatzen delako». Atentzioa emateko, aldiz, jarrera disruptiboak izaten dituzte: «Oihu egin edo zerbait botatzen dut, maitasun gehiago nahi dudala adierazteko. Nahiago dut haiek haserre begiratzea, begiratzen ez didatela sentitzea baino». Biurrunen arabera, «askori» gertatzen zaie hori.
Gaineratu du haur bakoitzaren ardurek adinaren araberakoak izan behar dutela: «Jakin behar dut ongi zer eskatzen diodan bakoitzari». Zaharrenek ardura «gehiago» izaten dituzte, eta horrek «gainkarga» eragin dezake; batez ere, neba-arreba gazteen zaintzaile bihurtzen direnean: «Gauza bat da gauza puntualetarako laguntza eskatzea, eta beste gauza bat da nik egin ezin dudan hori dena haurrak egitea». Horrez gain, zaintzaileen irudia oraindik «oso feminizatua» dagoela esan du.
Arduretan desoreka dagoenean edo haurrak maitasunik sentitzen ez duenean, haurren arteko borrokak, jeloskortasuna eta neba-arreben rol aldaketak sor daitezke, Biurrunen ustez. Gaineratu du haurrak jeloskorrak direla esatea «eraikuntza sozial bat» dela: «Jeloskortasunak adierazten du haurrak ez duela behar duena jasotzen edo ez duela sentitzen, eta, horregatik, anai-arrebekin lehiatzen saiatzen da. Jeloskor daudela esaten dugu oso gogorra egiten zaigulako aitortzea ez diogula behar besteko arreta ematen edo ez duela sentitzen».
Erdikoa izatea aitzakia
«Ez didate kasurik egiten erdikoa naizelako», esan du txantxa artean Maite Rodriguezek (Burlata, Nafarroa, 2000). Estrategia hori erabiltzen du familian kasurik egiten ez diotenean: «Amatxik ere esaten zuen ez ziotela kasurik egiten erdikoa zelako, baina biktima plantak egiten zituen». Bere eskolako apaiz batek, aldiz, nahiago zuen erdikoa izan: «Bederatzi neba-arreba ziren, eta bera zen erdikoa; esaten zuen hobe zela erdikoa izatea, nagusien eta txikien planetan parte hartzen zuelako». Rodriguezek bi urteren aldea dauka ahizpa nagusiarekin, eta lau urteren aldea ahizpa gaztearekin.
Hala ere, uste du, finean, denei ematen zietela arreta iguala: «Saiatu dira denok antzeko hezten, eta denoi eskaini digute arreta; ezin dut esan gurasoek ez didatela kasurik egin». Baina urteekin konturatu da txikitan atentzioa ematen saiatzen zela: «Bazkarietan beti amaitzen genuen haserre eztabaidatzeko gai bat ateratzen nuelako, eta, gurasoen eta ahizpen iritzi iguala izan arren, beti saiatzen nintzen kontrara joaten, uste nuelako kasu gutxiago egiten zidatela». Eskolan ere «gaizki» portatzen zela kontatu du: «Zentzurik ez zeukaten gauza asko egiten genituen».
Arretaz harago, denei arau berak jarri dizkietela dio, baina urteekin «malgutuz» joan direla: «Zaharrarekin izan ziren batez ere zorrotzak; gero, ni zaintzeko bera zegoenez, gehiago uzten zidaten ateratzen; eta hirugarrenarekin, bada, beste patxada bat izan zuten». Uste du gurasoak «oso zorrotzak» izan direla iraganean bizi izandako esperientziengatik: «Beldur handia pasatu dute Iruñean, eta ez dute nahi guk sufritzea. Hala ere, amari esaten diot guk ere kale egiteko aukera izan behar dugula».
Zaharrenak, muga gehiago izateaz gain, ardura gehiago zituelaere kontatu du Rodriguezek: «Bera arduratzen zen gu zaintzeaz; afaria prestatzen zigun, eta beste gauza asko». Urteekin, aldiz, rolak aldatu direla uste du, etxetik kanpo bizi izan den bakarra izan delako. Sei urte eman ditu kanpoan ikasten: «Orain, nik zaintzen ditut haiek. Adibidez, asteburuan bakarrik badaude, esaten diet ongi begiratzeko janaririk duten».
Generoaren zama
Elena Martinezek (Iruñea, 1964) ez du alde handirik sumatu erdikoa izateagatik: «Ni, erdikoa izateak baino gehiago, generoak markatu nau, ardura eta muga gehiago bainituen». Bi neba ditu, eta bi urteren aldea daukate. Beste izen bat jartzeko eskatu du, familiaz mintzatzea «zaila» eta «intimoa» baita.
Gurasoek espektatiba «argiak» zituztela esan du; aitak «atentziorik ez ematea» nahi zuen, eta amak, «edukazio onekoa» izatea: «Etxeko lanez eta zaintzaz arduratzea nahi zuen». Horrez gain, nebekin kalera ateratzeko neurri gehiago ere jartzen zizkioten. Hasieran, nebekin lo egiten zuen, baina, txikia zelarik, etxeko beste puntan zegoen gela batera bidali zuten, bakarrik lo egiteko: «Oso gaizki pasatu nuen, beldur handia bainuen; beste gelan, babestua sentitzen nintzen».
Gaineratu du gurasoek ez zutela «asko» adierazten maitasuna: «Biak goiz geratu ziren umezurtz, eta ez zuten maitasun handirik jaso. Orduan, ez zekiten maitasunik ematen, eta ez ziguten musurik edo besarkadarik ematen». Hala ere, uste du «ahal zutena» egin zutela: «Etxean ez zegoen diru asko, eta beti saiatu dira guri oinarrizko gauzak ematen eta, ahal zuten neurrian, etorkizun oparoago bat ematen».
Erdikoa izanik, bi nebekin jolasten saiatzen zen: «Anaia zaharra miresten nuen, eta harekin jolastu nahi nuen, baina paso egiten zuen, bere mundua esploratzen ari zelako». Txikia, aldiz, panpina moduan erabiltzen zuen: «Leku guztietara eramaten nuen, gauza berriak esploratzeko. Zaintzen nuen, eta barre eragiten nion».
Izaera aldetik «oso diferenteak» direla uste du; gaineratu du hiruretatik bera aldentzen dela «gehien». Anaia zaharra «oso irekia» da, eta gaztea, aldiz, «lotsatia». Martinez bera, berriz, «errebeldeena» izan da: «Nebek gehiago jarraitu zioten ezarrita zegoen bideari; ni, berriz, oso gazte joan nintzen etxetik». Gaineratu du auzoko mugimenduetan interes «handia» zuela: «Jai batzordean, auzoko mugimenduetan eta gai politikoetan mugitzen nintzen». Horrek arazo «handiak» eragiten zizkion familian: «Manifestazioetara joategatik atxilotzen nindutenez, etxean eztabaidak genituen, eta anaia gazteak oso gaizki pasatzen zuen». Denborarekin, gertatutako guztia ulertzea lortu du.
Isilaren rola
Erdikoa izatea kalterako baino gehiago «onerako» dela uste du Lucia Gurutzarrik (Madril, 2005). Halere, ez dio garrantzi handirik ematen horri: «Nire neba-arrebek baino askatasun handiagoa izan dut; nire kasa ibili naiz. Horregatik, uste dut abantaila bat dela». Ahizpa zaharrarekin bi urte eta erdiren aldea dauka, eta neba gaztearekin, bost urterena: «Zaharrenak ateak ireki dizkit, eta gazteenak arreta handiena jasotzen du oraindik ere, txikiena delako».
Ahizpa «hiztuna», neba «moñoñoa» eta Gurutzarri «isila edo lotsatia» dela esaten dute familian. Horiek dira bakoitzari eman dizkioten rolak: «Ahizpak asko hitz egiten duenez, erraz berenganatzen du arreta, eta txikiari beti egiten diote kasu». Aldehorretatik «pixka bat baztertua» sentitu dela dio: «Sentitu izan dutez naizela besteak bezain dibertigarria, eta aspergarria naizela».
Horrez gain, «independenteagoa» dela uste du; ahizpari, lehena zenez, muga «gehiago» jarri dizkiotelako, eta «askotan» anaiaren atzetik ibili behar dutelako: «Niri ez zidaten esaten zer egin behar nuen; egin egiten nuen, eta listo. Gainera, ahizpak egiten zuenari behatzen ere ikasi dut». Gaineratu du ahizpari egin zizkiotela errieta gehienak: «Gogoan dut nola eztabaidatzen zuten ateratzeko ordua ezartzean; nik, aldiz, ez dut hori bizi izan».
Biek zaintzen dute anaia, baina modu diferentean: «Ahizpak ama baten antzera zaindu du, oso amatiarra delako; nik, berriz, zaindu dudan arren, eztabaidatu ere gehiago egin dut». Gainera, anaia gazteak eta berak urtebetetze egun bera dute: «Hasieran arraroa egiten zitzaidan, baina, denborarekin, ohitu naiz».
Ez nagusia, ez gazteena: erdikoa
Erdiko Neba-arreben Nazioarteko Eguna da bihar. Ba ote dauka eraginik lehenengo, bigarren edo hirugarren jaiotzeak? Zer-nolako ondorioak izan ditzake izaeran? Baztertua sentitu daiteke erdikoa? Aferari buruz mintzatu dira adituak. Ondorioa: apur bat baztertuta sentitu izan direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu