Brasilgo Munduko Kopa. Mexiko 1. Kamerun 0

Mexikok ondo ekin dio Kopari, eta merezita irabazi du euri jasaren azpian

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Mexiko. Ochoa; Aguilar, Moreno, Marquez, Rodriguez; Layun,Vazquez, Guardado (Fabian, 69. min.), Herrera (Salcido, 90. min.); Dos Santos eta Peralta (Hernandez, 74. min.).

Kamerun. Itandje; Assou Ekoto, Nikolou, Djeugoue (Nounkeu, 46. min); Song (Webo, 79. min.), Moukandjo, Choupo Moting, Chedju, Mbia, Enoh eta Etoo.

Gola. 1-0. Oribe Peraltak (61. min.). Epailea. Wilmar Roldan (Kolonbia). Txartel horiak: Mexikoko Morenori, eta Kamerungo Nounkeuri. Bestelakoak. 39.216 ikusle Natalgo (Brasil) Arena Das Dunas estadioan. Partida guztian euria bota zuen eta zelaiak ondo xurgatu zuen ura.

Mexikok merezita irabazi zion atzo Kameruni eta ondo ekin dio Munduko Kopari. Aztekak gehiago izan ziren, lehen zatian bereziki, eta Peraltak 61. minutuan sarturiko gola aski izan zuten partida erabakitzeko. Hori, baina, ez zen izan sartu zuen bakarra, epaileak Mexikoren bi gol ez baitzituen ontzat eman. Bietan ala bietan jokoz kanpoko egoera adierazi zuen, eta bietan hanka sartu zuen. Kameruni dagokionez, irudi eskasa eman zuen, ez zuen joko landurik egin eta egur gehiegi banatu zuen zelai erdian.

Partida euripean jokatu zen. Hasi baino hiru ordu lehenago euri jasa hasi zen Natalen eta epaileak bukaera adierazi zuenean berdin jarraitzen zuen. Goitik behera bota arren, zelaiak ondo xurgatu zuen, eta ia ez zen putzurik egin. Are gehiago, partida hasiera bizia izan zen, eta Mexiko gehiago izan zen. Epaileak ontzat ez emaniko bi golak lehen ordu erdian izan ziren (11. min eta 30. min.), eta bietan Dos Santosek bidali zuen baloia sareetara. Kamerunek ere aukera ona izan zuen, Etooren burukada batean (30.min).

Bigarren zatian jokoa orekatu egin zen, baina Mexikok zentzu gehiagoz mugitu zuen baloia. Gola jokaldi landu baten osteko aldaratzean iritsi zen. Aurrenekoan Dos Santos izan zen asmatu ez zuena, baina Peraltak asmatu zuen, atzetik iritsita. Golak partida ireki zuen eta Kamerunek fede gehiagorekin egin zuen aurrera. Luzapenean talde bakoitzak aukera on bana izan zuen: Moukandjoren burukada Otxoak gelditu zuen, eta Hernandezek 2-0ekoa barkatu zuen ate aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.