Andoni Imaz.
Donostiako 67. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Mamurik nazioartekoenak

2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Akabo udari eskatutako luzapena; udazkena bihar iritsiko da Donostiara. Alfonbra gorriak kiribilduko dituzte langileek, eta besapean hartuta gordeko dituzte nonbait, atzera norbaitek zapaldu arte. Besapean kiribilduta etxera eramandako Zinemaldiko egunkariek balioko dute zapata lokaztuak gainean jartzeko. Glamourraren trena azken geltokira iritsi da.

Doluaren inguruko lan bat aurkeztu du egunotan Denis Cote zinemagile kanadarrak Zabaltegi-Tabakalera sailean: Répertoire des villes disparues. 215 biztanleko herri bateko mutil gazte bat hil ondoren, herria bera hiltzen da harekin. Bizilagunek ez diote bueltarik emango; negu luzea iritsiko da hara. Orduan, hildakoz beteko dira kaleak. Ez dira zonbiak, ez diote inori kalterik egin nahi. Herri horretan bizi ziren hildakoak dira, eta herri horretan jarraitzen dute. Herri txiki zoriontsua zena herri fantasma besterik ez da orain, negu gogorraren erdian.

Hildakoak ez, bizidunak agertzen dira Invasion of the Body Snatchers filmean (1956). Orduan, komunismoaren mamuak biltzen zuen giroa, eta paranoia horren erdian iristen ziren bisitariak: zorroak uzten zituzten, eta horietatik irteten ziren gizatasunik gabeko estralurtar bihozgabeak, komunitatearen jabe bilakatzeko. Ondorio horretara iritsi dira filmaren inguruko zenbait teoria, behintzat.

Garai bakoitzak ditu bere mamuak, eta aurten topatu ditugu batzuk Donostiako Zinemaldian: polizia indarkeriarena, ekonomia krisiarena, ezkerraren noraezarena, ondokoarekiko inbidiarena eta muturreko prekaritatearena, besteak beste.

Ez da paranoiarik hedatu inguruan, baina Zinemaldiko ekintzen inguruan pertsona batzuk agertu dira azken egunotan; horiek bizi-bizirik zeuden. Zaintzaldia antolatu dute ia ehun egun greban daramatzaten Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. Haiengana joan zen atzo Ken Loach zinemagilea, zinema sozialaren ikur handienetako bat, grebalarien kamiseta morea soinean, langileei babesa adieraztera.

Donald Sutherland Donostia saridun aktorea Invasion of the Body Snatchers filmaren remake-ko (1978) protagonista da. Mamua zabaldu zuen Kursaaleko ekitaldian, bularrari kolpeka: «Mila esker, Euskal Herria!». Donostiako Zinemaldiko antolatzaileek Penelope Cruzen inguruan esandakoa egokiagoa izan daiteke harentzat, izan ere: Donald Sutherland, «gure aktorerik nazioartekoena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.