Albistea entzun

KRITIKA. Donostiako 56. Jazzaldia

Mundu berri baten bila

Inazio Tolosa -

2021eko uztailak 27

Naissam Jalal & Rythms Of Resistance: «Un Autre Monde» Noa & Gil Dor, «Afterallogy» + Iñaki Salvador

Lekua: Trinitate plaza, Donostia. Eguna: uztailaren 24a.

Mundu berri bat aldarrikatzen du era sosegatu batean Naissam Jalal andreak. Ekialdeko lurrinez beteriko musika dakarkigu. Siriar jatorria du; Parisen hazi, eta sustraien bila joan zen Siriara eta Egiptora, nay izeneko txirula arabiarraren ikasketak burutzera. Txirula sorginduak Siriako lurraldeetara garamatza. Ez dago gerraren aipamenik, bai palestinarren askatasunaren aldeko aldarria Himne a la noix (Ergelen ereserkia) jo dutenean. Promenade au bord du rêve-n (Paseoa ametsaren ertzetik) bidaia oniriko batera gonbidatzen gaituzte Rhythms of Resistanceko musikariek. Hausnarketaren bidetik, lasaitasunetik goaz amets barreneko ibilaldian oin hutsik, baina aldaketak datoz, erritmoa bizitzen da, eta jazz rock aldera doa musika, indartzen, riff errepikakorrak eginez. Samaai Al Andalus etorriko da ondoren; hemen sendotu egin da Mehdi Chaib saxoarekin. Paysages de nostre destin-en (Gure patuaren paisaiak) Jalal anderearen ahots baltsamikoak saxoarekin egingo du duoa, era melodiko batean; letrarik gabe, alegia. Karsten Hochapfek irudimena eta sortzeko gaitasun handia erakutsi du gitarraren soloan, txeloarekin ere zoragarri egon da... Damien Varaillonek, kontrabaxuarekin sotil eta sendo, solo izugarri ederrak egin ditu. Arnaud Dolmenek abiada eta sendotasuna eman dizkio taldeari bateriarekin. Indartzen joango da apurka kontzertua, eta, hasieran lasai eta onirikoa bazen, aurrera egin ahala, kontzertua bizi eta indartsu azalduko zaigu.

Azken hamarkadetan laguntzen dion Gil Dor gitarra jotzaile handiarekin etorri da Noa; biak daude zutik taula gainean, eta West Side Story filmeko Somenthing's coming abesti ezagunarekin hasi dute kontzertua. My Funny Valentine apal batekin jarraituko dute. Elohai abestuko du ondoren; aurrekoak ingelesez baziren, oraingo honetan hebreeraz abestuko du. Abestian, Jainkoa ke arteko kafe batean dago ardoa edaten, munduaren egoera ankerra ikusten duen bitartean. «Agian, Jainkoak berak ere ez du ulertzen COVIDarekin gertatzen ari dena», dio Noa handiak. Gil Dorrek, ondoren, bakarka joko digu solo eder bat. Jarraian, gure Iñaki Salvador igoko da oholtza gainera. Noak aurkeztuko digu, sortzaile handi eta bihotz handiko musikari gisa. Elkarrekin joko dute Ilanot eta Mishaela. Bikain: musika ederra, hirukotea erabat bat eginik, oso adierazgarria den musika eginez; Gil eta Salvador oso ondo moldatzen dira elkarrekin.

Kontzertuaren bigarren zatiari ekingo dio Iñakik, bakarrik, taula gainean. Azaldu digu berarentzat ohore handia dela Noa bezalako artista bikainarekin jotzeko aukera izatea. Kontzertuak beste norabide bat hartuko du, eta Johann Sebastian Bach handia izango dugu protagonista. Iñakik bakarka joko du Bachen pieza batzuetan inspiratutako musika. Ondo baino hobeto lotzen ditu barrokoa eta jazza. Ondoren, Noak eta Gilek eskainiko digute Bachen musikarekin egin duten proposamen berezia, eta Noak abesti sorta berri bati ekingo dio. Bachen melodiak erabiliz sortu ditu letrak, eta gitarraren laguntzarekin entzungo ditugu, Johann Sebastianekin mintzo den bitartean. Bachek sortzen dion lilura azaltzen digu. Kontzertua bukatzeko, Salvadorrek, Noak, eta Gilek, postre gisa, Txoriak txori abestuko dute, baita La vita è bella (Ederra da bizitza) filmaren bertsio abestua ere, bai gaztelaniaz, bai hebreeraz. Plazer handia gau honetakoa, bizi izatearen zoriona ospatzen, musika ederrarekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. ©Rodrigo Jimenez, EFE

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uxue Rey Gorraiz

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».
Maïwenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen. ©MOHAMMED BADRA / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...