Jai moldeen norabideak

Bi urte dira jada jairik ez dela egin Gasteizen. Horrek eragina izan du eragileengan, eta BERRIAk haietako batzuekin hitz egin du. Jai ereduaren eta antolakuntzaren inguruko hausnarketak egiten ari dira.

Euskal Gunea. GEU elkarteak kuadeatzen du espazioa, Aihotz plazan. Irudian, 2018an larrain dantza egiten. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Sarri askotan, janarekin eta edanarekin lotzen dira herrietako eta hirietako jaiak, nahi ala nahi ez hala izan beharko balitz bezala. Hala ere, badira jaiak ulertzeko beste era batzuk ere, ez dutenak zertan eduki loturarik ohiko uste orokorrarekin. Esate baterako, bada espazio horiek aldarrikapenentzako bide izan daitezkeela uste duenik, eta baita ohitura zaharrei eusteko baliatu daitezkeela babesten duenik ere, nahiz eta, askotan, horietako zenbait zaharkituta gelditu diren. Gasteizko jaietan, badira jai ezberdinen alde egiten duten eragileak, nork beretik bada ere. Ez dira berdinak haien artean, ezta bakoitzak har ditzakeen norabideak ere, baina badituzte puntu komun batzuk.

Aurten bete dira 41 urte, Gasteizko jaiei bestelako eredu bat eskaintzeko, txosnek lehen urratsak egin zituztenetik. Lanean dabiltza ordutik, festetako egunetan eta urte osoan. Txosna batzordeko kideetako bat da Itsaso Zabaleta, eta mugimendua osatzen duten kolektiboen izenean hartu du hitza. «Gasteizko Udalak antolatzen dituen jaiez aparte, guk gure jai herrikoiak antolatzea da egiten dugun ekarpena:parte hartzaileak, euskaldunak, feministak, ekologistak eta logika antikapitalista bat izango dutenak». Haren arabera, helburuetako bat da hirian nagusitzen den aisialdiari eta jai ereduari «buelta bat» ematea, eta herri mugimenduak sortutakoa den espazio «alternatibo bat» babestea.

GEU elkartea ere festetako eragileetako bat da, eta zenbait puntu komun ditu txosna batzordearekin, baina euskara da nagusia. Euskal Gunea kudeatzen du, Aihotz plazan, eta Araitz Unanue elkarteko kideak nabarmendu du Gasteizko Udalak egindako apustuetako bat dela. «Euskararen arnasgune bat da, eta bertara jotzen duen orok aurkituko duen giroa euskalduna izango da». Jakinarazi duenez, gune horretan bultzatzen duten jai eredua parte hartzailea da, hala nola boluntarioekin jarduten dutelako, baina badituzte beste zenbait apustu ere esku artean: «Euskara da gure hizkuntza, gertukoa eta bertakoa dena, eta, beraz, egin nahi dugu hemengo produktuen alde ere, ekologikoak izango direnak gehienak». Haren ustez, hori da GEU elkarteak Gasteizko jaietan egiten dituen ekarpenetako bat.

Txosnek eta GEUk, beraz, jaietako gune nagusietako bi kudeatzen dituzte, baina blusen eta nesken kuadrillak ere ohikoak izaten dira. Horietako zenbait batzen dituen batzordeko lehendakaria da Sergio Gonzalez. «Kuadrillen %80 inguru biltzen ditugu, eta jaietako motorra ere bagara; udalak antolatzen dituen ekintzetatik at, gu gara adin guztietarako ekitaldi gehien antolatzen dituen elkartea; garrantzitsua da gure lana». Izurriterik gabeko aldietan, adierazi du hilean behin batu ohi direla kuadrilletako ordezkariak, etahaien arazoei buruz aritzen direla, irtenbideak aurkitzeko. Elkartearen parte diren blusek eta neskek babesten duten jai ereduari dagokionez, berriz, azaldu du ez dakiela zehazten zein den, baina jaiek «denetarako» aukera eman beharko luketela. «Festek badute edanaz eta janaz gozatzeko aukera, arduratsu jokatuta, baina baita kritika soziala eta politikoa egitekoa ere».

Urteekin aldatuz joan da

Pentsatzekoa da urteek aurrera egin ahala jaiek ere eraldaketak bizi dituztela, eta horrela baieztatu dute eragileetako kideek ere. «Festetako eredua asko aldatu da; esan dezakegu lehen ez zegoela araurik ezertarako, baina, orain, kuadrilletako bakoitzak bere ardurak ditu». Uste du «pixkanaka» aurrera egiten ari direla, baina, agian, erritmoak «biziagoa» izan beharko lukeela: «Gustatuko litzaiguke batzuetan pausoak handiagoak izatea, baina bagabiltza gauzak lortzen». Esate baterako, zehaztu du indarkeria matxistaren aurkako lanketak egiten dabiltzala, «eremu guztietan jotzen duen bortizkeria» dela iritzita, eta, ondorioz, baita kuadrilletan ere. «Jai osasuntsu batzuen aldeko apustua egiten dugu, berdintasunean gozatu ahal izateko». Gainera, erantsi du azken urteetan gero eta gazte gehiago ari direla kuadrilletan sartzen, mugimenduaren parte izateko asmoz.

Txosnetako kideak ere hausnarketa prozesu batean sartuta daudela jakinarazi du Zabaletak. «Oinarri edo ideia zehatz batzuk finkatzeko jarri genuen martxan, urteetan egindako zenbait balorazioren ostean; gure asmoa da zehaztutako oinarriak betetzen direla egiaztatzea eta festetan nola gauzatzen diren ikustea». Marra gorriak ere aipatu ditu, eta erantsi du jaietan sortzen diren gatazkak edo bestelako liskarrak kudeatzeko ardura izango lukeen «elkarbizitza marko bat» sortu nahi dutela. Horrez gain, buelta bat eman nahi diote antolakuntza ereduari ere. Hala ere, haren arabera, momentuz bederen, ez da atzerapausorik eman behar, oraingoz hausnarketa prozesu batean daudelako. Dena dela, argi adierazi du era horretako prozesuetan sarritan egin behar dela atzera, aurrera jarraitzeko.

Gainerako bi kideek bezala, Unanuek ere nabarmendu du aurrerapenak egin direla azken urteetan. Euskarari dagokionez, azaldu du Gasteizko errealitatea islatu ohi dela Euskal Gunean ere. «Euskararen ezagutza oso eskasa zen lehen, eta, egun, gasteiztarren %50 dira euskaldunak, eta erabilera handitu egin da». Horrez gain, erantsi du «zaharkituak gelditu diren eta aldatu beharreko eredu eta jarrera» batzuen aurkako borrokak ere areagotu egin direla, eta, beraz, bat egiten dutela Gasteizko mugimendu feministak bortizkeria matxistaren eta Lumagorri elkarteak eraso homofoboen aurka osatutako protokoloekin. «Errespetuzko eredu bat behar dugu, guztiok aske izateko; ezin dugu ahaztu jaietan ere hor daudela gizartean dauden ezberdintasunak; horrek ardatz izan behar du».

Eta gerora, zer?

Eredu aldaketan, eragileek, oro har, aurrera begira hausnartzen jarraitzeko asmoa dutela esan dute. Unanuek uste du «ingurumenarekiko eta pertsonen askatasunarekiko errespetua» direla azken urteetako gako nagusiak, eta lehen lerroan egon beharko luketela gainontzean ere. Gaineratu du kontsumoaren inguruan ere badagoela zer pentsatua, izan drogarena edo bestelako elementuren batena. «Nora garamatza drogaren gehiegizko kontsumoak? Zer jarreratara? Eta nora energiaren eta materialaren kontsumoak?». Uste du jai eredua «makrotik» atera behar dela eta «kaletarragoa» izan beharko lukeela, eta eragileek puntu horiek izan beharko lituzketela gogoan.

Gasteizko Txosna Batzordeko kolektiboek orain abian duten hausnarketa prozesuarekin martxan jarraitzea dute asmo, Zabaletaren arabera. «Bakoitzaren ezberdintasunetatik ikastea eta denok nahi dugun jai eredua sortzea eta antolatzea izango da erronketako bat, eta, noski, baita gozatzea ere».

Blusen eta nesken batzordeak, berriz, erasoen aurkako lanketekin jarraitzeaz gainera, ez du aparteko erronkarik esku artean, baina Gonzalezek aipatu du badutela amets bat: «Espero dugu hemendik gutxira kuadrilletako kideok berriz elkartzeko aukera izatea; izan ere, garrantzitsuak dira gure arteko harremanak, baina egoera honetan ezin izan ditugu sendotu». Horretarako, saiatu ziren aurten zerbait antolatzen, ea zer egin zitekeen pentsatzen, baina, azkenean, dena utzi dute bertan behera, izurriteak eragindako egoeraren ondorioz.

GEU elkarteak ere ez du ezer antolatu aurten; indarra datorren urterako gordetzeko hautua egin du. Hala ere, Unanuek aitortu du jaietako espazio hori ez izateak eragin zuzena duela elkartearengan, hala nola haien autonomia murriztu egiten delako. «Iaz jarri genuen martxan finantzaketa kolektiboko kanpaina bat, baina aurten ikusi dugu ezin genuela berriro egin; onartu dugu hor eduki dezakegun zuloa, baina datorren urtean berreskuratuko dugun esperantza dugu».

Txosnetako kideek, berriz, egun osoko egitaraua antolatua zuten atzorako. Haien arabera, argi dute krisiari «modu kolektiboan» egin behar zaiola aurre, baina kaleak hartzeko aldarria egin zuten, txosnak herri mugimenduaren «bilgunea» eta, aldi berean, «behar bat» direla aldarrikatuta. Gasteizko unibertsitate gunetik atera, eta 40. urteurrenarekin lotutako erakusketa bat eta haurrentzako txokoa antolatu zuten goizean, eta baita artisauen azoka ere. Bazkari herrikoia ere egitekoak ziren, baina, udalaren debekuaren ostean, ez zen egin. Arratsaldean, manifestazio bat egin zuten; gogorarazi zuten ez direla inora joan, eta «hemen, kalean» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.