Albistea entzun

Zortzigarren alabaren alde

«Sekulako bultzada» jaso du aurten Araba Euskaraz-ek, eta «eskertuta» daude igandean Gasteizko Olarizuko zelaietan prestatu zituzten hiru guneetan izandako harrerarekin. Argantzongo ikastolarentzat izango da lortutako etekina.
<b>Ikuskizunak. </b>Musika, antzerki eta dantza ikuskizunak egon ziren; tartean, Ene Kantak.
Ikuskizunak. Musika, antzerki eta dantza ikuskizunak egon ziren; tartean, Ene Kantak. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2022ko ekainak 21

Araba Euskaraz jaiaren 42. aldia ospatu zuten herenegun lurraldeko ikastolek Gasteizko Olarizuko zelaietan, 8. alaba lelopean, eta, Roberto Gonzalez koordinatzaileak adierazi duenez, «sekulako bultzada» jaso zuten. «Oso positiboa» da egin duten lehen balorazioa, eta «eskertuta» daude bertaratu ziren euskaltzaleekin, baina batik bat Argantzongo ikastolari emandako babesarengatik; izan ere, oraino esku artean kopuru zehatzik ez badute ere, lortutako etekinak bertan eraikin berri bat eraikitzera bideratuko dira.

Lurraldeko zortzi ikastolen artean txikiena baita Argantzongoa, eta, gainera, Trebiñun dago. «Araba ez-ofizialean dago, euskara hizkuntza ofiziala ez den leku batean, eta, beraz, garrantzia dauka guretzat», nabarmendu du Gonzalezek. Horregatik erabaki zuten aurtengo aldia lurraldeko zortzi ikastolek batera antolatzea, euskararen erabilpenean beste urrats bat egiteko eremu horretan. «Gure alabarik txikiena da, eta handituz doa pixkanaka, baina zaindu egin behar dugu». Hain justu, 2003an ireki zituen ateak, eta gaur egun 68 ikasle ditu, lehen hezkuntzako seigarren mailara arte.

Bada, horren alde egiteko, goizeko hamarretan izan zen irekiera ekitaldia. Eguneko lehen eguzki izpien pean, baina Olarizuko etxaldeak eman zezakeen gerizpe apurrean, banaka hartu zuten hitza erakundeetako ordezkariek, gizonezkoak guztiak. Are, ikasleek eginiko dantza ikuskizun bat ere egon zen. Besteak beste, Liher Larrea Arabako ikastolen ordezkariak hitz egin zuen, eta esan zuen «ezberdintasunak alde batera utzi eta elkarrekin dantzatzen ikasi» beharra dagoela. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hitz egin zuten ondoren.

Omenduak eta guneak

Hitzaldietatik harago, ordea, egon ziren bestelako uneak ere. Esate baterako, festa honen historian zehar eginiko lana aitortu nahi izan zuten, elkarlana eta auzolana zutabe garrantzitsuenetariko bi direla ohartuta. Zortzi ikastoletatik pertsona bana omendu zuten lehenbizi, eta, ostean, Anjel Mari Olalde. Erretiratu egin da, baina Araba Euskaraz-en koordinazio lanean aritu da urtetan zehar; horrez gain, Arabako Alea komunikabideak eginiko lana ere aitortu zuten, hala nola euskararen erabilerari behatuta «bidelagun» izan delako, Gonzalezen hitzetan.

Baina ekitaldi ofizialez ez ezik, bertaratutakoek izan zuten bestelako aisialdi aukera batzuez gozatzeko beta ere. Aurten ez da ibilbiderik antolatu beste aldietan bezalaxe; horren ordez, Gonzalezek azaldu du hiru gune prestatu zituztela Olarizuko zelaietan, inguruneak horretarako aukera ematen zuela jakinda. «Haritza, Pagoa eta Ametza guneak antolatu ditugu, eta uste dugu formatu aldaketa honek harrera oso ona izan duela». Haren arabera, gune horietan «familia eta lagun arteko giro polita» egon zen, «euskalduna eta euskaltzalea».

Besteak beste, Ene Kantak eta Go!azen-en ikuskizunak egon ziren, haur eta gazteen gustukoenetako bi, eta baita Patata minak antzezlana ere, Ane Gebara eta Aitor Vinagret antzerkigile arabarren eskutik. Are, musikak ere ez zuen hutsik egin, eta, beraz, ez zen aitzakiarik egon gorputza mugitzeko. Oholtza gainean aritu ziren hala nola aurtengo abestia egin duen Sukasuan taldea eta Keu Agirretxea musikaria. Egunari amaiera emateko, berriz, Kai Nakai eta Oxabi erromeria taldea egon ziren, 19:00 arte.

Lekukoa, erabakitzeko

Orain ikastola guztien arteko balorazio orokor bat egin beharko dutela adierazi du jaiaren koordinatzaileak; besteak beste, baloratuko omen dute ea aurtengo ereduarekin jarraitzea erabaki ona izan daitekeen ala ez; alegia, ibilbide bat egin beharrean, aurrerantzean guneka banatzea hobe ote den edo ez, nabarmendu baitu «inflexio puntu batean» daudela, eta jai ereduan egindako aldaketa hori orain baloratu beharra dagoela.

Datozen urteetarako helburuak, beraz, horren ondoren finkatuko dituztela jakinarazi du Gonzalezek, eta baita lekukoa nork hartuko duen ere, oraindik Argantzongo ikastolak baitauka esku artean. «Ez dugu ezer erabaki; hurrengo asteetan edo hilabeteetan hartuko dugu erabakia, eta orduan emango dugu datorren aldiaren berri ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Edorta Agirre. / ©Gorka Rubio, Foku

«Janari pista galduz gero, nahi duena salduko digu sistemak»

Miren Garate, Gipuzkoako Hitza

Janaren inguruan «gero eta desinteres handiagoa» ikusten du Edorta Agirrek, Amantala ta mantela liburuaren egileak. Dioenez, «zelofanez ontziratutako produktuek» hartu dute lehengaien tokia. «Horiek zer duten? Sinetsi egin behar, ez baitugu kriteriorik».

Sekulako giroa izan zen atzo Ondarroan, eguerditik hasita. ©URTZI URKIZU

'Azule', txingor euritan aurrera

Urtzi Urkizu

Bi urtez derrigorrez eten ostean, Zapato Azule jaia egin dute Ondarroan. Giro aparta izan da kaleetan, Dinamartxakoei ongietorria eman diete eta pentsiodunak omendu dituzte.
 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Niretzat, bertsoa terapia da; arazoren bat edukiz gero, bertsotan heltzen diot»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

40 urte igaro dira Arabako lehen bertso eskola sortu zutenetik, eta Lopez izan zen sortzaileetako bat. Ordutik, alboan izan du bertsoa, eta, eginiko lana eskertzeko, aurten berari eman diote Arabako bertsolari txapeldunari txapela jartzeko aukera.
Itziar Ituño aktoreak Malen Zubiri politikariarena egiten du <em>Intimidad</em> telesailean. ©DAVID HERRANZ / NETFLIX

'Intimidad', Netflixen gehien ikusi den telesaila, ingelesez bestekoetan

Urtzi Urkizu

Txintxua Filmsen fikzioa 58 herrialdetan sartu da Top10ean. IMDB-ko lehen 50etan kokatu da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...