Ikasi, sasi guztien gainetik

Hala nola beharra edo osasun kontuak direla eta, jende batek ezin du ikastetxe arruntek exijitutako bertaratzea bete. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuak ordutegi malguagoa eta klaseak etxetik jarraitzeko aukera eskaintzen die.

Ezker-eskuin eta goitik behera: Xabier Valle, UHEIko zuzendaria; Luis Martin Montejo, UHEIko ikasle ohia; Marian Henao, UHEIko ikasle ohia, eta Dafne Gonzalez Villar, UHEIko ikasle ohia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Aspaldiko arantza zuen, eta 70 urteren ondoren kendu du. Luis Martin Montejok ikasketak utzi behar izan zituen 14 urterekin, beharrean hasteko, eta hamarkada askoren buruan ekin zien berriro, oroimen arazoak tarteko: «Supermerkatura nindoanean, gauzak apuntatuta eraman behar nituen beti. Normala irudi dezake, baina niri erraz ahazten zitzaizkidan, nahiz eta gutxi izan». Memoria berreskuratzeko kurtso bat egin zuen aurrena, DBH atera zuen hurrena, eta, ikasteko gogoak akuilatuta, 87 urterekin eskuratu berri du batxilergoa, UHEI Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan.

Hamar bat urte baino gehiago iraun dute ikasketa denek: biloben zaintza tarteko, egun batzuetan ordu batez baino ezin izaten zen egon UHEIk Bilbon duen batxilergo egoitzan, Arabella auzoan. Denbora lapurtu zioten, halaber, bere eraikinean igogailu bat ipintzeko kudeaketek, eta urtebetez gaizki egon zen koronabirusaren ondorioz.

Dena den, UHEI «ikaslearen egoerara moldatzen da», Xabier Valle zuzendariaren arabera, eta horregatik aukeratzen dute askok: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dago institutua, eta hiru lurraldeetako 800 eta 900 lagun artean daude matrikulatuta oinarrizko hezkuntzan, eta 550 batxilergoan —datorren kurtsoko aurrematrikulazio epea zabalik dago oinarrizko hezkuntzan, eta astelehenean irekiko dute batxilergoan—. Institutuak beta ematen die klaseak aurrez aurre edo online egiteko, eta, hortaz, ikasketak uztartu ditzakete lanarekin, edo bertaratzea galarazten dieten bestelako arrazoiekin.

Izan ere, askotarikoak dira ikasleen egoerak, Vallek nabarmendu duenez. Gehienak adin nagusikoak dira, baina zenbait adingabe ere badaude. «Adibidez, puntako kirolariak, kasu psikiatrikoak, eskola jazarpena jasandakoak, edo fobia akademikoa duten batzuk», aletu du zuzendariak. Halaber, ikasle batzuk aurrez aurreko ikastetxeetan ari dira batxilergoa egiten, baina bizpahiru irakasgai UHEIren bidez egiten dituzte, beren zentroetan ez delako talderik sortzen. «Latina, Marrazketa Teknikoa, Artearen Historia...».

Ikasleen helburuak

Helduengan ere ugariak dira motiboak, baina hiru talde identifikatu ditu Vallek, gutxi-asko. Lehenean, 18 eta 25 urte bitartekoak daude, ikasketak utzi eta urte gutxira berriz abiatzen dituztenak. 25 eta 45 artekoek lan baldintzak hobetu nahi izaten dituzte nagusiki, zuzendariaren irudiko. Eta urriena da hirugarren taldea: Martinena, hain justu. Ikaste hutsagatik ematen dute izena, erronka pertsonal bat delako haientzat, eta ez beste pauso bati ekiteko bidea edo baldintza. «Etxetik kanpo lan egin eta jubilatu direnak dira, edo etxekoandreren bat, zaintza lanak arindu zaizkionean animatu dena». Espetxeetako eta gazte egoitzetako ikasleak ere badituzte.

Behin hasita, ezin gelditu: ikasketak bukatu ditu Martinek, baina ez zaio ase jakiteko eta ikertzeko grina. Irakurtzea gustuko izan du beti, baita gauzak ikastea ere, eta horretan jarraitzen du. Orain, apunteak ordenatzea du helburu, «bilobentzat baliagarriak izan daitezen», eta aparatu bat garatzen dihardu, erregairik erabili gabe energia sortuko duena. «Batxilergoa ikasteak ideiak argitzen dizkizu; buru bizkorragoa eta irekiagoa izaten laguntzen dizu». Memoria hobetu zaiola igarri du.

Dafne Gonzalez Villar bilbotarrak ere erdietsi du helburua: ikasten jarraitu ahal izatea. Batxilergoa egiten zebilen ohiko ikastetxe batean, baina zaildu egin zitzaion han jarraitzea. «Eguneko ospitale batean nengoen erietxeratuta elikadura portaeraren nahasmenduagatik». Orduko hartan ezin zituen ospitalea eta ikastetxeko baldintzak uztartu, eta koordinatzaile batek UHEI gomendatu zion.

17 urte zituen institutuan sartu zenean, eta hasieran ez zitzaion samurra egin. «Egoerak azpimarratu egiten zuen gaixo nengoela, zerbitzu berezi bat behar nuelako». Baina berehala ohitu zen, eta oroitzapen ederrak ditu garai hartaz. «Disfrutatu nuen. Benetako lagunak egin nituen, kuadrilla txiki bat, lehengo institutuan ez neukana. Polita izan zen, baina gogorra». Duela bi urte eskuratu zuen titulua. Humanitateen Batxilergoa egiteko talderik ez zenez bildu, Ekonomiakora jo zuen, eta orain, 20 urterekin, Gizarte Hezkuntzako gradua ari da ikasten unibertsitatean.

Erizaintzako gradua du jomugan, berriz, Marian Henao iruindarrak. Orain dela 20 urtetik, zehazki. «17 urterekin etorri nintzen hona [Galdakaon bizi da, Bizkaian]. Lana nuen, bi seme izan nituen, eta egokitu nintzen. Baina momentu batean esan nion neure buruari errutina hautsi beharra nuela». Erizaintzako laguntzaile aritzen da Bilbon, eta beharrean ikusitakoak bultzada eman dio ikasketak ahalik eta azkarren burutzeko. «Pandemian gauza asko ikusi ditut. Bizitza badoa, berehala. Gehiago baloratzen ditut gauza txikiak, esfortzuak, dena».

Aurten atera du batxilergoa, 39 urterekin. Selektibitatera aurkeztu da, eta gainditu du, baina ez du lortu graduan sartzeko adinako kalifikazioa. Baina ez du etsi: datorren urtean ahaleginduko da berriro, lortu arte. «Lan baldintzak ere hobetu nahi ditut, baina batez ere nigatik egiten dut. 11 eta 7 urteko semeak ditut, eta eredua naiz haientzat. Esan nienean selektibitatea gainditu nuela, asko poztu ziren».

Erakundearen erronkak

Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuak urte gutxiko ibilbidea du oraindik, baina aspaldiko habeetan bermatzen da. Eusko Legebiltzarrak 2013an onartutako Bizialdi Osoko Irakaskuntzari Buruzko Legean jaso zen haren sorrera, eta 2018an UHEI antolatzeko dekretu bat argitaratu zuten. Horren ondorioz, erakunde bakar batean batu ziren aurretik sei ikastetxe zirenak: lurralde bakoitzeko hiriburuan bina zentro zeuden, oinarrizko hezkuntzari eta batxilergoari zegozkienak, eta horiek hogei urte inguru zeramatzaten funtzionatzen. Legeak eta dekretuak batu egin zituzten egoitzok: bai administrazioari dagokionez, eta, Donostian eta Gasteizen, baita fisikoki ere, eraikin berean paratu baitzituzten. Bilbon, ordea, banatuta daude oraindik. «Ikasleen kopurua handiagoa da, eta etorrera, nahiko irregularra», arrazoitu du Vallek.

Bizkaiko eskaintza ere batzea da erakundearen erronketako bat, zuzendariaren iritziz, baita hiru lurraldeetako zentroek ikastetxe bakar bezala funtzionatu dezaten ere. Baina ez da egiteko bakarra. Esaterako, euskararen presentzia indartzeko asmoa ere badute, Vallek azaldu duenez. Gipuzkoan, aspalditik eskaintzen da oinarrizko hezkuntza osoa D ereduan, baina Bizkaian eta Araban ikasgai gutxi batzuk baino ez daude euskaraz.

Gonzalez Villar euskalduna da, eta «faltan sumatu» zuen bere hizkuntzan ikasi ahal izatea. «Gogorra izan zen dena euskaraz ikasteari utzi eta erdaraz ikasten hastea. Ez da hainbeste eskaintza kontua, baizik eta jendeak ez duela euskara aukeratzen». UHEIk aurtengo matrikulak aztertu ditu, eta eskaria %15 ingurukoa izan da, Valleren arabera. Datorren kurtsoan euskaraz ikasteko aukera gehiago izango dira, eta zuzendariak uste du eskaintzak eskaria ere handituko duela. Gipuzkoan ez ezik, Araban eta Bizkaian ere euskaraz eskainiko dute oinarrizko hezkuntza osoa, eta, batxilergoan, jendetsuenak izan ohi diren ikasgaiak emango dituzte D ereduan. «Batxilergo osora zabaldu nahi dugu euskarazko eredua», dio Vallek.

Orobat, ikasketak abandonatzen dituztenei ere erreparatuko diete. Zuzendariaren hitzetan, UHEIn «abandonu tasa nahiko handia da, helduen hezkuntzan gertatzen den bezala, orokorrean». Hori eragozteko, jarduera txikia duten ikasleenganako arreta indartuko dute, «tutoretza trinkotuta emaitza hobeak lortzeko». Halaber, irakasgai bakoitzeko gela birtual bat irekiko dute; orain arte, lurralde bakoitzean gela bakarra zegoen. Izan ere, pandemiarekin handitu egin da lezioak Internet bidez jarraitzen dituztenen kopurua. Azken urteetan matrikulazioak gutxitu izanak ere kezkatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.