Osasunari txalo, UPNri txistu

Osasunako presidenteak jaurti du suziria, «ez dugu amore emanen! Aupa Osasuna!» oihukatuz. Ikurrina, Nafarroako bandera eta presoen aldeko mezuak zabaldu dituzte plazan

3. Oin beltzak. Txupinazoko pilaketetan, dirudien baino ohikoagoa da norbaitek oina zapaltzea eta zapata galtzea. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
UPNri kontrako eztarritik joan zaio txupinazoa. Cristina Ibarrola alkate berriak ahaleginak eta bi egin zituen festen hasieraren xehetasun denak kontrolpean izateko: goizean goizetik, droneak eta helikopteroak zebiltzan Iruñeko Alde Zaharra zaintzen, inoiz baino polizia eta segurtasun neurri gehiago jarriak zituzten Udaletxe plazaren inguruko kaleetan, eta teilatuetan ere udaltzainak ikusten ziren, duela hamar urte arrantzale talde batek zintzilikatutako ikurrin erraldoiarekin gertatutakoa berriz gerta ez zedin. Eta, hala ere, ez du lortu: eskuinak ezin izan du galarazi ikurrinaren presentzia sanferminen erakusleiho nagusian. Beste behin ere, herritarrek plazara eraman zuten udaletxeko balkoian debeku dena: ikurrin, Nafarroako bandera, sozialismoaren aldeko aldarri eta euskal presoen aldeko pankarta erraldoiak zabaldu zituzten, 2023ko festari ongietorria egiteko.

Eguerdirako minutu gutxi falta zirela, leporaino beteta zegoen plaza. Plastikozko sangria botila merkeak eta publizitate baloi handiak gora eta behera zebiltzan, jende olatuek kulunkatuta. Udaletxeko balkoiko ateak zabaldu zirenean, orro egin zuen jendetzak. 11:58. Jendaurrera atera ziren Osasunako ordezkariak: Luis Sabalza presidentea lehenik, eta Jagoba Arrasate entrenatzailea eta David Garcia eta Unai Garcia kapitainak gero. Jendeak erruz egin zien txalo, eta entrenatzailearen izena abesten hasi ziren batzuk. UEFAren aurkako pankarta ugari ere atera zituzten plazara, Osasuna Konferentzia ligatik kanpo utzi izana txarresteko: «UEFA mafia», «Indartsu ahularekin, ahul indartsuarekin» eta «Justizia» irakur zitekeen bertan.

Sabalzarekin eta Arrasaterekin batera, Ibarrola alkatea agertu zen balkoian, irribarretsu. Txistuak ozendu egin ziren orduan, gainerako zarata denak estali arte, eta plazan bildutako jendetza hasi zen goizean gehien errepikatu zen leloa oihukatzen: «UPN kanpora!». Argi eta ozen entzuten zen, zalantzarako tarterik gabe. Ibarrolak, alta, hasieratik erakutsitako irribarre zabalari eutsi zion une oro. Zirkinik egin gabe. 11:59.

«Ez dugu amore emanen!»

Eskuak gora. Zapi gorriak airera. 12:00ak jo zuten udaletxeko erlojuan, eta ohiko diosala egin zien Sabalzak bertaratuei, gaztelaniaz eta euskaraz: «Iruindarrok, gora San Fermin!». Bigarren zati bat ere gehitu zion oihuari, ordea: «Ez dugu amore emanen! Aupa Osasuna!». Metxa piztu, eta zerua urratu zuen suziriak. Pun! Algara batean bildu zen plazako jendetza, txalo eta oihu artean. Talde gorritxoaren alde kantari hasi ziren asko, baina ez ziren alkateaz ahaztu: «UPN kanpora!» leloari lotu zitzaizkion berriro.

Iruñeko alkateaz eta Osasunako ordezkariez gain, udaletxean izan ziren Nafarroako instituzioetako buruzagi nagusiak —Maria Txibite lehendakaria eta Unai Hualde parlamentuko presidentea—, eta talde politiko guztietako zinegotziak, Alejandro Toquero Tuterako alkatea (UPN), PSOEko Barne Antolakuntza idazkari Santos Cerdan, EH Bilduko diputatu Bel Pozueta, Geroa Baiko legebiltzarkide Maria Solana eta baita Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia ere.

Bederatzi eguneko festari hasiera eman ostean, «deskriba ezinezko pozaz» mintzatu zen Osasunako presidentea. Esan zuen «ohore handia» izan zela txupinazoa jaurtitzea, eta «tentuz» ibili zela, metxa piztu aurretik oihukatuko zuena pentsatzen: «Argi zegoen ez nuela soilik esanen 'aupa Osasuna!'. Beste zerbait esan beharra zegoen, eta uste dut neurritsua izan naizela, denon sentimenduak hitzetan jartzean».

Ibarrola alkatea ere «hunkituta» azaldu zen: «Une magikoa izan da niretzat; txupinazoa balkoian bertatik bertara ikusi ahal izatea hain da ohore handia, ez baitut hitzik hori deskribatzeko. Ez dut inoiz ahaztuko». Ez zuen aipamenik egin ez UPNren aurkako oihuez, ezta plazan ikusgai jarritako banderez ere.

Hildako bat txupinazoan

Sanferminen hasierari lotutako algaraz harago, baina, izan da albiste txarrik ere: atzo, 63 urteko emakume bat hil zen Gazteluko plazan, bihotzekoak jota. Larrialdi zerbitzuak berehala iritsi ziren ezbeharra gertatu zen lekuraino, baina ezin izan zuten suspertu emakumea. Andrea 11:00 aldera hasi zen ondoezik sentitzen. DYAk plazan bertan zuen postura joan zen, eta osasun langileak hasiak ziren arta ematen. Horren ostean izan zuen bihotzekoa, eta larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten suspertu. Udaltzaingoak eta ehorztetxe bateko langileek atera zuten gorpua plazatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.