Espainiako Ministroen Kontseilua Bartzelonan. Kaleko protestak

Haserreak hartu ditu kaleak

Goizetik hasita, milaka herritarrek protesta etengabea egin dute Bartzelonan, Espainiako Ministroen Kontseiluaren aurka. Mossoek hamahiru lagun atxilotu dituzte

Tentsioa. Mossoak eta manifestariak, aurrez aurre. MARTA PÉREZ / EFE.
Bartzelona
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Egun luzea izan zen atzokoa Katalunian. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseilua Bartzelonan egiteko erabakiaren kontrako protesta ekintzak goizaldean hasi ziren, hiriburuaren inguruko errepide batzuen itxieraren bidez. CDR errepublikaren defentsarako batzordeak goizeko lauretarako prest ziren jada, «nazio osoa» geldiarazteko ahaleginean, Nuria izeneko kide batek BERRIAri esan zionez. Saioak izan zuen eraginik: goizean 50 errepidetik gora blokeatu zituzten Katalunia osoan, eta agerian geratu zen Espainiako Gobernuaren probokaziotzat hartu izan den Ministro Kontseiluaren bilera ez zela ongi etorria izan Kataluniako herritar askorentzat.

Nuriak bezalaxe, goizean errepide batzuk itxi eta gero Bartzelonara abiatu ziren milaka herritar, Espainiako Gobernua Kataluniako aferan izaten ari den jokamoldea aurrez aurre salatzeko asmoz. CDRek 08:30ean zuten ordua, zutabeak sortu eta Ministro Kontseiluaren bileraren egoitza izan zen Llotja del Mar eraikinera ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoz. Ordurako, Bartzelonako kale eta etorbide nagusietan nabarmena zen itxitako kaleek eta protesta baketsuek trafikoan izandako eragina. Auto eta moto bakan batzuk zebiltzan harat eta honat, baina inondik inora ere ez zegoen ostiral goiz batean Bartzelonan egon ohi den zirkulazio anabasarik.


AP-7 autobidea itxi zuten CDRek. / Robin Townsend, EFE

CDRen deialdiari so eginez, milaka herritar saiatu ziren Llotja del Mar ingurura hurbiltzen. Kataluniako plazan bildutako talde bat Canaletes Ramblan behera jaitsi zen, festa giroan baina tentsioan; ibilbidearen behealdean, Kolonen estatuara iritsi baino metro batzuk lehenago, izugarrizko polizia lerroa zegoen manifestarien ibilaldia oztopatzeko prest. Poliziak Llotja de Mar inguru guztia inguratu zuen, eta kalerik estuenetik izan zitekeen pasabiderik ñimiñoena ere erabat itxi zuen. Ez zen Llotja de Mar ingurura hurbiltzeko inolako aukerarik izan. Kazetariek ere nekez izan zuten lerrotik bestaldera pasatzeko aukerarik, toki jakin batzuetan izan ezik. «Moncloak eginiko zerrendan al zaude? Hortaz, ezin zara pasatu!», izan zen hainbat tokitan lerroa pasatzeko ahaleginari emandako erantzuna.

Egoera horretan, ikusteko zegoen nola erreakzionatuko zuen Llotja de Mar distantzia batera inguratzen zuen jendetzak. Errepublika lortzeko ahaleginean katalanek aurrean duten oztopo erraldoiaren ikur bihurtu zen Poliziak jarritako hesia hein batean, baita errepublikanoek horri aurre egiteko egun dituzten estrategia desberdinen seinale ere.

Françako geltokiaren parean, Omnium Culturalek deituta, ehunka lagunek Ministroen Herri Kontseilua festa giroan egin zuten bitartean, handik metro gutxira tensio une nabariak izan ziren, ez soilik Poliziaren hesiaren aurkako ekintzetan: manifestarien beraien artean ere bai. Batzuek protesta baketsua egin zuten, errepublikaren, independentziaren eta presoen aldeko aldarria eginez. Nabarmentzekoa izan zen Espainiako prentsaren aurka behin eta berriro eginiko oihuak, Kataluniaren berri emateko duen modua dela eta. «Manipulatzaileak» eta «gezurtiak» izatea aurpegiratu zieten.

Hainbat tokitan edukiontziak irauli eta horiek poliziei aurre egiteko garraiatzen hasi zirenean gertatu ziren manifestarien arteko eztabaidak. Toki batzuetan, manifestariek beraiek sortu zuten polizien eta ekintza zuzena egin nahian zebiltzanen arteko segurtasun lerroa. Tentsio momentuak eta eztabaidak izan ziren: batzuek, jende helduak gehienetan, «nahi duzuena, baina indarkeriarik gabe» aldarrikatzen zuten bitartean, besteek, gazteek nagusiki, «eskuetan liliak ditugula ez dugu ezer lortuko» zioten. Errieta gehienak etorkizunean egin beharrekoari buruzko eztabaidetara bideratu ziren, desadostasunak egonik ere, elkarrenganako begirunea eta batasunaren beharra gailendu zen seinale.


Llotja de Mar inguruan barrikadak egiten saiatu ziten hainbat manifestari, eta horiek geldiarazten, beste zenbait. / Toni Albir, EFE

Manifestarien eta polizien arteko liskarrak eragozteko ahaleginek egoera baretzea lortu zuten gehienetan, baina leku jakin batzuetan istiluak izan ziren. Esate baterako, Kolonen estatua inguruan dauden Parallel eta Drassanes kaleetan eta Llotja de Marrera joateko dagoen etorbide nagusietako batean, Via Layetanan, alegia. Mossoek hamahiru lagun atxilotu zituzten —hamar Bartzelonan, eta hiru Ampollako (Tarragona) errepide mozketa batean—. Larrialdi zerbitzuek 62 lagun artatu zituzten, baina bakar bat ere ez zauri larriekin. Ez zen, inondik inora, Espainiatik zetorren mezu apokaliptikorik ikusi kaleetan.


9.000 polizia inguruk parte hartu zuten Bartzelonako operazioan. / Enric Fontcuberta, EFE

Festa giroa, aldarrikapena

Errepublika lortzeko estrategien aniztasuna nabaria izan arren, oraindik badira errepublikanoen artean kontsentsua eragiten duten gai ugari: esate baterako, preso politikoak kaleratzeko aldarria eta «Espainiako erregimena» iraultzeko amorrua. Goizeko gorabeherak gaindituta, horren adibide izan zen errepublikaren aldeko talde eta alderdi politiko guztiek arratsaldean elkarrekin egin zuten manifestazioa. Bota dezagun 78ko erregimena. Eskubide sozialengatik, politikoengatik, autodeterminazioarengatik, errepresioaren kontra lelopean, milaka pertsona elkartu ziren Graciako lorategietatik hasi zen martxan. Udaltzaingoaren arabera 40.000 lagun bildu zituen manifestazioak, eta, antolatzaileen esanetan, 80.000.


Hamarnaka milaka lagun bildu ziren arratsaldeko manifestazio bateratuan. / Quique Garcia, EFE

Independentismoak berriro agerian utzi zuen kalean bere aldarria nagusi dela, baina bertan egoniko hainbatek honako galdera hau egiten zuten: «Ongi, baina hemendik aurrera zer?». Horietako asko politikariei begira dago, baina erantzunak nekez iristen dira. Omniumen eta ANC Biltzar Nazional Katalanaren gisako taldeek ere izango dute zer esana. Gaur bertan, ANCk batzarrerako deia egin du, Forumeko entzunaretoan, datozen hilabeteotarako sortu duten eskuorria iragartzeko asmoz.

Keinuak keinu, Madrilek ez du proposatutakotik harago joateko asmorik

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.