Frantzia. Notre Dameko sutea

Ikur baten zauriak sendatzera

Macronek bost urtean berreraiki nahi du, baina adituek denbora gehiago aurreikusi dute. Prokuradoreak dio ez dagoela zantzurik sutea nahita eragindakoa izan dela adierazten duenik
Notre Dame katedrala, atzo, sutearen ostean.
Notre Dame katedrala, atzo, sutearen ostean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko apirilak 17
Frantziaren historiako gertakari politikorik eta erlijiosorik garrantzitsuenen lekuko pribilegiatua izan da Parisko Notre Dame katedrala: Henrike III.a Nafarroako erregearen ezkontzarena, 1789an hasi zen iraultzarena, Napoleon Bonaparte enperadorearen koroatzearena, II. Mundu Gerrarena eta Georges Pompidou eta François Mitterrand presidente ohien hiletena, adibide batzuk aipatzearren. Victor Hugo idazle ezagunak ere katedral horretan girotu zuen eleberri bat: Parisko Andre Maria (Notre-Dame de Paris). Frantziaren eta Europaren ikur bat erre da, eta ikur horren zauriek prozesu luzea beharko dute guztiz sendatzeko. Zehazki, hamar eta hamabost urte artean iraungo duten berreraikitze lanak dituzte aurretik, monumentu historikoak zaharberritzeaz arduratzen diren enpresen elkarteak (GMH) atzo jakinarazi zuenez. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bost urteko epea jarri du helburutzat, baina adituek denbora gehiago beharko dela espero dute.

Atzo goizerako, katedralean ez zegoen sugarren arrastorik; bai, ordea, horiek eragindako kalteen zantzuak. Suhiltzaileek hamabost ordu behar izan zituzten sua guztiz itzaltzeko, eta atzo goizerako lortu zuten egoeraren kontrola. Zeregin horretan, Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroaren alboko Estatu idazkariak azaldu zuen katedrala «ordu erdian salbatu» zutela, eta, beraz, eraikina guztiz suntsitzeko zorian egon zela. «Hogei bat funtzionario, euren bizia arriskuan jarrita, bi dorreetan sartu ziren suari barrutik aurre egiteko, eta horrek ahalbidetu zuen eraikina salbatzea», adierazi zuen Nuñezek atzo, suak eragindako kalteak bertatik bertara aztertu ostean.

Kalteak sutea piztu zenean espero baino txikiagoak izan dira, baina egoera kezkagarria da oraindik ere. Gabriel Plus Parisko suhiltzaileen bozeramaileak eman zuen atzo egoeraren bilana: «Sabaia suntsituta dago, egitura suntsituta dago, gangaren parte bat erori da eta dorre zorrotza erori da». Hain justu, atzodanik hasita, berebiziko lana abiatu zuten agintariek eta segurtasun indarrek, 48 orduko epea baitzuten katedralaren egungo egitura segurtatzeko, eta kalte gehiago eragozteko.

Balio historiko kalkulaezina duen eraikina da Notre Dame. Iaz, hamalau milioi pertsonak bisitatu zuten katedral hori, eta Paris hiriaren ikurrik ezagunenetakoa da, Eliseoko Zelaiekin eta Eiffel dorrearekin batera. Ez hori bakarrik, Frantziaren sinbolo ere bada, atzo gauean herritarrei mintzatu zitzaienean Macronek gogorarazi zuen bezala: «Notre Damen suteak gogorarazten dit gure historia ez dela inoiz gelditzen, eta beti izango ditugula gainditzeko frogak». Are: «Guri dagokigu gure proiektu nazionalaren haria berriz aurkitzea, gu eginarazi gaituena, gu elkartu gaituena. Proiektu humano bat, suharki frantsesa».

Sutea nola eta zergatik piztu zen, oraindik argitzeke dauden bi auzi dira. Parisko prokuradoreak ikerketa bat abiatu zuen herenegun gauean, eta atzoko jakinarazi zuen ez dagoela zantzurik sutea nahita eragindakoa izan dela adierazten duenik; halere, aurreratu zuen ikerketa «luzea eta konplexua» izango dela. Oraingoz, herenegun katedralean lanean izan ziren langileak galdekatzen hasi dira.

Klase politikoa

Ezbeharrak politikaren atsedenaldia eragin du, epe labur baterako izango bada ere. Macron Eztabaida Nazional Handitik ateratako ondorioen berri ematekoa zen sutea piztu zenean, eta, Eliseok atzo jakinarazi zuenez, agerraldi hori zehazteke dagoen data batera atzeratu dute. Horretaz aritu zen Frantziako presidentea atzoko adierazpenean: «Zuengana itzuliko naiz datozen egunotan, era kolektiboan jardun dezagun eztabaidaren ondoren». Frantziako hedabideek zabaldurikoaren arabera, neurri politiko eta ekonomikoak ditu prestatuak Jaka Horiek sorturiko krisiari erantzuteko.

Bada, oraingoz, gobernua Notre Damen sutearekin loturiko auziekin buru-belarri arituko da. Edouard Philippe lehen ministroak berreraikitzeko lanei buruzko bilera bat izan zuen atzo, eta gaurko ministroen kontseiluan ere lan horiez arituko dira. Europako hauteskundeetarako kanpaina ere bertan behera utzi dute Frantziako alderdiek.

Parisko kaleetan, atzo arratsaldean hainbat herritarren harridurak bere horretan jarraitzen zuen, eta sare sozialetan ere herenegun gaueko gertakariaren irudiak eta bideoak etenik gabe ugaritu ziren. Macronen esaldi batean laburbildu da Frantziaren eta Mendebaldearen harridura: «Suntsiezina dena uste dugunera ere ailega daiteke».

Quasimodo eta Strygeren etxea

Argazki galeria

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ander Perez Zala

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna