Koronabirusa

Adegi bat dator ELArekin soldatak osatzeko erregulazioan daudenei

Finantzaketaren «letra txikia» negoziatu nahi du, «bakarrik» enpresaren bizkar gelditu ez dadin. Gipuzkoako ekonomia %7 eta %10 artean uzkurtuko dela aurreikusi du patronalak

Jose Migel Aierza, Eduardo Junkera eta Patxi Sasigain, atzo. Ekonomiaren argazki iluna helarazi zuen Gipuzkoako patronalak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
Donostia
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Prentsaurreko gela eraldatuan eta maskaren azpian ahoskatutako galderei erantzunez, Adegik espero zen egoera ekonomikoa marraztu zuen atzo, koronabirusak eragindako txikizioa «aurrekaririk gabea» izaten ari dela berretsiz. Baina berritasun bat ere eskaini zuen Gipuzkoako patronalak, ELA sindikatuarekin ados baitago krisi honi aurre egiteko hartu beharreko neurri batean bederen: uste du funts berezi bat sortu beharko litzatekeela aldi baterako lan erregulazioan dauden langileen soldatak osatzeko, «ahalik eta enplegu eta enpresa gehien salbatzeko».

Horraino adostasuna. Funts horren finantzaketan hasten baira desadostasunak, ELAk enpresen irabaziak zergapetzen duen sozietate zerga jarri baitu bere proposamenean funts bereziaren iturri nagusi gisa. Adegik ez du nahi «bakarrik enpresaren bizkar uztea» ahalegin hori, «enpresaren onurak gizarte osoarenak» direla uste baitu, eta «letra txikia» negoziatzeko prest dago, kontuan hartuta «ahalegin kolektiboa» egin behar dela erregulazioan daudenen soldatak osatzeko.

«Erabateko ohiz kanpoko egoeretan erabateko formula ezohikoak hartu behar dira», esan zuen Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendariak. Mahairatutako «ahalegin kolektiboari» buruz zehaztapenak eskatuta, Aierzak «balio kate osoari» erreparatu zion, «enpresek, langileek eta administrazioak» osatzen duten horri. Hau da, langileek ere beren ekarpena egin dezaten nahiko luke patronalak ezohiko neurri hori gauzatu dadin, beharbada PFEZaren bidez, eta administrazioak ere bere ekarpena egitea nahiko luke.

Edonola ere, Gipuzkoako enpresen elkarteak garbi utzi zuen ez duela ika-mikarik nahi inorekin, berdin zaiolako zer mahaitan egin daitekeen akordio bat erregulazioen lansariak osatzeko; «itunerako borondatea badago», Adegi prest legoke xehetasunez hitz egiteko.

Izan ere, patronala asaldatuta dago enpresek aurrez aurre duten egoerarekin. Ekonomiak eta gizarteak bizi duten muturreko egoeraren erakusle dira Gipuzkoako enpresen elkarteak helarazitako datuak: %7 eta %10 artean uzkurtuko da 2020an Gipuzkoako BPG barne produktu gordina, eta 12.000 lanpostu galduko dira lurraldean, azken bi urteetan sortu diren adina. Otsailean aurreikusi zuten %1,8ko hazkundea eta 4.000 lanpostu sortuko zirela. COVID-19ak ilun baina ilunagoa utzi du agertokia ekonomiarentzat uda hastear dela.

Keynesen gorazarrea

Eduardo Junkera presidenteak esplikatu zuen gero eta lan erregulazio gehiago kausa objektiboengatik gertatzen ari direla, «eskaintzaren krisitik eskariaren krisira» igaro dela egoera, eta, «gizartearen ongizatea» enpresarekin zuzenean lotua ikusten duenez, «ahalik eta enpresa gehien salbatzeko ahalegina» eskatu zuen, sektore publikoaren flotagailuari erreparatuz behin eta berriro: «Heterodoxoak izan behar dugu; nola? Behar dugun bezainbeste zorpetuta. Geroa dugu jokoan», erantzun zion bere buruari, Keynesen gorazarre kutsua hartu zuen esaldiz.

Adegiko enpresa kideei egindako inkestak argi islatu du egoeraren «larritasuna», Junkeraren arabera. Enpresen hiru laurdenek uste dute merkatua atzeraldian dagoela; 2009ko apiriletik ez dago datu okerragorik. Izan ere, %21 apaldu dira salmentak urteko lehen lauhilekoan, 2019ko lauhilekoarekin alderatuta. Enpresen hiru laurden eskaera poltsa ahulagoarekin ari dira orain; %25 uzkurtu zaie poltsa hori urteko lehen lauhilekoan. Eta bada beste datu argigarri bat euskal industriak bizi duen amesgaiztoa islatzen duena: enpresen ekoizpen gaitasuna %58raino erori da, inoizko mailarik apalena; 2008ko krisian ere ez zen ikusi halakorik.

Diru publikoa, «topera»

Ba al da baikor izateko arrazoirik? Adegik eman zituen bat edo beste, baina oinarri sendorik gabe, hasteko, ez zuelako jakin zehazten noiz hasiko zen susperraldia. Bitartean, gero eta enplegu gehiago suntsitzen ari da. Adegiko enpresen %66k, ordea, uste dute lantaldeei eutsiko dietela edo handitu egingo dituztela aurten. Gal daitezkeen lanpostuen erdiak merkataritzaren eta ostalaritzaren arloan lirateke. Hala, Gipuzkoako langabezia tasa %10,8ra igoko litzateke urte bukaeran; 2019an %7,3 zen. Baina, Adegiren ustez, nazioarteko merkatu batzuk hasi dira suspertzen, eta «txerto baten zain egon gabe ere» euskal ekonomia hazten has daiteke hilabete batzuen buruan. «Egokitu egin behar dugu, eta lanean jarraitu, oraintxe bertan ari garen moduan», esan zuen Aierzak, prentsaurreko gelaren antolakuntza bereziari eta kazetarien maskarei erreparatuta.

Baina kontua da Adegik ez dakiela noiz iritsiko den suspertzea; baina iristen denerako ahalik eta enpresa gehien nahi ditu lehiatzeko prest, bizirik, eta uste du horretarako«ezohiko neurriak» aplikatu behar direla. Aierzak esan zuen «likidezia, bermeak, zergak atzeratzea, neurri fiskalak, eta maileguak» enpresek behar-beharrezkoak dituzten tresnak direla. «Jarduera ekonomikoari eusten dioten lau motorretatik hiru itolarrian daude: kontsumoa, inbertsioa eta kanpo sektorea. Zuloa gero eta sakonagoa bilakatzen ari da. Gainbehera hori eteteko modu bakarra gastu eta inbertsio publikoaren motorra ahal bezain azkarrena eta guztiz aktibatzea da». Oso garbia izan zen enpresak eta enplegua salbatzeko diru publikoaren iturria «guztiz» zabaltzeko eskaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.