Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Bilduren azken zerga

Aberastasunen eta fortuna handien gaineko zerga erreformatuko dute EAJk eta PSEk, Bizkaiko eta Arabako ondare zergarekin harmonizatzeko
Xabier Olano (EH Bildu), atzoko inbestidura saioan.
Xabier Olano (EH Bildu), atzoko inbestidura saioan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ivan Santamaria -

2015eko ekainak 24

Gipuzkoako foru gobernutik Bilduk eraiki zuen zerga sistemari azken kolpea emango diote EAJk eta PSE-EEk. Aberastasunen eta fortuna handien gaineko zerga erreformatuko dutela iragarri dute bi alderdiek. Moldaketa horren helburua zein izango den ere aurreratu dute: gaur egun Arabak eta Bizkaiak indarrean dituzten ondare zergekin harmonizatzea.

Jeltzaleek eta sozialistek 2013. urteko irailean hasitako bidean urrats logikoa da. Orduan errenta eta sozietate zergak aldatzeko erreforma hitzartu zuten bi alderdiek, lankidetza akordio zabalago baten barruan. Kanpoan geratu zen aberastasunaren gaineko zerga. Kanpainan EAJk argi utzi du hura kentzeko asmoa, eta PSEk ere aldatzeko prest azaldu da, harmonizazioaren izenean.

Aurreko legealdian, PSE-EEk eman eta kendu zituen gehiengoak Gipuzkoan. Legealdiaren hasieran Bilduk proposatutako aldaketak negoziatu, hitzartu eta babestu zituen. Aberastasunen eta fortuna handien gaineko zerga sozialisten aldeko botoarekin atera zen aurrera Batzar Nagusietan. EAJrekin sinatutako akordioak bazkide aldaketa ekarri zuen, baita zerga kontuetan ere.

Eredu ezberdina

Ondarea zergapetzeko araudietan beste eredu bat proposatu zuen Bilduk. Tasa txikiagoak eta salbuetsitako ondare handiagoa utzi zituen, baina, horren ordez, aldez aurretik zituen muga batzuk ezabatu zituen. Batetik, zerga ezkutua delakoa kendu zuen. Horren arabera, zergapeko batek ezin zuen errentan duen oinarriaren %65 baino gehiago ordaindu ondare zergan. Bestetik, enpresetan izandako parte hartzeak ere ez ziren ordaintzetik libratuko. Hala ere, parte hartze horientzat %75eko zerga hobaria jarri zuen Gipuzkoako aldundiak.

Lehenik, erreformaren eragina gutxietsi zuen EAJk, Araban eta Bizkaian jeltzaleek eta PPk adostutako ondare zergarekin alderatuta. «Ezkerretik aurreratu ditugu», modukorik ere esan zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, euren proiektuaren aurkezpenean. Laster, ordea, Adegi patronalak herrialdeko enpresak «arriskuan» jarriko zituen zerga izango zela ziurtatu zuen. Handik aurrera, EAJk ere bat egin zuen ideia horrekin zerga berriari aurka egiteko.

Aberatsen ihesik ez

Besteak beste, zergapeko aberatsenak Gipuzkoatik ihes egingo zutela bihurtu zen kritikarako elementu nagusia. Zergak Gipuzkoan ordaindu beharrean, nahiago izango zutela ondare zergarik ez duen Madrilera alde egitea. Balizko ihes horren teoria bultzatu zuen, esaterako, Arantza Tapia Ekonomiaren garapen eta lehiakortasunerako sailburuak.

Datu ofizialek ez dute tesi ezkor hori babestu, ordea. 2013ko kanpainan 49 zergapekok alde egin zuten Gipuzkoatik, eta ez dago argi aldaketagatik izan zen. Bizkaian, urte berean, 60 izan ziren. Edonola ere, zerga ordaintzera derrigortuta daudenen %1 baino gutxiago izan ziren, bietan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Marbore tontorrera iritsi berri, argiak kolokatzeko lanetan jarri ziren parte hartzaileak. ©MIKEL EGIBAR

Bide eder bat tontorrera

Iosu Alberdi

Gure Esku-k antolatutako egitasmoa bizitzeko moduak askotarikoak izan dira. Mendi garaiago edo txikiagoetara igo, lagunarteko giroa nabarmendu dute parte hartzaileek.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak harrera egin zien Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileei ekainaren 22an. ©E. P. / FOKU
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak harrera egin zien Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileei ekainaren 22an. ©E. P. / FOKU
Zurekin Nafarroa koalizio berriaren aurkezpena, atzo. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zurekin Nafarroa ezkerreko koalizioa aurkeztu dute

Yasmine Khris

Ahal Dugu, Ezkerra, Batzarre eta independenteen talde bat batu dira, «ezker feminista, berde eta transformatzailearen» indar berria izateko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...