G7koen goi bilera blokeatzeko asmoa azaldu diote Michel Veunaci

Miarritzeko auzapeza 'G7 Ez' plataformako kideekin bildu da agorrileko goi bilera aipatzeko. Plataformako kideen arabera, kontrakoak ere manifestatzearen alde egin du Veunacek

G7 Ez plataformako kideak, atzo, Miarritzeko herriko etxe aitzinean egin zuten agerraldian. GUIILAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Biarritz
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ez dadila izan galdetu ez izanagatik. G7koen goi bilera ez egiteko eta Miarritzeko (Lapurdi) Herriko Etxeak bere azpiegiturak goi bileraren esku ez uzteko eskatu zioten atzo goizean G7 Ez plataformako kideek Michel Veunac Miarritzeko auzapezari. 40 minutu eskas iraun zuen bilkurak, eta goi bileraren kontrako argumentuak aurkeztu zizkioten. Sorpresarik gabe, G7koen defentsa hartu zuen Veunacek, baina plataformako kideen arabera, kontrakoek manifestazioak egin ahal izatearen alde mintzatu zen. BERRIAk behin eta berriz eskatu badio ere, Miarritzeko auzapezak ez du bilkuraren baloraziorik egin nahi izan. Plataformako bost kideak herriko etxe aitzinean elkartu ziren agerraldia egiteko.

«Biziki jarrera suharrarekin hartu gaitu», azaldu zuen Dominika Daguerre plataformako kideak: «Etengabe hitza mozten zigun». Plataformako kideen arabera, orain arte jendaurrean emandako diskurtsoari eutsi zio Veunacek: «G7koen goi bilera Miarritzera etor zedin berak nahi zuela erran digu. Sinetsia da onura ekonomikoak ekarriko dituela», adierazi zuen Pettan Latailladek.

Alta, plataformakoen hitzetan, Miarritzeko dendariak kexatzen hasiak dira hornikuntza aldetik arazoak izango dituztela eta segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dituztela aurreikusten dutelako. «Goi bilera jorratzera etorriko diren 4.000 kazetariek bertan erosketak eginen dituztela diote, baina, izanen diren segurtasun neurriekin pentsa dezakegu ez dutela [Ipar] Euskal Herria bisitatzeko denbora eta aukera handirik izanen», iradoki zuen Danielle Nopalek. Plataformako kide izateaz gain, Miarritzeko herritarra ere bada; gailurraren garaia miarriztarrentzat «infernua» izanen dela baieztatu du. 2011n G8koen gailurra hartu zuen Frantziako Dauville herriko auzapezaren balorazio gazi-gozoa ekarri zuen gogora, halako goi bilerek hiriarentzat onurarik ez dutela ohartarazteko. Atzo arratsean egitekoa zuten G7koen gailurrari buruzko lehen informazio bilkura, herriko kasinoan, auzapezarekin eta Herve Jonathan Baionako suprefetarekin. Beste halako bost aurreikusiak dituzte hurrengo asteetarako.

G7koen gailurraren harira hartuko dituzten polizia neurriei begira ere kezka agertu zioten G7 Ez plataformako kideek Michel Veunaci. «Iazko Alemaniako G20koenean istilu larriak egon ziren, 2001ean poliziak gazte bat hil zuen Genevan (Italia)», oroitarazi zuen Hartzea Lopezek. Abenduaren 18an Miarritzen izandako gertakariak ere gogora ekarri zituen. «Polizia dispositibo arina hitz eman ziguten, eta, azkenerako, neska gazte bat larriki zauritu zuten pilotakada baten ondorioz», salatu zuen, Lola Villabrigaren kasua gogora ekarriz.

Pirinio Atlantikoetako prefetak departamendu guztian manifestatzeko debekua ezartzea aipatu ondotik, G7koen goi bileraren kontrako ahotsak zer leku izanen zuen argitzeko eskatu zioten plataformako kideek Veunaci, eta hura manifestazioak egitearen alde agertu dela baieztatu zuten. «Baina eskapatu zaio nahiago duela manifestazio horiek isiltasunean eginen balira», ironizatu zuen Latailladek. Oraingoz, aukera guztiak aztertzen ari dira plataformako kideak, eta espero dute laster jakinarazi ahal izatea agorril bukaerarako planteamendua. «Gure helburua da gailurra ez egitea, eta, egiten bada, erabat blokeatzen saiatu gara», aurreratu zuen Lopezek.

Oldartu gazte dinamika

G7koen goi bilera Miarritzen antolatzearen «inposizioari eta probokaziari» aurre egiteko Oldartu dinamika abiatu du Ipar Euskal Herriko gazte talde batek. «Ez dugu G7koen goi bilerarik nahi, ez hemen ez nehon», adierazi dute agiri batean, «haserrea eta sumina» antolatzera deituz.

«Kapitalaren legeak bermatu, elite ekonomikoen interesak defendatu eta esplotazioa betikotzeak elkartzen ditu G7koen estatuburuak. Finantza erakunde handienekin batera, sistema kapi- talistaren mundu mailako norabidea finkatzeko boterea dute eskuen artean», adierazi dutenez. G7koek ordezkatzen duten sistema errotik iraultzeko borondatea erakutsi dute, baina haien iritziz, goi bilerak iraunen duen egunetan mobilizatzeaz gain, etengabekoa izan behar da euskal gazteriaren borroka sistema kapitalistak Euskal Herrian dituen «aliatuen» kontra. «Jakintza teoriko eta praktikoak kolektibizatu, desobedientzia zibila landu, eta alternatiben bozgoragailu izan nahi dugu gazteok. Bide batez, pertsona askez osaturiko herri burujabe baten alde gure ekarpena eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.