Koronabirusa

Zaintzan eta gizarte zerbitzuetan grebara deitu dute sindikatuek

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek urtarrilaren 26rako egin dute lanuzterako deia, baina bakoitzak bere aldetik. Zaintzaren eta gizarte zerbitzuen publifikazioa eskatzen dute

ELA sindikatuak atzo egin zuen zaintza eta gizarte zerbitzuetako greba deialdia, Bilboko egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 26a mobilizazio eguna izango da zaintza sektorean eta gizarte zerbitzuetan. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk greba egiteko deia egin diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginei. Egunarekin bat egin dute sindikatuek, baina ez deialdiarekin, eta, horregatik, mobilizazioak bakoitzak bere aldetik egingo dituzte. CCOOk atzo erregistratu zuen lanuztea Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan; ELAk eta LABek, berriz, greba egiteko arrazoien berri eman zuten, zeinek bere agerraldian. ELAk azaldu zuenez, «berri pozgarria da» eragile sindikalek greba egunean bat egin izana. Areago: «Ziur gaude eguneroko borroketan denok jarrera bera bagenu askoz hurbilago egongo litzatekeela zaintza ereduaren aldaketa».

Sindikatuek bat egin dute egoeraren analisian. Loli Garcia CCOOko idazkari nagusiak honela hitz egin zuen atzo, mobilizazioa ofizialki erregistratu berritan: «Txalo egitetik ekintzetara igaro beharra daukagu, eta omenaldietatik sektore hauetako langileentzako baldintza duinak eskatzera». Zaintza sektorearen egoera «aspaldikoa» dela salatu zuen, baina pandemia egoerak«agerian» utzi duela zaintzaren eta zerbitzu sozialen egoera. ELAk salatu duenez, zaintzaren eremua «merkantilizatuta» dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Etekin ekonomikoa lehenesten dute, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, diru publikoz finantzatuta». LABek ere antzeko egoera bat gaitzetsi zuen. Zainketen funtzioa ez dela aintzat hartzen azaldu zuen, eta sektorea negozioa egiteko erabili izana kritikatu: «Administrazioak badaki gizarte zerbitzuen multzoak, erabiltzaileen bizi baldintzek eta langileen lan baldintzek okerrera egin dutela etengabe».

Bat datozen analisi horretatik aurrera, ordea, sindikatuek ez dute bat egin eskaeretan, nahiz eta aldarrikapen batzuk denek egiten dituzten: zaintza sektorearen eta gizarte zerbitzu guztien publifikazioa da sindikatu denek egiten duten lehen eskaria. ELAk zehaztu du zein diren publiko bihurtu beharko liratekeen zerbitzuak: etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, egoitzak, etxebizitza komunitarioak, tutoretzapeko etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk. Horrez gain, langileen baldintzak hobetu behar direla aldarrikatu dute, baita arretarako ratioak handitzeko beharra ere.

Hortik aurrera egindako aldarrikapenak sindikatu bakoitzarenak izan dira. ELAk, esaterako, eskatu du zuzeneko eta azpikontratatutako langileak subrogatzea; horrez gain, 10.000 profesional gehiago kontratatzea, eta lanaldia %100era luzatzea; LABek, berriz, gizarte zerbitzuen multzoa arautzeko beharra azpimarratu du, eta esan erabiltzaileen eta langileen parte hartzea sustatu behar dela horretarako; behar besteko aurrekontuak bermatzeko ere exijitu dute; CCOOk, azkenik, etxeko langileak aintzat hartzeko zenbait neurri eskatu ditu; besteak beste, hitzarmen kolektibo bat negoziatzen hastea, eta langabeziarako eskubidea izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.