Julen Bollain. Ekonomialaria

«Etxebizitzaren jabearen poltsikora doan txeke zuri bat da laguntza»

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak emantzipaziorako iragarritako diru laguntzak «adabaki» bat direla uste du Julen Bollain ekonomialariak (Eibar, Gipuzkoa, 1990). Etxebizitza politika «sendoak» abiatzea eta oinarrizko errenta bat ezartzea proposatu du.

Diru laguntza hori eraginkorra izango al da?

Neurria ez da nahikoa. Gazte asko laguntza horretatik kanpo geratuko dira, tartean babes ofizialeko etxebizitzak dituztenak, 18 eta 25 urte artean dauden gazteak, edo 29 urte baino gehiago dituztenak. 32 eta 35 urte arteko pertsona askok ez dute soldata duinik, eta prekaritatean bizi dira. Beraz, neurri hau adabaki bat da. Behin eta berriz ari gara zauri handi batiadabakiak jartzen. Egiturazko arazo bat daukagu gizartean, eta halako neurri bat koiunturala da, bi urtez bakarrik jaso ahal izango delako. Gainera, ikusten ari gara adabaki hauek ez dutela bere helburua betetzen, Europako emantzipazio tasarik berantiarrena garelako oraindik ere: Europako batez besteko emantzipazio tasa 26 urtekoa da; hemengoa, 30 urtekoa.

Zuzeneko laguntza hori emateak eragina izan dezake alokairu prezioetan?

Alokairuan dagoenari zuzenean 300 euroko laguntza ematea, azkenean, etxebizitzaren jabearen poltsikora doan txeke zuri bat da. Gainera, alokairuko etxeen prezioak are gehiago igo ditzake neurri horrek. Gazteentzako etxebizitza politika indartsu eta sakonak dituzten herrialdeetan, Danimarkan, Finlandian edo Suedian, emantzipazio adina, batez beste, 19 eta 21 urte artekoa da. Bide luzea dugu egiteko oraindik.

Zein beste gabezia ikusten dizkiezu diru laguntzei?

Eskubidearen subjektua bizikidetza unitatea denez, ez da pausorik ematen inoren emantzipazioa bermatzeko. Laguntzek indibidualak behar dute, eta, horretarako, oinarrizko errentaren neurria askoz interesgarriagoa eta eraginkorragoa da, subjektua pertsona delako, etalaguntzak indibidualak eta unibertsalak direlako.

Zeintzuk dira gazteen emantzipaziorako trabarik handienak?

Etxebizitzaren prezioek, soldata apalek eta lan merkatu prekarioak ezinezkoa egiten dute bizitza proiektu bat eraikitzea. Alde horretatik, pertsonak erdigunean jartzen dituzten bestelako politika batzuk behar dira. Eta laguntza hauek adabakiak dira, ez doazelako arazoaren errora.

Zein neurri beharko lirateke, zure ustez, emantzipaziorako?

Oinarrizko errenta bat ezartzea onuragarria da emantzipaziorako. Emantzipazioa bermatzeko modua emateaz gainera, denboralibre gehiago emango lieke gazteei, eta, denborari esker, gazteak askoz ere askeagoak izango lirateke bizi proiektu bat eraikitzeko. Politika publikoek, berriz, eskubideetan oinarritutako politika sozial zabalak bermatu beharko lituzkete. Etxebizitza politiketan gabezia handia dugu, eta horrek isla garbia du emantzipazio berantiarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.