Hauteskundeen biharamuna

Otegiren ustez, orain «pilota» PSOEren eta UPren teilatuan dago

Jakin nahi du ea autodeterminazioaz hitz egiteko prest dauden. EH Bilduk talde propioa edukiko du kongresuan. Atzerriko botoak zenbatuta, EAJk zazpigarren diputatua galdu du

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, koalizio subiranistak Donostian duen egoitzan atzo egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
EH Bilduk ez du argitu PSOEren eta UP Unidas Podemosen arteko gobernuari bide emango dion. Dena dela, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak atzo nabarmendu zuenez, «pilota ez dago independentisten teilatuan», Pedro Sanchezenean eta Pablo Iglesiasenean baizik. Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko inbestidura posible batean zer bozkatuko duten erabaki aurretik, koalizio subiranistak kongresuan izango dituen bost diputatuek jakin nahi dute ea sozialisten eta UPren liderrak prest dauden autodeterminazioaz hitz egiteko. «Demokraziaren aldeko agenda bat» mahai gainean jartzeko eskatu die Otegik. «Afera ez da guk zer egingo dugun, baizik eta haiek zer egin nahi duten. Jakin nahi dugu zer egiteko prest dauden».

Iruditzen zaio, halere, aurrekariak ez direla «onak» Sanchezi dagokionez. Izan ere, Otegik gogorarazi nahi izan zuenez, Espainiako jarduneko presidentea «inboluzioaren olatuan» igota dago. Eta hori azaltzeko adibide bat planteatu zuen: PSOEko presidentegaiak zigor kodea erreformatu nahi duela kontsultak debekatzeko asmoz. Otegiren iritziz, horrenbestez,«desdemokratizazioaren» aukera dago orain mahai gainean.

Sanchezek eta Iglesiasek koalizio gobernua osatzeko herenegun plazaratutako aurreakordioak —«intentzioen dokumentu bat» dela adierazi zuen Otegik agerraldian— hamar puntu ditu, eta horietako bat Kataluniako auziaz mintzo da espresuki. Horren arabera, Espainiako Gobernuaren lehentasuna izango da Katalunian «elkarbizitza bermatzea». EH Bilduko buruak PSOEri eta UPri ohartarazi nahi izan die «elkarbizitza arazorik» ez dagoela ez Katalunian, ez eta Euskal Herrian ere. «Arazo politiko bat dago, eta irtenbide politikoak behar ditu. Irtenbidea da jendeak bozkatzea eta bere etorkizuna erabakitzea. Arazoa da katalanek eta euskaldunok libreki eta demokratikoki erabaki nahi dugula gure etorkizuna».

Eta, Katalunia aipatuta, joan den urriaren 25ean Llotja de Marren (Bartzelona) Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako hamar indar subiranistak sinatutako adierazpena mahaigaineratu zuen Otegik. Hor dago laburbilduta EH Bilduk PSOEri eta UPri eskatzen diena. Bost puntu biltzen ditu adierazpenak; tartean, autodeterminazio eskubidea gauzatu ahal izatea. Beste batek «preso politikoen askatasuna eta iheslarien itzulera» aldarrikatzen du. Otegik oroitarazi du UP presoak urruntzearen aurka azaldu izan dela. «Ikusiko dugu [haien] gobernuak posizio hori defendituko duen».

ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts Per Catalunyak eta CUPek ere sinatu zuten Llotja de Marreko adierazpena, eta Otegik atzo esan zuen inbestiduran zer egin erabakitzeko «alderdi katalan guztiekin» hitz egiten ari direla. «Uste dugu arazo berberen aurrean erantzun berbera eman behar dela».

Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteordeak (ERC) Sanchezen inbestiduran ezetz bozkatzekotan daudela berretsi zuen, atzo, Catalunya Radion. Kataluniako auzia konponbidean jartzeko, negoziazio mahai bat eskatzen du. «Mugitzea espero dugu. Ezin dute konfiantza itsua eskatu». Antzera mintzatu zen Quim Torra Generalitateko presidentea (JxC). Elkarrizketa mahai bat planteatu zuen, atzo, Kataluniako Parlamentuan egindako kontrol saioan, eta esan zien PSOEri eta UPri «Kataluniarentzako proposamen bat» egiteko.

Baina ezezkoan dago Sanchez. Azken hilabeteotan negoziatzearen aurka agertu da, eta Torraren telefono deiei erantzun ere ez die egiten. Halere, Ciudadanosek azkenean ezetz bozkatzen baldin badu, PSOEren presidentegaiak ezkerreko independentisten abstentzioa beharko du inbestidurako bigarren bozketan, gehiengo sinplearekin presidente izendatua izateko.

Horren harira, atzerriko botoen zenbaketa bukatu zuten atzo, eta EAJk diputatu bat galduko du (Jon Aiartza), PPren (Bea Fanjul) mesedetan. Horrenbestez, jeltzaleek sei eserleku edukiko dituzte Kongresuan, eta PPk, 89. EAJk jakinarazi du ez duela zenbaketa inpugnatuko.

Zenbaketa hori aintzat hartuta, EH Bilduk baieztatu du talde parlamentario propioa edukiko duela Madrilen —ezker abertzaleak lehendabizikoz lortu du—. Izan ere, horretarako beharrezkoak diren bi baldintzak bete ditu. Batetik, bost diputatu lortzea, eta, bestetik, aurkeztutako barruti bakoitzean botoen %15 bereganatzea.

Lan erreformaz

PSOEren eta UPren aurreakordioaren lehen puntuak aipatzen du «enplegua sortzea» eta «prekaritateari aurre egitea» dutela helburu. Otegik hori ere izan zuen hizpide, eta leporatu zien Sanchezi eta Iglesiasi ez dutela esaten «lan erreforma»kenduko dutenik, ezta «pentsioen erreforma egingo dutenik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.