Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Ziurtagiri digital berdea

2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertaketa aurrera doan heinean, handitu egin da herrialde eta erakundeek egiten duten presioa COVID-19ari lotutako osasun egoeraren ziurtagiri bat lortzeko; batez ere, pertsonen mugikortasuna errazteko eta ekonomiak suspertzeko. Gure bizitza normaltasun batera bideratzeko desirarekin, azken finean.

Israelek badu baimen berdea deritzona. Kasu honetan bertako agintariek hainbat pizgarri ezarri dituzte, batez ere, taldeko immunitatea lortzeko, arreta medikoko sistemaren gaineko presioa murrizteko eta murrizketa sozialak kentzeko asmoz. Baimen berdearen helburua da herritarrak txertoa hartzera bultzatzea COVID-19 larria izateko arrisku txikiena dutenak barne, % 95eko immunizazio tasa lortzeko saiakera nazional baten bidez.

Europako Batasunak ere ziurtagiri digital berdea aurkeztu egin du. Gaixotasuna azken sei hilabeteetan pairatu eta antigorputzak dituztenek, Sendagaien Europako Agentziak baimendutako txertoekin txertatuta daudenek edo PCR batean negatibo emandakoek lor dezakete ziurtagiri hau. Agintariek esan dute ez dela diskriminatzailea izango hori lortzeko hiru baldintzak betetzen ez dituztenekin. Badirudi ziurtagiri hau Europako Batasuneko estatuen arteko mugikortasunerako baliagarritasuna finkatzera mugatzen dela, batez ere udari begira.

Alde batetik, ondo legoke askatasuna emango digun baliabide bat izatea edozein lekutara mugitu ahal izateko, baina, bestetik, birus honen transmisioari buruzko hainbat galdera erantzun gabe daude oraindik.

Osasunaren Mundu Erakundeak eta Gaixotasunaren Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak zalantzan jartzen dute ziurtagiri hau eta arriskutsua izan daitekeela diote.Lehenik eta behin, gaur egun jakina da txertoak koronabirusengatiko sintoma larriak babesten duela baina txertatua egoteak ez du esan nahi guztiz babestuak gaudenik. Orain dauden txertoak ez dira %100 eraginkorrak, beraz, gerta liteke txertatuta egotea eta guztiz immunizatua ez egotea. Bigarrenik: txertatukoak infektatu daitezke eta, oraingoz, ezezaguna da hauek beste pertsona batzuk ere kutsa ditzaketen ala ez; gaixotasun infekziosoetan ez baitira gauza bera infektatu eta kutsatu hitzak, nahiz eta askok sinonimotzat kontsideratu. Hirugarrenik, immunitateak zenbat denbora irauten duen, ezezaguna da hori ere; beraz, ziurtagiri horiek epe mugatu bat izan beharko lukete, momentuz.

Bestalde, PCRa eginez emaitza negatiboa izanik ziurtagiri berdea ere lor daiteke. Zientzian eta, kasu honetan, diagnostiko mikrobiologikoan, ezin da esan %100ean proba bat negatiboa izanik, pertsona hori ez dagoela infektatua, negatibo faltsua izan daitekeelako.

Beraz, ziurtagiri honen benetako arazoa da segurtasun faltsu bat eman diezaiokeela jaso eta eramaten duenari, osasun publikoko arazo bat bihurtuz. Dudarik gabe, ziurtagiria izanik ere, zentzuzkoa izango litzateke prebentziorako babes neurri guztiak une oro mantentzea, edonon egonik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.