Ia ukitu daitekeen gogoa

Nafarroako zahar etxeetako egoiliarrak atzo hasi ziren senideen bisitak jasotzen. Lizarrako San Jeronimon gune bereziak prestatu dituzte horretarako.

Maider Galardi
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Kasik hiru hilabeteren ostean, atzo elkartu ahal izan ziren Nafarroako zahar etxeetako egoiliarrak beren senideekin lehen aldiz. Oraindik bisitak mugatuak dira: inor kutsaturik ez dagoen egoitzek soilik dute baimena, baina apurka ari dira senide eta adinekoak elkartzen. Nabari da gogoa, David Cabrero Lizarrako (Nafarroa) San Jeronimo egoitzako zuzendariaren arabera: «Egoiliarrak zirraraz beterik daude, eta aste honetarako bisita ordu guztiak erreserbatuta ditugu dagoeneko». Elkarrekin egoteko moduak ere ezohikoak dira oraindik: senideek eta egoiliarrek ezin dute elkar ukitu, ordu erdiko tartea bakarrik daukate batera egoteko, eta bisitara doazen senideek bermatu behar dute osasunez ongi daudela. Merezi du ahaleginak, ordea. San Jeronimon etxetxo bat egokitu dute bisitetarako: «Gune intimo, goxo, eroso eta duin bat nahi genuen», azaldu du Cabrerok.

Lizarrako San Jeronimoko langileek egoitzan bertan pasatu dute konfinamendua, egoiliarrek osasun arrisku ahalik eta gutxien izan zezaten. Orduan eskatu zioten OLK gestio eta arkitektura taldeari etxetxo bat eraikitzeko egoitzako lorategian. Orain gune hori atondu dute bisitak edukitzeko. «Nafarroako Gobernuak proposatu zuen kalean egiteko hitzorduak, baina ez zitzaigun bidezkoa iruditzen», azaldu du Cabrerok: «Egoiliarrek eta senideek eskubidea dute pribatutasuna edukitzeko, eta bizilagunek ez entzuteko haien arteko hizketaldiak».

Hortaz, senideak zuzenean etxetxora joaten dira, egoitza barrutik pasatu gabe. Neurri higienikoak bete, eta tenperatura hartzen dute, ondoren. Behin gelan, panel garden baten albo batean itxaroten dute egoiliarra iritsi arte. Ezin dute elkar ukitu, ezta besarkadarik eman ere, baina horretarako ere bilatu dute irtenbidea: zuloak egin dizkiote pareta gardenari;plastikozko poltsak eta eskularruak jarri, eta, behintzat, eskutik hel diezaiokete elkarri.

Hausnartzeko tartea

Itxialdian aurrena, eta bisiten kudeaketarekin ondoren, eredu berrien bila aritu dira San Jeronimon. Eta, orain, gaiaren gaineko gogoeta behar dela uste du Crespok: «Ez geunden prest. Orain, ondo eta gaizki egindakoaren inguruan pentsatzea dagokigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.