Noiz sortua: 2019-07-16 00:30:00

Mariano Ferrer. ANALISIA

Irrati bidezko irakasle eredugarria

Lantokia izan zuen 30 urtez baino gehiagoz.
Lantokia izan zuen 30 urtez baino gehiagoz. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Martxelo Otamendi Egiguren -

2019ko uztailak 16

Ez zitzaion gustatu Juan Mari Bandres zenari Mariano Ferrerek manifestazioetan parte hartzen zuten herritarrak zenbatzeko orduan erabili ohi zuen zorroztasuna, baita Marianoren gustuko manifestazioak zirenean ere. Behin, Franco hil eta oso urte gutxira, Donostian, euskal preso politikoen amnistiaren aldeko manifestazio jendetsua egin zen batean, Marianok parte hartzaileen kalkulua egin berria zeukala —hiru parametro nagusi: luzera metrotan, pertsona metro karratuko, manifestazioaren iraupena—, manifestazioaren antolatzaileetako bat topatu zuen, Bandres. Bandresek sekulako jende pila egon zela eta irratian kopuru handia eman behar zuela iradoki zion Marianori, 30.000 inguru. Marianok, Bandresen etsipenerako, erantzun zion bere lanbidea informazioa ematea zela, ez propaganda egitea, eta berak zenbatutako kopurua emango zuela irratian, eta ez antolatzaileei komeni zitzaiena. Lehen ikasgaia kazetari batentzat, zailena delako askotan gainditzen ez duguna: zure irizpideetatik gertuen daudenekin izan behar duzu zorrotzen, ofizioaren sinesgarritasuna bidelagunen unean uneko interesen gainetik jarrita.

Anekdota horrek ederki adierazten du, horrelako asko kontatzen zizkigun, hil berria zaigun Mariano irakasleak gure lanbideari buruz zeukan ikuspegia. Euskal Herriko kazetaritzaren maisu handi eta oparoa joan zaigu Marianoren heriotzarekin. Berak erakutsi zigun zorroztasuna gure eginda eta horretarako egunik aproposena ez dela ohartuta, nota txarra atera zuen ikasgai batean: euskara. Berandu, oso berandu, iritsi zen oinarrizko ezagutzara. Beste maila erreferentzial bat edukiko zukeen euskarazko kazetaritzak Marianok euskaraz ere garatu izan balu bere jakintza.

Zorrotz jardun zuen Marianok, nahiz askotan zorroztasun horrek oso egoera ezerosoan jarri bera. Gogoan izatekoa da ETB2ko Sin permiso eztabaida saioaren arduradun eta aurkezle zela erakutsi zuen sendotasuna. Alderdi demokratikoek ezker abertzaleari boikota egiten zioten garaia zen, 1989ko urria. Programaren lehen atalean, Marianok gizarteak politikoen gainean zeukan iritziaz jarduteko adituak eraman zituen saiora, eta alderdi politikoetako ordezkariak gonbidatu zituen publiko balira bezala. Ezker abertzalea ere gonbidatu zuenez, boikota muturreraino eramanda, EAJk, EEk, PSOEk, CDSk eta PPk uko egin zioten programan parte hartzeari. Ezker abertzaleko kide Iñaki Esnaolarekin batera, soilik Joseba Azkarraga (EA) eta Isabel Lopez Aulestia (Ezker Batua) egon ziren. Marianok ez zuen atzera egin, nahiz alderdi nagusiek boikota egin programari. Beste kazetari askok, ondorioen beldur, bertan behera utziko genukeen saioa. Marianok ez, egin egin zuen saioa, demokratak lotsarazita eta kazetarioi lezio bat emanda. Komunikazio Zientzien fakultateetako sarreretan jartzeko modukoa.

Beste bat. Ertzaintza Donostian hedatu berritan, intsumisoek protesta eserialdia egin zuten Bulebarrean asteburu bateko eguerdi batean, eremu hori artean zirkulaziorako irekita zegoela. Ertzaintzaren lehen esku hartzea izan zen Donostian, eta aurrekoak baino goxoagoak ez zirela izango lehen egunetik argi uzteko, sekulako egurra eman zieten furgonetatik atera eta berehala lurrean era baketsuan eserita zeuden manifestariei. Ez ahaztekoa da hurrengo astelehenean askoren oroimenean iltzatuta geratu den El Kiosko de la Rosi saioan egin zuen analisi gogorra. Gutxitan bezala entzun genuen Mariano tonua altxatuta, haserre, berezko zuen patxada esekilekuan zintzilik utzi zuen jakaren sakelan nahita ahaztuta.

Minez, baina ez gorrotoz, kontatzen zuen beste askorekin batera sortu berria zuten Egin egunkariko arduradun politikoek, ETAk Nafarroan egin zuen lehen hilketa editorial batean kritikatu zuelako, irteerako bidea erakutsi ziotenekoa. Horrek ez zion inoiz eragotzi erabateko elkartasuna adieraztea Egin-i Baltasar Garzon magistratuak bidegabeki itxi zuenean. Lan konprometitua egin zuen, jakinda ordura arte zabalik zeuzkan ate batzuk itxita aurkitzeko arriskua zeukala. Horren adibide, 18/98 sumarioko akusatuak jasaten ari ziren injustizia salatzeko sortu zen elkartasun batzordean egindako jostun lana eta parte hartutako ekitaldi sorta luzea. Bost axola Marianori konpromiso horien ondorioak, oinarrizko eskubideak urratuta zeuzkaten herritar batzuen egoera larria lehenesten zuelako. Bigarren ikasgaia kazetariontzat. Eskubideak unibertsalak dira, horien falta jasaten ari dena ideologikoki gertukoa edo urrutikoa izan.

Euskaldunon Egunkaria-ko langileok eta zuzendaritzako kide auzipetuok ez dugu sekula ahaztuko itxiera gertatu zenean Marianok erakutsi zigun elkartasuna.

Jendaurreko azken jarduna Tolosan egin zuen, apirilaren hasieran, Garbiñe Biurrun magistratuarekin batera Gara-ri ezarri nahi dioten espolioa salatzeko mahai inguruan.

Gaur egun gero eta maizago ikusten ditugu, komunikazio teknologia berriak erabiliz, aldi berean mundu osoko milaka ikasleei eskolak ematen dizkieten irakasle unibertsalizatuak. Aspaldi asmatu zuen Marianok metodo hori, irrati bidezko unibertsitatea esan geniezaiokeena. Zer zen bada, askotan, Donostiako Herri Irratian egin zuen El Kiosko de la Rosi irratsaioa kazetaritza eta gizarte eskolak emateko fakultatea ez bazen?

Hizlari bikaina, hitza hartzen zuenean entzuleek ikasle moduan jartzen zuten beren burua, jakinda ondo landutako eskola magistrala emango zuela. Oso gutxik bezala menperatzen zuen hitzaldiaren teknika, maisua baitzen hitzaldiaren muin nagusiak, katebegiak balira bezala, bata bestearen atzetik kateatzen. Ondo tartekatzen zituen hitzaldian zehar entzuleari egindako interpelazioak, zuzenean batzuetan, zeharka gehienetan.

Gehiegikeriarik gabekoa zen Mariano. Austeroa bere bizitza pribatuan, behin baino gehiagotan entzun genizkion «zergatik erosi behar ditugu urtero hiru alkandora berri iaz erositakoak estreinatu gabe baldin badauzkagu» bezalako kezkak.

Maisu garrantzitsua galdu du gure herriko kazetaritza eskola ez arautuak. Asko zor diogu kazetariok eta herritarrek.

Ikusten duzu Mariano, zure horrenbeste hitzaldi entzun eta txosten irakurrita, ez dugu hala ere ikasi lau ideia taxuz josten.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Brasiliako dendetako langileak, COVID-19 proba egiteko ilaran. ©Joedson Alves / EFE

5,6 milioi gaixotu dira munduan, eta 350.000 baino gehiago hil

Berria

Munduan 5.594.175 kasu positibo baieztatu dituzte, eta 350.531 lagun hil dira COVID-19aren eraginez. Oraindik ez dira sendatu kutsatutakoen erdiak ere. Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera, 2.288.579 dira sendagiria jaso dutenak.

Kubako mediku espezialistak Italiara iritsi berritan, pandemiari aurre egiten laguntzera ©ERNESTO MASTRACUSA / EFE

Politika berdeak pandemiaren aurka

Arantxa Elizegi Egilegor

Mundu osoko 40 milioi osasun langile ordezkatzen dituzten 350 erakundek eskatu diete G20ko kideei balia dezatela krisia kutsaduraren eta klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko

<b>Laborategia.</b> Lan eskerga egiten ari dira zientzialariak birusa menderatzeko. ©S. MOREIRA / EFE

Bio zigiluaren balio erantsia

Xabier Martin

Maskaren ekoizpenean erreferentzia bihurtu da Euskal Herria, baina laborategian ere ari dira birusaren aurka biozientziaren esparruan jarduten duten euskal enpresak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna