Koronabirusa

«Egoitza medikalizatzea nahi dugu»

Gasteizko Sanitas San Miguel zahar etxea gogor jo du gaitzak: 11 egoiliar hil dira, eta dozenaka kutsatuta daude. Senideak kezkatuta daude.

Gasteizko San Miguel zahar etxea. RAUL BOGAJO / FOKU.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Egun artegagarriak dira Nerea Artamendirentzat eta haren familiarentzat. Gasteizko Sanitas San Miguel adinekoen egoitza gogor jo du COVID-19 eritasunak: 11 egoiliar hil dira dagoeneko, kutsatuta daude dozenaka batzuk,eta beraiek han dute bihotzaren parte bat: «Han dugu amama; 95 urte ditu». Birusa zabaltzen hasi ahala, eta egoitzan ere agertu zela jakin ostean, une zail asko igaro dituzte, esan duenez. Martxoaren 8tik, gainera, itxita dago egoitza: bisitarik ez dute onartzen. Malda gora egin zaie ordutik absentzia. Are gehiago orain dela astebete jakin zutenetik positibo eman zuela amamak: koronabirusa du hark ere. «Baina ez dugu sentitu ondo informatu gaituztenik. Eta guk horixe eskatzen dugu: informazioa». Hainbat egunez oso urria izan zela esan du. Orain, zabaldu diete iturri bat: baina meharregia iruditzen zaie oraindik. «Hasi zaizkigu eguneroko partea ematen: koronabirusaren sintomei buruzkoa. Alegia, esaten digute sukarrik baduen, edo eztulik egiten duen...». Ez da aski beraientzat; eman ezin dituzten laztanen egarri, gehiago behar dute: «Ez digute esaten zer moduz egin duen lo, zer moduz jan duen, triste dagoen... Horren guztiaren falta sumatzen dugu. Informazio gehiago behar dugu».

Egunotan beste hobekuntza bat ere ikusi dute: lortu dute zuzenean telefonoz hitz egitea amamarekin, haren ahotsa entzutea. «Arnasa hartu dugu». Oraingoz, gainera, ondo bidean doa eritasuna. Adinekoei gogor erasaten die normalean, baina birus honen eboluzioa zein izango den antzematea ez da erraza sarri: «Gure amamak, esaterako, ez du inolako sintomarik. Ondo dago». Beste egoiliar asko, dela eritasunaren ondorioz, dela aurretik zituzten beste hainbat patologiaren eta mendekotasunen ondorioz, telefonoa hartzeko gai ere ez direla esan du, eta haiekin komunikatu ezinik jarraitzen dutela familia askok, informazio urriarekin. Kezka horien harira, elkartu egin dira hainbat sendi. «Izan ere, gure senitartekoak oso bakartze gogorra sufritzen ari dira, eta ez dute merezi hori». Egoitza barruan bakartuta egoteak esan nahi du egoiliar bakoitzak bere gelan igaro behar duela eguna.

Egoera honetan langileak nahi eta ezin ari direla sentitu dute egoiliarren senideek: iritsi ezinik. Koronabirusaren aurretik ere, ordea, sentipen hori bazutela esan du Artamendik: baliabideak urriak iruditu zaizkie usu, eta langileen prestakuntza hobetu beharrekoa. «Gure inpresioa ez da oso ona. Ia urtebete daramagu liskarrean haiekin. Eta liskar horiek ez dira langileen aurkakoak; ahal duten guztia egiten dute haiek. Baina egoiliar askok mendekotasun larriak dituzte, eta zaintza handia behar dute». Orain, koronabirusaren ondorioz gabezia horiek oraindik ere agerikoagoak direla iruditzen zaie, eta zaintza hobea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute. «Ez dakigu Osakidetzak osasun langile gehiago eraman dituen; baina uste dugu beharrezkoa dela», azaldu du. «Egoitza medikalizatzea nahi dugu guk».

Izan ere, martxoaren hasieratik, birusaren itzala zabaltzen hasi zenetik, oraindik ere gordinago ikusi dute prekaritatearen eta baliabide urritasunaren zidorretan jardutera behartuta dagoen lantalde batek zaintzen dituela egoiliarrak: une larri honetan ere bai.Estutasun horretatik atera nahi dute zentroa. Eta, ororen gainetik, egoiliarrekin harremanetan jartzeko bideak nahi dituzte. «Agian, orain gauza handia da hainbeste informazio eskatzea; baina, finean, informazio hori gurea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.