Maite Elizondo.
Koronabirusa. PSIKOLOGIA PENTSALDIAN

Iparra non?

2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Hementxe gaude; duela hiru aste osasun alarma egoera bertan behera uztea erabaki zuten estrukturan, eta dantza berri honetan urrats egokiak zeintzuk ote diren ikasteko ahaleginetan.

Psikologikoki akituak, iparra non dagoenaren jakin-minez. Hilabeteak daramatzagu neurri aldakorretara egokitzen, askotan haien edukia ulertu gabe. Elkarrizketa gehienetan COVID-19a ezpainetan dugularik eta nekea aurpegian marraztuta daramagularik. Egoera berri honen aurrean gogotsu batzuk; besteak, beldurrez. Irrikan bidaiatzeko, sozializatzeko, lan etekingarria egiteko, musukoa kentzeko... Arduratuta osasun egoeraren garapenaren nondik norakoaz, psikologikoki pairatuko ditugun ondorioez.

Agintariek erabakitako kudeaketan ez dizkigute baliabide psikologikoak eskuragarri jarri; denoi eragiten ari zaigun urte pisutsu honetan osasun mentalari ez diote merezi duen arreta jarri nahi izan. Orain, egoera epidemiologikoan oinarrituta ez dauden neurriak arintzearekin norberak topatu behar du psikologikoki samurkien egokitzeko modua, geure burua emozioen kudeaketan artisau autodidakta bihurtuz.

Osasun egoera larri honen hasieran, murrizketa berrien aurrean gure buru, gorputz eta portaerek nola erantzuten zuten aztertzen hasi ginen; barnerantzazko bidaia korapilatsu batean murgiltzeari ekin genion. Orain beste aldean gaude, gradualki aspaldian egiten ez genituen ekintzen eta emozioen aurrean nola erreakzionatzen dugun ulertu nahian.

Garrantzitsua da norberak bere erritmoa errespetatzea, azken urtean itzalita egon diren zenbait esparru gradualki pizteko bide berri honetan norberaren behar eta nahiak entzunez.

Sozializatzeko ateak irekitzen ari zaizkigu, eta komunikazioa tresna lagungarria izan daiteke datozen urratsak ahalik eta erosoen egin ditzagun, gogoei espazioa eskainiz eta beldurrei ziurtasunez aurre eginez. Egokitzapen pertsonal eta progresiboa izan daiteke gakoa, non enpatia eta asertibotasuna ezinbestekoak baitiren, denok ulertuak senti gaitezen ondokoa emozionalki inbaditu gabe.

Sortzen ditugun espektatibak errealistak izatea ere gomendagarria da. Ez dugu zertan iazko martxoaren aurretik geneukan errealitatea helburutzat hartu behar, segur aski ezingo genuke eta. Esperientzia ugariak izan ditugu azken hilabeteetan. Virginia Woolf-ek A room of one's own saiakeran idatzi zuen aldatzen dihoan Ni-a bizirik jarraitzen duen Ni-a dela.

Hala da: aurrera goaz berriro. Autoezagutza elikatu dugu, ezagunak ez genituen emozio eta sentsazioak bizi ditugu. Saia gaitezen norberaren eskuek norberaren lema hartzen, olatuen gainean dantza automaitagarria eginez, eta haize freskoak emozio anitz islatu dituen aurpegia laztanduz.

Rigoberta Menchúk esan zuen galtzen den borroka bakarra alde batera uzten dugun borroka dela. Gu hementxe gaude, osasun fisiko, mental eta soziala zaintzearen borrokan, iparrerantz, talde lanean, indarberritzen, amore eman gabe!!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.