Udal eta foru hauteskundeak

«Autogobernua» eta«ongizatea» EAJren programaren oinarri

Arabako EH Bilduk «zaintzak, trantsizio energetikoa eta lurraldeen arteko oreka» jarri ditu erdigunean, besteak beste. Geroa Baik 800 ekintza proposamen zehatz aurkeztu ditu

Andoni Ortuzar, atzo, Gernikako arbolaren ondoan, foru eta udal hauteskundeetarako hautagaiekin. EAJ.
jone arruabarrena
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Autogobernua eta euskal hiritargoaren ongizatea defendatzea». Hori izango da EAJk hurrengo legegintzaldian izango duen helburua eta aurkeztu duten programa politikoaren muina, atzo Gernikan egindako agerraldian Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak azaldu zuenez. Bi helburu horiek «banatu ezin diren binomioaren parte» dira, haren ustez, baina, «zoritxarrez», «aire birzentralizatzaileak» inguratzen ditu.

Gernikako Arbolaren ondoan esan zituen hitzok Ortuzarrek, foru eta udal hauteskundeetarako hautagaiak ondoan zituela.

Autogobernua ongizatearen parekoa dela azaldu zuen, baina argi utzi nahi izan zuen parekotasun hori «eslogan bat baino gehiago» dela: «Gure lan ildo guztiak hartzen ditu, bai eta hemendik aurrera hemen gaudenok garatuko ditugun proposamenak ere». Azken 40 urteen errepasoa ere egin zuen EAJko buruak, eta nabarmendu zuen erakundetze prozesuan «asko» aurreratu dutela: «Krisi ekonomikoak gainditu ditugu, bai eta indarkeriaren gaitza ere, berrikitan pandemia gogor bat, nazioarteko gatazkak eta beren ondorioak...». Hori guztia gainditzea «gizarte osoaren esfortzuaren emaitza» izan dela esan du, baina, bereziki, «autogobernuak emandako indarrarekin» lortu dutela aurrera jarraitzea. Horregatik, hitzeman du EAJk «botere politikoaren defentsa» egingo duela, euskal erakundeak «inolako tutoretzarik eta kanpoko murrizketarik gabe» gobernatzeko.

EAJk bere programa modu orokorrean aurkeztu badu ere, herrialdeka aurkeztu zituzten beraienak atzo beste alderdi batzuek. Arabako EH Bilduk, esaterako, Gasteizen plazaratu zituen udal eta foru hauteskundeak irabaziz gero lehen urtean izango lituzkeen lau helburu nagusiak: «Ehun sozioekonomikoaren birmoldaketa, zaintzak, trantsizio energetikoa eta lurraldeen arteko oreka». Alderdiaren programaren aurkezpenean izan zen Eva Lopez de Arroyabe Arabako ahaldun nagusirako hautagaia, Aiaraldeko eta Lur Jareetako barrutietako ordezkariekin batera. Azaldu zutenez, helburu horiek oinarri hartuta, 60 neurri zehaztuko dituzte lehen urteko programarako.

Neurri horietako batzuk aipatu ditu Lopez de Arroyabek; besteak beste, zerga arloan proposatu du aldaketa esanguratsu bat: «PFEZen 200.000 eurotik gorako errentetarako tarte berriak sortzea, gehien dutenek ordain dezaten». Baina bestelako neurriak ere izan dira, besteak beste, egoitzetako plazak ituntzeko foru araua sinatzea Gasteizko Ariznabarra egoitzan «zaintza etxe publiko bat» sortzea ere proposatu du, «zaintza sistema publiko komunitarioaren alde , nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ustiategiak mantentzeko «berehalako plana», zein Gasteizko mendiak parke natural izendatzeko tramiteak hastea.

Geroa Baik, ordea, aurreko bi alderdiek oinarri hartu dituzten helburuak bildu ditu bere programan, eta datorren legealdirako «autogobernuan, Ongizate Estatuan eta trantsizio ekologikoan» oinarritutako proposamena egin du. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiak aurkeztu zuen atzo, Jabi Arakama foru parlamentari eta programaren koordinatzailearekin batera.

Barkosek azaldu zuenez, 800 ekintza proposamen zehatz biltzen ditu dokumentuak, Geroa Baik irudikatzen duen Nafarroa eraiki ahal izateko: «Gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna, pertsona guztientzako eskubide berdintasuna, hizkuntza, ideologia eta nortasun aniztasunari errespetua, belaunaldi arteko ituna, bizikidetza eta lurralde oreka eta, beste ezeren gainetik, Europan eta munduan ahots propioa izango duen Nafarroa bat». Programaren «sinesgarritasuna» azpimarratu dute, neurriak «betegarriak» baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.