Euroguneko kontu publikoak desorekatu ditu COVID-19ak

Defizita nabarmen hazi da urteko lehen hiruhilekoan, %2,2raino. Grezia, Italia, Portugal, Belgika, Frantzia eta Espainia dira gehien zorpeturiko herrialdeak, Eurostaten datuen arabera

David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea, atzo. FRANCOIS LENOIR/ EFE.
xabier martin
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Pandemiaren hasiera baizik ez du jaso Eurostaten azterketak urteko lehen hiruhilekoari dagokion txostena denez, baina koronabirusak eragindako aparteko egoera garbi islatu da euroguneko herrialdeen defizitaren eta zorraren argazkian. Martxoko egun batzuk nahikoa izan dira euroguneko kontu publikoak desorekatzeko, pandemiari aurre egiteko administrazioen erantzunak gora eraman baitu defizita, 2015eko bigarren hiruhilekotik ikusi gabeko bide negatiboa marraztu arte: %2,2ra igo da euroa partekatzen duten herrialdeen defizit komuna. 2019ko azken hiruhilekoan -%0,7 izan zen. Europako Batasuneko datua ez da hobea. %2,3ra igo da defizita, eta azken datua ere -%0,7 zen. 2014ko azken hiruhilekotik ez dago datu okerragorik Batasun osoari dagokionez.

Pandemiak ekarritako jokaleku berrian herrialdeek hartu dituzten neurriek aztarna argia utzi dute; beraz, kontuen osasunean. Defizitak aztertzen hasita, eta, kontuan hartuta herrialde guztiek ez dutela helarazi, Maltari dagokio desorekarik handiena (-%8,5); haren atzetik daude Errumania (-%7,2) eta Belgika (-%6). Bakarrik Alemaniak eta Luxenburgok eusten diote superabitari urteko lehen hiruhilekoan, %1 eta %0,1ekin hurrenez hurren.

Zorra ere gora

Zorrari dagozkion datuak ez dira hobeak, noski. Urteko lehen hiruhilekoan, 10,26 bilioi euroko zorra metatu dute euroguneko kideek, eta 11,06 bilioi, berriz, Batasuneko guztiek. Hala, euroguneko zorra 238.000 miloi handiagoa da iazko azken hiruhilekoaren aldean, eta 229.000 milioi handiagoa EB osoan. Horrek esan nahi du zorraren ratioa %86,3ra igo dela urteko lehen hiru hilabeteetan; %84,1 zen iazko azken zatian. Batasunean, %79,5 da ratio hori, eta, iazko amaieran, %77,7zen. Ez da datu hain txarra, oraindik; duela urtebete, esaterako, euroguneko eta EBko ratio horiek handiagoak ziren: zehazki, %86,4 eta %80.

Defizita eta zorra gora doaz, beraz, baina Eurostatek garbi utzi du okerrena ez dela iritsi, eta datorren hiruhilekoak islatuko duela benetan kontu publikoen gainbehera zein mailakoa izan daitekeen luze gabe. «Egoerari aurre egiteko neurrieneta politika mailako erantzunen eragina bigarren hiruhilekoan osatuko dela aurreikusi dute. «Finantzaketa beharren gorakada egongo da islaturik».

Eurogunean, gehien zorpeturiko herrialdeen zerrendan ez dago aldaketarik, eta gehien zorpetuaren titulua Greziarentzat da, berriro; haren zor publikoa %176,7 da; atzetik datozkio Italia (%137,6), Portugal (%120), Belgika (104,4), Frantzia (101,2) eta Espainia (%98,8). Italia eta Espainia izan dira gehien zigorturiko estatuak koronabirusaren krisian, eta urte amaierako beren zor publikoak asko igoko zaizkiela aurreikus daiteke. Espainiak, esaterako, %100 ingurutik %120rako zuloa egin dezakeela aurreikusi dute analista askok. Krisirik gogorrena, hala ere, Greziak jasan dezake, berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.