Duquek Uriberentzako «bermeak» eskatu ditu, eta bake ituna kritikatu du

Kolonbiako presidente ohiaren alderdiak beharrezkotzat jo du justizia erreformatzea; besteak beste, justizia trantsizionala indargabetzeko

Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiaren aldeko manifestariak, herenegun, Medellin hirian. LUIS EDUARDO NORIEGA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiaren (2002-2010) atxiloketak erreakzio ugari eragin ditu herrialdean. Atxiloketaren kontrako protestak eta Kolonbiako Auzitegi Gorenari babesa adierazteko lapiko jotzeak izan ziren herenegun gauean hainbat hiritan. Zatiketa agerikoa da eragile politikoen artean ere. Ivan Duque presidenteak Uribe babestu du, eta bake akordioaren aurka jo du.

Presidente ohia bere etxean dago atxilo, eta bertan egon beharko du haren gaineko ikerketak jarraitu artean. Auzitegi Gorenak hala agindu zuen herenegun, aho batez. Uriberi prozesu iruzurra eta lekukoen eroskeria leporatzen dizkiote, eta auzipetu ala ez erabaki beharko du orain Gorenak.

Duquek ziurtatu du presidente ohia errugabea dela. Haren esanetan, Uribe «abertzale eredugarria» da, eta «Kolonbiaren zerbitzura» jardun du beti. Presidenteak zeharka kritikatu zuen Kolonbiako Gobernuak eta FARCek 2016an sinatu zuten bake akordioa. Aitortu zuen «min» ematen diola «herrialdea basakeriaz hondatu dutenek» beren defentsa aske prestatu ahal izatea «edota kartzelara sekula ez direla joango ziurtatuta izatea», eta Uribek bere burua atxilo defendatu behar izatea. «Bermeak» eskatu zituen.

Uriberen Centro Democratico alderdiak beharrezkotzat jo du batzar konstituziogile bat eratzea justizia erreformatzeko. Besteak beste, bake akordioaren ondorioz eratu zen Bakearen Jurisdikzio Berezia indargabetzea galdegin zuen.

FARCek gaitzetsi egin ditu bake akordioaren kontrako «erasoak». Nabarmendu du Uriberi behin baino gehiagotan egin ziotela gonbita bake eta justizia gaiei buruz hitz egiteko, baina hark uko egin ziola aldiro. FARCek argitu du ez duela «mendekua» nahi, eta «bake, justizia, ordain eta berme sistema integral» baten aldeko apustua egin duela «adiskidetze nazionala» lortzeko.

Auziaren jatorria

Uribek Bloque Metro izeneko talde paramilitarra sortu zuela salatu zuen 2012. urtean Ivan Cepeda senatariak. Presidente ohiak, akusazioa ukatu, eta salaketa aurkeztu zuen Cepedaren kontra Auzitegi Gorenean. Cepedari leporatu zion zenbait lekukori dirua eskaintzea bere kontra deklaratzearen truke. Hainbat testigantza aurkeztu zizkien epaileei. Kolonbiako Auzitegi Nagusiak sei urtez aztertu zuen auzia, eta 2018an Cepedaren kontrako salaketa baztertu zuen. Aldiz, Uribe ikertzea erabaki zuen, prozesu iruzurragatik eta lekukoen eroskeriagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.