Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Eibarko tranpa

Jose Mari Pastor -

2021eko apirilak 17

Errepublika? Zein? Espainiakoa? Frantziakoa? Gurea, orain arte inoiz izan ez duguna? Gehien-gehienetan errepublika esaten dugu Euskal Herri penintsularreko herritarrok. Hitz hori, ez Espainiako Errepublika. Abertzale askok ere bai. Euren burua burujabetzaren aldekotzat dutenen ahoan errepublika berba entzuteak Espainiakoari buruz ari direnean belarriko mina ematen dit.

Ez txarto ulertu: Espainiako bandera errepublikanoak ez dit sentimendu negatiborik eragiten, besteak bezala. Hura ikusi eta errespetua sentitzen dut. Izan ere, artean lortu gabe zeuden eskubideak eskuratu ziren garai haietan. Gainera, faxismoaren kontrako ikurra izan zen errepublika haren aldeko defentsa. Familian bizi izan genuen. Gure aita eta aitona Espainiako II. Errepublikaren alde borrokatu ziren. Gerra amaituta, Maroko espainiarreko diziplina-batailoi batera eraman zuten aita. Aitonak eta osabak Herrialde Katalanak banatzen dituen muga zeharkatu zuten. Saint Cyprien-eko barneratze-eremuan sartu zituzten. Hain txarto tratatu zituzten han, non osabak nahiago izan zuen Francoren kartzela batera joatea arriskatu Frantziako bandera kolonietan defendatu baino. Izan ere, frantsesek legioan sartu eta Indotxinarantz abiatzea proposatu zioten, baina hark ezetz erantzun zien. Aitonaren arrastoa galdu egin zen.

Euskaldunok larregi idealizatu dugu Espainiako Errepublika. Gure gaitz guztientzako botika izango balu bezala. Ez dakit iruditeria horretan norainoko garrantzia duen Eibarrek. Baina badu, izan. Hango udaletxean errepublika hura aldarrikatu zuteneko 90. urteurrena ospatu da. Batzuetan pentsatu izan dut ez ote zen hobea izango Espainiako II. Errepublika Tordesillas, Tarazona edo Lucenan aldarrikatu balute. Hamaika leku daude, eta Eibarren izan behar. Euskal Herrian. Destinoaren tranpa? Kasualitatearena? Berdin dio. Eibar amu ederra da, nire iritziz, epe erdian gauzatuko ez den eta epe luzean euskaldunoi askatasuna bermatuko ez ligukeen erregimen politikoaz amets egiteko.

Badugu arrazoirik hainbesteko ezkortasuna izateko. Historiak horixe erakutsi digu. Euskal errepublika utopia dela esango dute. Nik utopikoagotzat jotzen dut saldu nahi diguten Espainia konfederal eta justua, bertako herrien etorkizuna erabakitzeko eskubidea onetsiko lukeena. Zenbait mende eta erregimen izan dituzte, bada, aukera hori bideragarria dela frogatzeko, baina ez dute nahi izan. Peixotok azaldu berri du elkarrizketa batean Telesforo Monzonek zer esan zion Argalari: «Ni lehenbizi naiz abertzalea, gero kristaua eta gero demokrata». Bada, gure lagun asko espainiarrak dira lehenbizi. Eta gero, gainontzeko guztia, zeuek aukeratu ordena: demokratak eta katolikoak, edo ateoak eta demokratak.

Horregatik, nahikoa eszeptikoa naiz errepublikak hitza —pluralean— entzuten dudanean. Ez dut iberismo idilikoan sinesten. Orain, penintsulako herri guztiak errepublika izatea da gure asmoa? Guri dagokigu Gaztela errepublika bihurtzea, bertan nonbait omen dagoen potentzial errepublikanoaz baliatzea geure errepublika bultzatzeko?

Ongi etorria izan dadila Espainiako Errepublika. Hirugarrena izango litzateke, baina ez euskal lurrean. Izan ere, Eibarren Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zutenean Frantziako III. Errepublikan bizi ziren beste aldeko haurrideak. Bosgarrena dute orain. Espainiarrentzat hirugarrena izango litzatekeena zortzigarren errepublika metropolitarra izango genuke berton. Bien-bitartean, hamar urte barru, Espainiako II. Errepublikaren mendeurrena izango da. Noiz ospatuko dugu geurea?

Espainiako Errepublikaren bandera ikusi dugu plaza eta kaleetan, apirilaren 14aren harira. Bandera hori errespetatu egiten dut, baina zirrara berezirik gabe. Neure egiten ditut Josep Lluis Carod Rovirak Twitterren hedatutako hitzak: «Errespetu osoa Espainiako bandera errepublikanoarentzat, Riegoren ereserkiarentzat eta Marseillesarentzat, baina ez dira ez gure bandera, ez gure ereserkia». Horixe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ertzainak itxiera perimetrala kontrolatzen. ©Endika Portillo / Foku

Euskal Herri osoa arintze fasean da

Berria

Espainiako Gobernuak gauerdian indargabetu du alarma egoera, eta Hegoalde osoan libre dira joan-etorriak gaurtik aurrera. Nafarroan etxeratze agindua indarrean da oraindik. Ipar Euskal Herria astelehenetik dago arintze fasean.

PCR probak egiteko gune bat, Iruñean, artxiboko argazki batean. ©Iñigo Uriz/ Foku

Positiboen kopurua jaitsi egin da Hegoaldean, baina tasa %6ra igo da ia

Berria

537 kasu atzeman dituzte osasun erakundeek; bezperan baino 150 gutxiago, 3.000 proba gutxiago eginda. Oraindik 202 gaixo larri daude ZIUetan.

Ipar Euskal Herriko erakundeetako eta ikastoletako ordezkariak, Herri Urratseko agerraldian. ©Herri Urrats

Herri Urrats handiaren faltan, 30 txiki

Berria

Ikastola bakoitzak bere festa ospatu du gaur, pandemiak baldintzatutako bigarren Herri Urratsen. Seaskak bosgarren kolegioa behar du, eta Boga kanpaina abiatu du dirua biltzeko asmoz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.