Albistea entzun

«Biktimak eta giza eskubideak kontrajarri nahi izan dituzte»

Sarek euskal presoen «bizi osorako zigorrak» salatzeko elkarretaratzeak egin ditu dozenaka herritan, Arrasaten egin behar zuen martxa «presioen» ondorioz bertan behera utzi eta gero
Arrasateko eguerdiko agerraldiak ehunka pertsona bildu zituen, eta Sarek Euskal Herri osoan eginiko protesten epizentroa izan zen.
Arrasateko eguerdiko agerraldiak ehunka pertsona bildu zituen, eta Sarek Euskal Herri osoan eginiko protesten epizentroa izan zen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Agirre Perez -

2021eko irailak 19 - Arrasate

Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak milaka pertsona bildu zituen atzo Euskal Herriko 50etik gora herritan antolaturiko elkarretaratzeetan, «Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea» lelopean, euskal presoei ezarritako «salbuespen neurriak» salatzeko. Ekinaldia zalapartaz beteriko egunen ostean heldu zen, Sarek Arrasaten (Gipuzkoan) hasiera batean antolaturiko martxa «presio eta manipulazioen» ondorioz bertan behera utzi eta gero.

Atzoko protesten epizentroa, hala ere, Arrasaten mantentzea erabaki zuen presoen eskubideen aldeko mugimenduak, eta Bilbon, Donostian, Gasteizen eta dozenaka herritan eginiko elkarretaratzeekin batera, ehunka pertsonak bat egin zuten Monterron parkeko anfiteatroan antolaturiko ekitaldian ere. Bertan, Nahikari Iturbe Sareko bozeramaileak mugimenduaren irakurketa plazaratu zuen, batik bat Espainiako 7/2003 Legearekiko aurkakotasuna adierazteko, «euskal presoei bereziki aplikatzeko sortua» izanik, «bizi osorako kartzela zigorrak» ahalbidetzen dituela uste dutelako. «Bere burua demokratikotzat izendatzen duen estatu eta jendarte batek ere ez lukete halakorik onartu beharko» adierazi zuen Iturbek, eta 7/2003 Legea aplikatuz zigorra luzatu dieten presoak «legez» kalean egon beharko luketela azpimarratu.

Ekitaldiaren aurretik hedabideen aurrean eginiko agerraldian, Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak azaldu zuen lege horrek egun 60 euskal presori eragiten diela, eta zehaztu hamabostek «40 urteko espetxe zigorrak» dituztela. Horietako bat da 31 urtez preso egon den Unai Parot, eta hasiera batean antolaturik zegoen Sareren 31 kilometroko martxa haren omenezko ekitaldi bat zela argudiatuz, PPk, Voxek eta ETAren biktimen hainbat elkartek ekinaldi horren aurkako kanpaina bat abiatu zuten duela egun batzuk.

Oiartzabalek argi utzi nahi izan du, ordea, martxa hura «ez zela antolatu, inondik inora, ez omenaldirik ez ezeri gorazarre egiteko», eta salatu du «hori garbi edukita ere, talde politiko eta instituzio ezberdinek» ultraeskuinari «bidea ireki» diotela, «beraiek nahi zuten konfrontazio eremu hau sortzeko». Iturbek, berriz, adierazi du gertaturikoak «espetxe politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrera indartu» duela, eta une historikotzat jo duen garai honetan, «arduraz jokatzeko» eta «etorkizunaren aldeko apustua» egiteko beharra aldarrikatu du.

Giza eskubideen defentsa

Presoen eskubideen alde antolaturiko ekinaldiaren aurka jasandako kanpainaren harira, Iturbek seinalatu du batzuek «indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri» nahi izan dituztela, eta horiei gogoratu die «giza eskubideak ezin direla partzelatan bereizi, ezta batzuk defendatu eta beste batzuk mespretxatu ere». Hala, Sarek «pertsona guztien giza eskubideak» defendatzen jarraituko duela adierazi du, «biktimekiko errespetua» eta mugimenduak«giza eskubideen edozein urraketaren aurrean» egin dituen salaketak «erabat bateragarriak» direla argudiatuta.

Alde horretatik, presoen eskubideen urraketak salatzeak «biktimei min handiagoa egiten diela dioen argudio faltsua» baliogabetzeko beharra nabarmendu du Iturbek, eta «elkar ulertzeko espazioak» aldarrikatu ditu: «Bizikidetzan aurrera egin ahal izateko, guztioi dagokigu ahaleginak egitea».

Helburu hori lortzeko, baina, «salbuespen legedia bertan behera gera dadin lanean jarraitzea» «ezinbestekoa» dela ohartarazi du Sareko bozeramaileak, nahiz eta onartu mugimenduak azken hilabeteetan urruntze politika desegiteko egin dituen «urratsen» inguruan «balorazio oso positiboa» egiten dutela: «Guztion artean, urratsez urrats, baina atzera begiratu gabe, euskal presoek eta bere senideek oraindik ere jasaten duten eta haien eskubideak urratzen dituen salbuespen legediaren amaierara eramateko bidea zabaltzea lortu dugu».

Horiek horrela, «isilarazi nahi izan duten [presoen eskubideen aldeko] aldarria» Euskal Herriko «plaza guztietan ozen adierazi» dela ospatu du Iturbek, eta herritarrei eskerrak eman dizkie eskainitako babesarengatik: «Aste zalapartatsu xamarra izan da guztiontzat, eta ez da batere erraza izan, baina jakin izan dugu honi guztiari aurre egin eta biderkatuta gure aldarria adierazten».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.
 ©BERRIA

«Behartu nahi gaituzte Poliziaren aurrean behera begiratzera»

Ion Orzaiz

Modou Faye, 'Beltxa'. Senegal atzean utzita, Iruñera iritsi zen duela urte asko. Paperak ditu orain, Africa United elkarteko burua da, baina horrek ez du Poliziaren jazarpenetik libratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.