Khamenei aiatolak batasunerako deia egin die herrialde arabiarrei

Aiatolak salatu du itun nuklearreko EBko kideak ez direla konfiantzazkoak, eta negoziazioak iruzurrez beteta daudela. Ohartarazi du balitekeela Iranen borroka bere mugetatik harago joatea

Ali Khamenei aiatola errezoa zuzentzen, atzo, Teheranen. EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Gatazka zurrunbilo batean dago Iran. Qassem Soleimani Guardia Iraultzailearen jeneralaren hilketak askaezina dirudien mataza bat sortu du. Bada, garai nahaspilatsu horren erdian, Ali Khamenei aiatolak zuzendu zuen atzo ostiraletako errezoa —aurreneko aldia da 2012. urtetik—, eta herrialde arabiarrei «batasunerako» deia egin zien. Gogor kritikatu zituen AEBak, eta salatu zuen «desadostasunak» sortzen saiatu direla, baita «eskualdeko herrialdeak eta haien aberastasunak kontrolatzen ere». Horrez gain, esan zuen balitekeela Iranen borroka «bere mugetatik harago» joatea. Aiatolaren arabera, Teheranek erresistentzia «babesten» du, eta uko egiten dio «amore emateari». Jarrera hori salatu zuen Brian Hook AEBek Iranen duten ordezkariak, eta ohartarazi zuen Teheran are gehiago «bakartuko» dela mehatxuekin jarraitzen duen bitartean .

Teheranen eta Washingtonen arteko tentsioak asko tenkatu dira Soleimaniren hilketaren ondorioz, baina Ukrainako hegazkinen aurkako erasoak barne krisia ere eragin du Iranen, eta azken egunotan indartu egin dira gobernuaren aurkako protestak. Egoera are gehiago katramilatu da, gainera, itun nuklearreko EB Europako Batasuneko estatu kideek Iran zigorrekin mehatxatu dutenetik. Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak martxan jarri dute akordio nuklearreko sinatzaileen arteko eztabaidak konpontzeko mekanismoa, Iranek «beste irtenbiderik» utzi ez diela argudiatuta; horrekin, baliteke NBE Nazio Batuen Erakundeak zigorrak berrezartzea. Atzo, Khameneik jarrera hori gaitzetsi zuen, eta mesfidantza adierazi: «Ez dira konfiantzazkoak. Iranekin egin dituzten negoziazioak iruzurrez beteta daude». Gaineratu zuen ez direla «makurtuko» haien exijentzien aurrean. Itun nuklearra 2015ean izenpetu zuten Iranek, AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak. Horren arabera, Iranek onartu zuen programa nuklearra helburu zibilekin eta nazioarteak gainbegiratuta egitea, eta beste herrialdeek zigorrak kendu zizkioten.

Iragan urtean, Iranek iragarri zuen hitzarmena progresiboki utziko zuela, eta muga batzuk ez errespetatzeko erabakia hartu zuen. Hain zuzen, ostegunean Hasan Rohani Irango presidenteak azaldu zuen akordio nuklearra sinatu aurretik baino gehiago aberasten dutela uranioa egun. Rohainik Europako sinatzaileei leporatu zien ez betetzea itunean hartutako konpromisoak, eta Washingtonen «ildo beretik» aritzea. «Beste aldeek beraien engaiamendua murrizten badute, guk ere hala egingo dugu», azpimarratu zuen.

Errusia kezkatuta agertu da akordio nuklearra jasaten ari den krisiaren aurrean, eta EBko kideekin «berehala» batzar bat egiteko beharra adierazi du. Sergei Lavrov Atzerri ministroak dio horiek eginiko urratsa «bira arriskutsua» izan dela, eta iritzi dio akordioarekin egiten ari direna ez dela «aproposa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.