Bizkaiko metaleko gatazkan gehiago urrundu dira jarrerak

Ertzainek piketeak identifikatu izana salatu dute sindikatuek, eta grebalarien indarkeria, berriz, patronalak. FVEMek jarrera aldatu ezean, langileek grebei eutsiko diete

Sindikatuek egin zuten manifestazioko une bat. Bilboko Kale Nagusian edukiontzi batzuk gurutzatu zituzten, eta horietako bati su eman. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako sektorean soka are gehiago tenkatu da. Hirugarren greba eguna izan zuten atzo, eta, aurreko bietan bezala, mobilizazio jendetsuak egin zituzten langileek. Bilboko kaleak bete zituzten eguerdian lan hitzarmen duin bat eskatzeko, eta sindikatuek batasun irudia eman dute beste behin: ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egindako deialdiari babesa eman baitzioten ESK-k, LSB-USOk, CNTk eta CGTk. Haien arabera, lanuzteak %85eko erantzuna izan zuen, baina FVEMek %20ra jaitsi zuen datua.

Deialdiak arrakasta izan duen edo ez, horretan ez daude ados, eta jarreretan ere lehen bezala jarraitzen dute. Jose Antonio Rojo UGTko industria arduradunak honela hitz egin zuen eguerdian egindako manifestazioa baino lehen: «Patronalak kontuan hartu behar du grebaren erantzuna, eta negoziazio mahaian benetako neurriak proposatu». Ohar baten bidez, FVEMek erantzuna: «Itun duin bat negoziatzeko prest gaude, baina sindikatuek ere erantzun behar dute, orain arte ez baitute negoziatu ere egin».

Eulate Zilonizaurrekoetxea LABeko bozeramaileak salatu zuenez, hirugarren greba egunean «patronalaren piketeek oldarkor» jokatu zuten. Lantegietara zihoazen pikete informatiboak identifikatu zituztela ziurtatu zuen, eta enpresariek Poliziaren presentzia eskatu zutela salatu. «Patronalak bere lubakitik atera behar du, eta proposamen argiak egin; argi dago orain urduri daudela».

Tentsio giroa Bilboko kaleetara ere hedatu zen. Langileek sirena eta petardoen zarata baliatu zituzten protesta egiteko. Kale Nagusian edukiontziak gurutzatu, eta horietako bati su eman zioten. Mobilizazioa FVEMen egoitza parean amaitu zen, eta, grebalariakiritsi aurretik, Ertzaintzaren hainbat patruila bertan zeuden. Biek bat egin zutenean, tentsioa piztu zen, baina besterik ez.

Piketeen lana

Patronalak, hain justu, pikete informatiboen indarkeria handitu dela salatu zuen. «Lan egin nahi zuten behargin asko indarrez atera dituzte beren lanpostutik, eta kalte larriak eragin dituzte makinerian eta instalazioetan». Halako ekintzen berri ez zutela erantzun zuen Mikel Etxebarria ELAko industria ataleko arduradunak. Jose Antonio UGTko bozeramaileak piketeen lan«eredugarria» goraipatu zuen.

Alde batean zein bestean, beraz, tentsioak gora egin duela sumatzen da. Giro horretan iritsiko dira metaleko ituna lortzeko hurrengo bilerara, hilaren 17an.

Sindikatuek ohartarazi dute ez dutela etsiko. «Garbi ikusten dugu neurriak hartu behar direla sortzen ari den aberastasuna banatzeko, baita prekaritateari aurre egiteko ere», Etxebarriaren arabera. Pilota patronalaren teilatuan kokatu zuen, eta, jarrera aldaketarik sumatzen ez baldin badute, ekainaren 20ko eta 21eko lanuzte deialdiei eutsiko diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.