Bosgarren aldiz, 30.000tik gora

30.775 lasterkarik eman dute izena aurtengo Behobia- Donostian, horietatik %24,48 emakumeak. Dortsalek QR kodea izango dute, korrikalarien osasun informazioarekin

Lasterkari bat helmugara iristen aurreko urteko Behobian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Igandean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa. 54. aldia du probak, eta aurten ere 30.000 korrikalariren muga gaindituko du. Korrikalari kopuruari eutsi dio probak. Izan ere, guztira 30.775 lasterkarik eman dute izena, aurreko urtean baino 137 gutxiagok. Horietatik %24,48 emakumezkoak dira: 7.534. Inoizko portzentaje handiena da, eta antolatzaileek beste mugarri bat jarri dute, atzo aurkeztu baitzuten 50/50 egitasmoa. Horren bidez, 2025ean korrikalarien erdiak andrazkoak izatea dute helburu. «Hori lortzea ahalbidetuko duen aldaketa soziala bultzatu nahi dugu. Horregatik jarri diogu aurten lasterketari Eginez aldatu mundua leloa», nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean Arantza Rojo Fortunako ordezkariak.

Bosgarren aldia da jarraian lasterkari kopuruak 30.000ren langa gainditu duela. Izandako jaitsiera txikia, batez ere Gipuzkoako eta inguruko korrikalarien artean eman da. «Lasterketa kopura gora egiten ari da gure inguruan, eta horrek badu zerikusia jaitsieran. Kopuruari eutsi egin diogu, eta, alde horretatik, pozik gaude», nabarmendu zuen Iñigo Etxeberriak, Behobiako koordinatzaileak.

Ibilbidea ohikoa izango da. Behobiatik abiatuko da, eta Donostiako bulebarrean amaitu. Dagoeneko amaitu dituzte iaz Errenteria eta Irun artean egiten ari ziren AHTaren lanak: «Horrek erraztu egingo dizkigu gauzak». Korrikalarien irteera 10:15ean izango da. Guztira hemezortzi taldetan egingo dute, dortsalaren kolorea kontuan hartuta. Aurretik urritasunen bat duten 87 parte hartzaileen eta 214 irristalarien txanda izango da. 09:45ean eta 09:50ean irtengo dira, hurrenez hurren. Lasterkariei laguntzen 29 erbi ariko dira; horietatik hamahiru, emakumezkoak: «Horretan ere eredu izan nahi genuen». Ibilbidean zazpi anoa postu, hamahiru animazio gune eta lasterketa uzteko 23 toki egongo dira.

Proba irabazteko hautagaien artean, aurreko urteko bi garaileak, Carles Castillejo eta Aroa Merino, Behobiako irteeran izango dira. Baina Castillejo ez da irabazteko lehiatuko. Haren lekua hartzeko hautagai nagusiak hiru dira: Jaume Leiva —2012an irabazi zuen— eta Ivan Fernandez eta Iraitz Arrospide euskal herritarrak. Aroa Merinoren kontrario nagusia, berriz, Diana Martin izango da

Azoka, Irunen

Aurtengo berritasunen artean bi nabarmendu behar dira. Batetik, dortsalek QR kodea izango dute. Hori aktibatu, eta parte hartzaileek aukera izango dute beren profila osatzeko, besteak beste osasun datu esanguratsuenak emanez. Horrek, edozein ezbeharren aurrean, medikuen lana erraztuko du.

Bestalde, estreinakoz, Lasterketaren Azoka ez da Donostian egingo, Irungo Ficoban baizik, ostiralean eta larunbatean. Guztira 35 erakusmahai izango dira. Gainera, Etiopia Utopia erakundearekin batera, pintxo dastaketa izango da. Bildutako dirua harentzat izango da. Behobia-Donostia oinarri duten bi antzerki laburere estreinatuko dituzte Ficoban bertan, ostiralean: 17:00etan eta 18:00etan.

Ohi bezala, larunbatean Behobia Txikia korrituko da, Anoetako estadio txikian. 12 urte bitarteko 2.500 haurrentzat lekua egongo da bertan. Igandean, berriz, Behobia Gaztean 248 nerabek korrituko dute. 09:45ean abiatuko da lasterketa Herrera auzotik. 4'5 kilometroko lasterketa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.