Zazpi emakume musikarik hartu dute Musikari elkarteko gidaritza

Jarduna duintzeko, elkartzera deitu dute Izaro Andres, Eneritz Dueso, Garazi Esnaola, Idoia Hernandez, Lide Hernando, Miren Narbaiza eta Olatz Salvador musikariek, kargua hartzean

Ezker-eskuin, Idoia Hernandez, Eneritz Dueso, Miren Narbaiza eta Olatz Salvador, Musikari elkarteko zuzendaritza berriko kideetako lau. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Izaro Andres, Eneritz Dueso, Garazi Esnaola, Idoia Hernandez, Lide Hernando, Miren Narbaiza eta Olatz Salvador. Eurak dira Musikari elkarteko zuzendaritza berriko kideak. Zazpi emakume musikari dira, eta ez da kasualitatea. Gernika-Lumon (Bizkaia) egin zuten emakume musikarien topaketan atera zen ideia. Otsailean izan zen, eta ehun lagun inguru elkartu ziren —«eta asko falta izan ziren», Duesok ñabardura—. Euren arteko ehuntze bat martxan jarri, eta berehala heldu zen pandemia, ordea. «Itxialdiak erabat agerian utzi zuen dagoeneko zaurgarria zen egoera. Musikan aritzen garen langile modura, egoera berriari buruz hausnartzera eraman gintuen, aspalditik genuen arazo bezala. Pentsatu genuen bazela garaia zerbait egiteko». Elkartea horretarako bide bat izan zitekeela ikusi zuten. Zuzendaritza aldatzea egokitzen zen justu Musikarin; euren burua aurkeztu, eta jada karguan dira. Jarrera aktibo horrekin iragarri dute talde berria Duesok, Hernandezek, Narbaizak eta Salvadorrek. Azkena aurreko zuzendaritzako kide zen.

Bi aditzek hartu dute protagonismoa zuzendaritza berriaren aurkezpenean: elkartzeak eta mugitzeak. Azken hilabeteotako geldialdiaren aurretik egoera onik ez bazuten ere, pandemiak musikako langileen krisia «oso agerian» utzi duela adierazi dute, eta horrek «indar handia» eman diela batu eta gauzak aldatzen hasteko. Narbaiza: «Oso-oso agerian geratu da, adibidez, sektorea ez dagoela batere erregulatuta, ez daukagula inolako lan hitzarmenik, ez dagoela argi nola kontratatu behar den musikari bat...». Euren jardunari eragiten dien lege bakarra 1985ekoa dela ere aipatu du, esaterako, eta, «zaharkituta» geratzeaz gainera, «oso anbiguoa» dela.

Hitzarmen falta horrek azken hilabeteetako diru laguntzak eskatzeko orduan eragin zuzena izan duela azaldu du, halaber, Hernandezek. «Musikarien gehiengoa laguntzetatik kanpo geratu da». Adibide batekin zehaztu du hori Myriam Miranda elkartearen koordinatzaileak: «Diru laguntzak eskatzen zuen musikaria 90 egunez kontratatua izatea. Jakin nahiko nuke zein musikarik onartu dezakeen hori. Euskadiko Orkestrako kidea bazara, udal banda batekoa, bai... Baina bere proiektu propioa duen zein musikarik?».

Hori dela eta, sektorearen gaineko «ezagutza falta erabatekoa» sumatzen dutela berretsi dute musikariek. Ez dutela ulertzen, bestela, ez hartzea kontuan musikariak lanean ari direla oholtzan agertzen ez direnean ere, dela grabatzen, dela sortzen. Bizi duten egoera ikusgarri egitearekin batera, elkartzeko deia egiteko ere baliatu dute agerraldia, bada, zuzendaritza berriko kideek. Hasteko, musikariei, elkartekoei zein besteei, izan aholkularitzarako, babeserako zein bestelako beharretarako. «Etor daitezela, sarea egin dezagun, ea denon artean lanean hasten garen». Eta, ildo beretik, baita kultur eragile guztiei ere. «Guzti-guztiei, hasi erakundeetatik baina baita antolatzen dabiltzan eragile, kultur teknikari eta abarrei ere. Elkarguneak sortzeko prest gaude, betiere gure lana duintze aldera».

«Alegaltasun behartuan»

Egun, 300 kidetik gora ditu Musikarik, eta Euskal Herritik kanpo ere bilatu du aliantzarik musikarien egoeraren alde egiteko. Modu horretan aritu da aurten Musikari Profesionalen Batasuna sortzen. Espainiako Estatuko hamalau elkartek osatu dute federazioa, eta hortik eratorriko den iragarpen bat egin du Mirandak: Musika Sektorea Berreraikitzeko Plana aurkeztuko dute, hurrengo astean ez bada, hemendik bira. Hiru eskakizun izango ditu, bakoitza ekarpen eta proposamen xeheagoz hornitutakoa: musikarien jarduna sostengatzea, musikarien egoera ekonomikoa hobetzea, eta «musikak eta kulturak, oro har, herritarren bizitzan duen funtsezko balioa» azpimarratzea.

Alderdi horri heldu dio Salvadorrek ere, eta «kulturaren balio erantsia babesteko beharra» sentitu dutela erantsi du. Duesoren ustez, gainera, kultur jardueran ekonomiaz hitz egiten denean «datu errealak» izan gabe egin ohi da: «Alegaltasun behartu batean lan egiten dugu askotan».

Elkarteak denbora darama Artistaren Estatutuaren alde lanean, eta Duesok oroitarazi du, inguruko herrialde batzuetan ez bezala, ez dela halako heldulekurik hemen. «Europan sistema asko daude. Arantzekin, baina, esaterako, Frantziako Estatuak aitortzen du, gutxienez, lan honen aldizkako izaera. Alemaniak, bestalde, badu gizarte segurantza espezifiko bat. Hemen deus ez. Gu, horien aldean, oso biluzik gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.