Jose Luis Otamendi. Idazlea

«Denean dago osatu nahi bat eta osatu ezin bat»

Otsailaren azken egunarekin aurkeztu zuen 'Disoluzio agiriak' liburua, zazpi ataletan banatutako poema sorta. Egoera pertsonal, sozial, politiko eta ekonomikoa «somatizatzeko», bere gorputz poetikora ekartzeko, saioa egin du bertan.
GORKA RUBIO / FOKU

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko maiatzak 25
Loiola atzean utzi eta Loiolarik ez balitz —Iñigo Aranbarrirekin batera, 2005ean— idatzi zuen poetarengana zuzendu autoa. San Agustineko arkupeetan dago zain Jose Luis Otamendi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959), behinola eliza izan eta orain kulturgune den eraikinaren sarreran. Barre bare bat, barrurako bidean. Kafe bat, solasaldia gozatzeko. Grabagailua, esandakoak jasotzeko.

Bost urte joan dira Kapital publikoa eta Disoluzio agiriak-en artean. Liburu hartatik oraingora bada alderik.

Diferentzia bat markatu nahi bat, behintzat, badago. Hasieran beharbada ez hain kontzientea, baina ari zarela, ari zarela, lanari ezpal eta zain diferenteak bilatzen saiatu, eta, halako batean, zerbait egon litekeela igartzen duzu.

Hasierako liburuak oso-oso txikitik, oso minimaletik hasitakoak ziren —poemen neurria ere halakoxea zen—. Gero, maila diskurtsibo landuago bat edo musikaltasun berri bat bilatu nuen. Horretan, jendaurrean irakurtzeak pisu handi bat izan zuen. Idazteko era ere aldarazi egin zidan horrek, dudarik gabe.

Halako mutazio estilistiko bat sentituz idatzi nuen hau. Beste modu batera adieraztea eskatzen zidan barruak, ez hainbeste irudietan, baina bai erritmoetan, errepiketan eta arnas luzeagoko poesia moldeetan. Ez dut esango bueltan noanik, baina beste kolore gama batzuk erabiltzen saiatu naiz, betiko oinarria ustez oinpean dela.

Gama aldaketa horrek aurreko liburuek ez bezalako erantzuna jasotzeko bidea ematen ote du?

Hau ez da oso liburu sinpatikoa. Eta beharbada aurreko pare bat behintzat gustagarriago izan zitezkeen, samurragoak, esateko eran; formetan ere lan gehiago eskatzen du honek. Badakizu, irudi arteko talka asko eta jauzi brutal samarrak daude. Libre samar ibili naiz nire lotuan.

Jazz saio poetiko batean?

Batzuetan, bai. Horrek daukan norbere irudi zurrunbiloetan mozkortzeko arriskuarekin. Ertz aldera pitin bat joan naiz, nik uste. Horregatik nioen hain liburu sinpatikoa ez dela izango igual, baina neure buruak eskatzen zidan, behin adin modu honetara helduta, hortik idaztea. Gure filosofiako irakasleak esaten zuen zahardadeak eman dezakeela kristoren libertatea, batere pudorerik gabe biluzteko. Ez dut uste hainbestera iritsi naizenik, baina arrasto eta nahi batzuk badaude liburuan, zenbait gairi buruz, disoluzioa esaten dudanean gorputzaren eta adinaren gainbehera moduko bati sarrera ematen...

Nola bizi du Jose Luis Otamendik gainbehera hori, izan ere?

Gizonok askoz presoago egon gara geure gorputzean edo gorputzaren imajinarioan, gure kapsula biologiko horretan oso sartuta. Adinak igual, eta, dudarik gabe, feminismoak, metodologia bezala, eman didate bidea.

Feminismoa askatzaile gertatu zaizu?

Marxismoa beste. Mundua ulertzeko bi ate, bi leiho oso nabarmen dira niretzat. Feminismoa lagungarri gertatu zait lasai jarduteko ere, konplexu gehiegirik gabe, gizonezkoa izanda, zer garen eta nondik gatozen jakinda. Armairutik ateratze moduko bat izan da, gorputzari berea opaz, beti ezkutuan gordeta eduki gabe, ez bada baldarkeria edo arkerietarako. Mundu honetako parte gara geu ere, geure herren guztiekin.

Gero, idazteak sortzen du batzuetan norbere buruari altoa emateko gogoa, norbere banitatearekin lotutako alderdi horiek bridatzekoa.

Disolbatze prozesu asko zerrendatzen dituzu liburuan.

Poesiak badu joera lausotasunean gauza asko esateko, baina ni hortxe aritzen naiz erosoen; dagoeneko ez naiz konponduko. Askotan esan izan dut: neure gorputzaren disoluzioaz gain, inguruan ezagutzen ari garenak ere liburuan daude. ETA duela urtebete desegin zenetik hona gertatu direnak, Berlingo harresia erori zenetik egin ditugunak... Garai likidoak ala gaseosoak, ez dakit zer diren hauek, baina geure burua janzten saiatu garen arauetatik oso gutxik balio dute, ustez. Orduan, zer geratzen da?

Zer?

Hitza, akaso? Edertasuna bilatu nahi horrek iraun al dezake? Bai, modu batera edo bestera. Azkenean, zerbait adierazi behar duzu, berdin du bitartekoa. Metaforak errazak dira. Nik zer esango dut sormenaren gainean? Gauza funtsezkoenei eusten dien zuztar sare moduko bat dela; baina bilaketa ere bai, eta gozamen iturri eta ulermen bide ere bai inorentzat. Azkenean, horrek ez al du bilatzen gutako bakoitzarentzat —hau da, denontzat— beharko lukeen espazio duin bat? Jakinda bakoitzak eta denok gure mundu honetan toki bat behar genukeela, eta bakoitzak bilatzen ez badu denona dela ardura; porrotaren ardura, ertzetan galtzen ditugun horien ardura, gurea dela.

«Badago nahikoa ogi denontzat/ ez aski gupida ordea/ ez aski lotsa». Kapitala ez da disolbatzen ari.

Azkenean, kapitala jendez elikatzen den errota ikaragarri bat da, beti lehian ikusi behar gaituena. Batez ere, pobrea pobrearen kontra, gutxi batzuk aberasteko. Liburuan dauden ekonomiako ale batzuk prentsatik-eta atereak ditut. Kontraste horiek gustatzen zaizkit: eguneroko gauza itxuraz oso arruntak testuingurutik atera eta adierazpide finagoekin osatuz sortzen diren konbinazioak. Beti saiatu naiz halakoak lotzen. Gustura ibiltzen naiz joko horretan.

Oraingo munduari zuk ez omen daukazun «beste poesia molde bat» eskaintzeko jokoan.

Horixe da kontua, konturatzea zaputza besterik ez datorrela, baina gure ekina horixe dela hala ere: fatalismo bati uko egitea, ekinez. Horixe besterik ez da geratzen. Zer ekar dezakegu jendarte honetan? Daukaguna. Ni honetan lerratzen ari naiz, hau da nire ahalegina, eta hemendik ematen saiatuko naiz arnasa dudan artean. Nahiz eta badakidan ez dela hau gaurko garaiak, nire iritziz, behar duen poesia; ez bakarra, behintzat. Premia bat badago, eta horrexek berak akuilu bezala jokatzen du niretzat, lagungarri izan daitezkeen eta galderak plantea ditzaketen hitzen peskizan ibiltze horretan.

Ni-tik abiatuta, gu-tik baino gehiago.

Hizkera intimoa bilatu nahian, gazte denborako poesiara egin dut jauzi, beharbada, errekurtso literario eta iruditeria zoroagoa edo libreagoa erabiliz. Lehen pertsona singularrera ekarrita. Baina, ustez behintzat, kolektiboaren lurrina galdu gabe. Lehen, gu-ak pisu handia zeukan. Oraingo honetan norbere gorputzak pisu markatu samarra hartzen duenez —gorputza norbere kapsula edo espazio oinarrizko den aldetik—, ni horren indartze bat eskatzen zidan.

Pertsonala ere politikoa delako.

Hain zuzen ere. Alderdi sozial, ekonomiko, politiko hori ez nuen albo batera utzi nahi; somatizatu egin nahi nituen, gorputzera ekarri ia-ia, neure iragazki propioa barrurago begira jarrita.

Zazpi ataletan banatu duzu liburua. Zazpi eguneko genesia eta paradisua aipatzen dituzu poemotan. Zure herrian Loiolarik ez balitz, halako hainbeste erreferentzia ote legoke zure poemetan?

Zama bat bada, bai. Hari mutur ahul samarrarekin heldutako zazpiko bat osatu nuen, egia da. Beste modu batera izan zitekeen. Testuak egituratzeko lagundu zidan. Gero, modu errekurrente batean ere bai, banerabilkielako kreazioaren, munduaren osaeraren, urtetsu bihurtzearen gaia. Adin galga honetako jende izateak, gure espazio eta inguru honetan bizitzeak, dezente markatzen du, zalantzarik gabe. Baina gai bezala ere interesatzen zitzaidan kreazioarena, hain ofiziala den kontakizun horri buelta bat ematea, orain hain modan dagoen hitza erabiliz: istorio hori dekonstruitzea. Emanak etorri zaizkigun bai paradisua, bai zerua eta bai mundua, nolabait, errefusatzera ez, baina noizbait iritsi beharko genuke geuk erabakitzera zein mundutan bizi nahi dugun, eta nola sortu dugun mundu hori eta nola ari garen desegiten, neurri batean. Hizkuntzarekin eta jendartearekin berdin. Eraikuntza sozial bezala ulertuta betiere.

Eraikuntza sozialaz ari zarela: adinekoen zaintzaren gaiak badu bere garrantzia liburuan.

Orain egiten dudan bazterreko irakurketa balizko bat da haietako batzuen ardura eduki dugula eta haietako asko joaten doazen eran, nola esan... Jaungoikoa adopzioan eduki dugu, haiengandik jasoa, eta orain neure-geure mundua, kreazioa, pelikula eta kontakizuna hasiko gara planteatzen.

Orain artean eutsi egin behar izan diogu —askotan beldurragatik edo ausardia faltagatik— ardura horri. Orain, emana etorri zaigun horren zama arindu egin zaigu pixka bat, presentzia hain sendoak izan diren horien absentziekin. Nahiz eta absentzia sentitu.

Absentzia. Dolua.

Bai. Eta disoluzioaren ideiak hainbeste adiera izan dezake...

Disolbatutakoaren energia transformatu egiten delakoa, esaterako.

Hori da. Joan badoan mundu horren absentzia kontzientea, azkenean, presentzia ere bihurtzen da, nolabait. Akorduak biziberritu egiten du. Halakoen garrantzia, zeharka bada ere, azpimarratu nahi izan dut.

Eguneroko martxan hain presente izan ziren etxekoen zaintza lehenik eta dolua gero... Bizitakoaren testigantza poetikoa idatzi nahi izan dut. Gorputza bezala, familia ere lur hartzeko erabiltzen dugun espaziontzi biologikoa da. Haustea badaukazu, baina zain horiek nahiko sendo sentitzen ditut, zain sozial eta politiko asko bezalaxe. Uste dut politikaren muina hortxe dagoela.

Paradisua ere disolbatzen, transformatzen ari ote?

Paradisua gotorleku gisa bizi dugu, sari bat bezala. Nori ematen zaio sari hori, baina? Otzan izan garenoi, sistema edo superegitura horiekiko morroi eran jokatu izan dugunoi. Baina paradisu izoztu bat da, sarbide oso mugatua duena eta irteerarik ametitzen ez duena.?

Poemaren batean, paradisuko gauzain gisa irudikatu zaitut, bertako ateak ixten eta argiak itzaltzen gauero.

Hor badago erabaki potolo bat: ateak ixten ditugunean, norbera non geratzen den, kanpoan ala barruan. Nahiko barru ba ote dugu paradisu limurtzaile horri uko egiteko?

Zuk ba al duzu?

Ez! Baina kontzientzia txarra sortzen dit barrutik ixteak. Batzuetan, uste dut kanpotik ixten dudala, baina, beste gehienetan, barrutik ixten dudala. Ni paradisu horren parte naiz, garbi-garbi. Argiak itzaltzearena ere hortik doa: bestelako lan batzuei ekiteko ilunean, edo, baita ere, ez gehiegi molestatzeko behar ez den garaiko argitasunarekin.

Gero, kreazionismoaren haritik, paradisuko ateak kanpotik ixteak dakarrena da, aldi berean, gizaki egin ginenetik eta Jakituriaren Arbolatik jan omen genuen horretan, aingeruak suzko armak eskuan atean jartzea, inor ez sartzea. Horren biktima gara. Barruan geratu garenak gara, baina kanpora egotzitakoak ere bagara, neurri batean. Joko horretan ibili naiz hein batean. Noski, paradisutik kanporatuei buruz aspaldi idatzi zuen Joseba Zulaikak, Adanen poema amaigabea [Kriselu, 1975] potente hartan. Oso garaiko liburua zen. Oso gaztetan irakurri nuen, oso gustura. Hark Adam hartzen zuen orduan, eta orain uste dut paradisutik kanpo geratze hori bizi dugula, eta neurri batean badela hautu bat ere: Jaungoikoaren zazpi egun horiei uko egin eta geuk daukagunarekin konpontxo egitea.

Ukitu naturalista bat ere badu liburuak.

Paisaiak, inguruneak, hartzen dute tokia, bai. Naturak pisu handia du.

Hori ez duzu berria.

Ez. Humanizatu gabeko paisaiarik ez dago jada, baina ingurune naturalak hartzen du pisu bat. Gure desmasien, bidegabekerien eta ase ezintasunaren agertoki nagusia da, eta ezin horri izkin egin. Errazkeria ere bada esatea, baina kapitalismoak dena suntsitu arteko onik ez du. Hor sartzen gara pertsonak eta gainontzeko dena.

Gure paradisu izoztuaren irudiak, gainera, ematen zidan metafora txiki baterako bide, geure paradisuko glaziarrak geu urtzen ari garela, geure paradisuan itoko garela esateko. Lastima da askori aukera hori eman gabe joango garela, kanpo utzita eta suntsituta.

Zenbaitetan, tristura puntu bat ere badario liburuari.

Galeraren oso kontziente naiz. Ez pertsonena bakarrik, baita aukera galduena ere, arlo emozionalean, afektiboan, sozialean eta politikoan. Baina ironia ere bada liburuan. Maitasun keinuak ere bai: Galizia eta Kataluniarekiko, esaterako. Norbere gorputzaren askatze prozesua ez dago libre herriaren askatze prozesuaren katetik. Gaur egun bitxia izango da hori bizitzea, baina geurekin daramagu hori, eta nik nahi dut erakutsi.

Hainbat idazlerekiko keinua ere egin duzu. Maiatza Seamus Heaneyrekin poema hor da, esaterako.

Xabi Bordak Seamus Heaney itzuli zuen Susako Munduko Poesia Kaieretarako, eta testu haiek orrazten aritu ginen biok. Izugarri gozatu nuen Heaneyren egiteko erarekin, eta uste dut dezenteko eragina izan zuela liburuko hainbat poema idaztean.

Miren Garateren Ekaitzaren zipriztinak liburuko esaldi osoak ere badaude, ekonomiari buruz, hain indartsuak iruditzen zitzaizkidan hango testigantzak.

Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat poeman, berriz, munstro maitagarria aldarrikatzen duzu.

Disoluzioaren ideia oso garbi agertzen da poema horretan: nola izaki fragmentarioak garen, txatalez osatuta gauden. Niretzat, oso metafora aproposa da delako izaki hori, batzuek munstro deituko duten hori, baten eta besteren pusketaz osatutako hori. Disoluzioaren beste adieretako bat da ere, oraintxe urtebete gertatu zen ETArenaz gain, herri bezala ere hor gaudela, hainbeste txatal, hainbeste erritmo, hainbeste jokaera desberdinez osatuta eta elkar osatu ezin batean. Denean dago osatu nahi bat eta osatu ezin bat gaur egun —baita poesian ere, horregatik diot nirea ez dela orain behar den poesia—, eta horixe da bizitzaren motorra, neurri batean. Korapilo horretan bizi gara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna