Hiri garaikideen erronkak aztergai, hiru egunez, Iruñean

VI. Nazioarteko Arkitektura Kongresua abiatu da Iruñean. Hainbat adituk hirien arazoak izango dituzte hizpide bihar arte. Hirien dimentsio publikoaren garrantzia aldarrikatu dute

Baluarte auditoriumaren sarrera, atzo goizean. Han egiten ari dira VI. Nazioarteko Arkitektura Kongresua. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Garatutako hirien arazoak identifikatu eta horiei modu eraikitzailean heldu, etorkizunerako nahi dituzten hiriak sortzen hasteko. Hori da VI. Nazioarteko Arkitektura Kongresuaren xede nagusia. Atzo abiatu zen, Iruñean, Nahi dugun hiria goiburupean, eta hiru egunez nazioarteko hainbat adituren hitzaldiak hartuko ditu. Parte hartzaileen artean egongo dira Mohan Munasinghe Bakearen Nobel sariaren 2007ko irabazlea eta aurtengo Pritzker saria jaso duen Anne Lacaton.

Arkitektura eta Gizartea fundazioak antolatzen du egitasmoa, eta Baluarte du egoitza nagusia. Han aurkeztu zuten kongresua atzo Jose Maria Ezkiaga zuzendariak eta Patxi Mangado fundazioaren patrono fundatzaileak. Ezkiagaren esanetan, fundazioaren asmoa da bi elementu horiek, arkitektura eta gizartea, berriz konektatzea. Bide horretan antolatzen dituzte nazioarteko kongresuak bi urtean behin, 2010etik. Oraingoan, arazoetan arreta jarrita begiratuko diote hiriari, baina ikuspegi «itxaropentsu» batetik: kritikara mugatu beharrean, konponbideak proposatuz. Ardatz horrek lotuko ditu hitzaldiak, Ezkiagaren arabera: «Horregatik du zentzu baikorra kongresuaren izenburuak: nahi dugun hiri hori egin, egin daitekeela uste dugulako».

Landuko dituzten arazo nagusien artean, honako hauek daude: hirien kontrolik gabeko hazkundea, espazio publikoaren balioaren galera, ekitate falta, klima aldaketa edota autoaren lehentasuna. Horiei helduko diete, galdera bat oinarri hartuta: «Zer hiri nahi dugu eta nola eraiki nahi dugu?».

Mangadok azpimarratu duenez, fundazioan ez dute arkitektura bera helburu gisa ulertzen, baizik eta «jendea hobeto bizitzea» xede duen tresna gisa. Alde horretatik, publikoaren zentzua aldarrikatu nahi dute kongresuan, «hiria guztiena dela», ideia hori 2008ko krisiaz geroztik atzera egiten ari dela sinetsita: «Botere publikoak atzera egin du, eta hiriaren zati handi bat esku pribatuetan dago, gero eta gehiago. Horrek atzerapausoak ekar ditzake hiriaren kalitatean ere».

2008ko krisiak hirigintzako parametro asko aldatu zituen arren, 2020koarekin ez dira arazo gehiago sortu; ordea, izurriak lehendik zeudenak azaleratu ditu, Mangadok eta Ezkiagak azaldu dutenez. «Pandemia hasi zenean behar genuena ez zen autobide edo supermerkatu gehiago. Behar genuena zen farmazia bat etxetik gertu, espazio publikoa erabili ahal izatea, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko harremana mailakatuagoa izatea», nabarmendu du Ezkiagak. «Arazo horiekin agerian geratu da pertsonak zaurgarriak garela, bai eta hiriak ere». Uste dute ideia horrekin egin behar zaiela aurre arazoei, eta ikuspegi horrekin ekingo diote kongresuari.

Nazioarteko hizlariak

Atzo Anne Lacatonek zabaldu zuen kongresua, bideokonferentzia bidez; haren atzetik mintzatu ziren Dietmar Eberle arkitekto austriarra, Philipp Rode ekonomialaria eta Miguel Anxo Fernandez Lores Pontevedrako (Galizia) alkatea. Gaur hitza hartuko dute Ezkiagak berak, Fabienne Hoelzel arkitekto suitzarrak, Feniosky Peña-Mora Columbiako Unibertsitateko (AEB) irakasleak, Rafael Fernandez Valverde Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak, Maria Angeles Duran CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerketa irakasleak, Joan Clos Asval alokairuko etxebizitzen jabeen elkarteko presidenteak, Saskia Sassen Columbiako unibertsitateko katedradunak eta Daniel Ibañez Harvard Unibertsitateko (AEB) ikerlariak.

Azkenik, bihar mintzatuko dira Mar Santamaria eta Pablo Martinez Bartzelonako Arkitektura Eskolako kideak, Frances Muñoz geografo katalana, Mohan Munasinghe garapen jasangarriko Sri Lankako aditua, eta Carlos Soltxaga ekonomialari eta politikari nafarra. Hitzaldi guztiak Internet bidez ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.