Euskal Herriko katalanen ahotsak

Euskal Herrian bizi diren katalanek 'injustua' hitza erabili dute nagusiki Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia definitzeko. Milaka lagun dabiltza egunotan Kataluniako kaleetan epaia salatzen eta protesta egiten, eta larunbaterako mobilizazio handi bat prestatzen ari dira.

Erreferendumaren defentsan Gure Esku-k deituta Donostian egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Sumina piztu zuten Kataluniako erreferendumaren auziarengatik epaitutako buruzagi independentisten aurkako zigorrek, eta mobilizazio jendetsuak ari dira egiten Katalunian sententzia ezagutu zutenetik. Euskal Herrian ere izan dira erantzunak, eta aldarrikapen eta elkartasun olatuek blaitu dituzte kaleak. Katalan ugari bizi dira Euskal Herrian, eta prozesua nola ari diren bizitzen azaldu dute.

ORIOL FLORES Donostia - La Garriga, Bartzelona



«Hitz egin behar da, hori da garrantzitsuena»

Eseri eta hitz egiteko beharra azpimarratu du behin eta berriz Oriol Floresek: «Hitz egin behar da, hori da garrantzitsuena». Ordea, azaldu du Espainiaren aldetik hitz egiteko jarrera hori ez dela atzematen.

Floresek gogor kritikatu du epaia: «Guztia digeritzen ari naiz oraindik. Oso injustua iruditzen zait. Uste dut hau guztia saihestu ahal zela. Neurrigabekoa da gertatu dena». Hala ere, ez du ezusterik hartu sententziarekin: «Espero nuen. Espainiako Gobernua izan da epaile. Horrekin jokatu dute. Epaileek beren lana egin dute, baina iruditzen zait itunduta zegoela». Katalunian gertatzen ari dena tristura handiarekin ari dela bizitzen aipatu du, eta kezkatuta dago: «Biolentzia ez da ona, eta gehiagora doa. Arazo handia izango da. Oso garrantzitsua da hitz egitea, elkar entzutea, eta ikustea zer gertatzen ari den bi aldeetan». Haatik, uste du Katalunia-Espainia harremana hautsita dagoela: «Hautsi den bikote harreman bat bezalakoa da; ez dira elkarren fio».

Protesta egitea «garrantzitsua» dela azaldu du: «Bi milioi eta erdi pertsona irten dira kalera zerbait eskatzera. Gauza serioa da. Kataluniako gizarteak orain arte ez zuen sekula hori egin. Herritarrak oso kontzientziatuta daude: kalera irten behar da, eta eskatu». Hala, honako galdera hau egin dio Espainiako Gobernuari: «Zergatik Erresuma Batuan uzten dute erreferenduma egiten Eskozian, eta Espainian ez? Zein da arazoa? Zeren beldur dira?».

CELIA GATELLGasteiz - Vilafranca del Penedes, Bartzelona



«Sententzia demokratikoa izan ezik beste guztia izan da»

«Inpotentzia handia sentitzen dut. Nire lagun asko lanetik irten eta manifestazioetara joaten dira. Gaua iritsi arte ez dira etxera joaten. Alde guztietatik ari dira kolpeak jasotzen. Nire herrialdean ari da hau dena gertatzen, eta bertan egotea gustatuko litzaidake». Egunotan ezin da Kataluniara joan Gatell, baina hemendik «babes osoa» helarazi nahi die protestan dabiltzanei.

Sententzia kritikatzearekin batera, herritarren erantzuna azpimarratu du Gatellek: «Sententzia demokratikoa izan ezik beste guztia izan da. Espero nuen sententzia, ez, ordea, Kataluniak horrela erantzutea».

Bestalde, uste du herritarrek ez luketela baztertu behar bide berriak hartzea: «Katalunia beti izan da herrialde baketsu bat. Nire ustez, ordea, ez dugu ezer aldatzea lortu. Biolentziarik gabe jokatzea oso ondo dago, baina, orain arte behintzat, ez dugu ezer aldatu. Orain, ez bagara lubakian babesten, eta ez badugu erregimenaren aurka borroka egiten, azken finean, uste dut ez dugula ezer aldatuko. Komatxoen artean esanda, biolentzia bide bakarra baldin bada, uste dut horri jarraitu behar zaiola». Irmoki gaitzetsi du, berriz, Poliziaren jokabidea: «Hasteko, Poliziak legeak defendatu behar ditu, eta haren lana ez da nazien manifestazioei eskolta egitea, eta, aldiz, zuk hori defendatzen ez duzulako, hiri baten manifestazioen aurka oldartzea. Uste dut Polizia ez dela objektiboa. Gainera, biolentoa eta oldarkorra da».

EVA DOMENECHHernani, Gipuzkoa - Sabadell, Bartzelona



«Miresgarria iruditzen zait Kataluniako herritarren erantzuna»

«Epaiketa hau ez zen inoiz egin behar; asmatutako kontakizun batean oinarritzen da. 2017ko udazkenean izandako gertakarietan existitu zen biolentzia bakarra Poliziarena izan zen. Astakeria bat da». Eva Domenechek adierazi du Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia «injustizia» handi bat dela, eta, espero zuen arren, «kolpe handia» izan dela dio.

Horren aurrean Kataluniako herritarrek emandako erantzuna goraipatu du: «Beste behin, miresgarria iruditzen zait Kataluniako herritarren erantzuna. Manifestazio jendetsuak, transbertsalak, sormen handikoak eta baketsuak ari dira izaten. Oso harro nago egiten ari diren mobilizazioekin. Nahiko garbi genuen sententzia injustu bat izango zela, eta modu sendoago batean erantzun behar zitzaion. Protestatzeko era berriak ari dira ateratzen».

Bestalde, Espainiako hedabideak auziari ematen ari zaizkion trataera kritikatu du: «Gauetan istilu batzuk egon dira, eta estatu mailako hedabideek protesta horietan jarri nahi izan dute fokua. Horiek, ordea, minoritarioak izan dira. Manifestazio baketsuak egin ditugu, eredugarriak. Espektakulu moduan saltzen dute hedabideek, analisi gehiagorik egin gabe. Poliziaren basakeria justifikatzeko iritzi publiko bat sortzen ari dira».

Horrez gain, Espainiako Estatuaren diskurtsoa zalantzan jarri du: «Askotan esan da biolentziarik gabe edozein planteamendu politiko posible zela, eta ohartu gara ezetz, ez dela egia. Aukera politiko horiek indar handia hartzen dutenean, ukatu egiten zaigu gure etorkizuna erabakitzea». «Erreibindikatzen» jarraitu behar dutela dio, eta larunbat honetan Katalunian egingo den mobilizazioan egongo dela azaldu du, «Espainiako Estatuaren errepresioa salatzen».

DANI LOPEZTolosa, Gipuzkoa - Bartzelona



«Espainiako Estatuaren proiektu demokratikoa porrot bat da»

Ez zuen sorpresarik hartu Dani Lopezek sententziaren berri jakin zuenean, baina «amorru handia» eragin ziola azaldu du. «Bederatzi buruzagi independentista hautetsontzi batzuk jartzeagatik espetxeratzea zigor eta mendeku ekintza bat da. Gainera, autodeterminazio eskubidea kriminalizatzeko saiakera bat da».

Gogor salatu du egoeraren aurrean Espainiak hartutako posizioa: «Espainiako Estatuak ez du negoziatu nahi, ez du hitz egin nahi. Kataluniako gatazkari ematen dioten erantzun bakarra errepresio judiziala eta poliziala da. Ez du beste eskaintzarik. 78ko erregimena krisian dago, eta haren eskaintza bakarra hau da: errepresioa. Espainiako Estatuaren proiektu demokratikoa porrot bat da. Ez da independentisten kontua bakarrik, demokrazia jokoan dago».

Hala, uste du Espainiako Estatua hitz egin eta negoziatzera bultzatzea dela aterabide bakarra: «Gelditzen den irtenbide bakarra mobilizazioekin jarraitu eta desobedientzia zibila erabiltzea da. Ahalegindu behar dugu mahai batean negoziatzera eserarazten; ez dago besterik. Kalean jarraitu behar dugu. Estatua behartu behar dugu hitz egitera. Gatazkaren irtenbidea amnistia eta autodeterminazio eskubidea gauzatuta etorriko da». Horrez gain, Kataluniako Gobernuan batasun politikoa lortu behar dela dio: «Kataluniako Gobernuari batasuna falta zaio. Une honetan ikusten ez den estrategia bateratu bat behar da». 

SILVIA PUIGIrunberri, Nafarroa - Girona



«Espero genuena gertatu da: ahal zuten zigor handiena ezarri diete»

Silvia Puigek uste du epaiketa hau egin ere ez litzatekeela egin behar: «Guztiok espero genuena gertatu da: ahal zuten zigorrik handiena ezarri diete».

Ez da harritu Kataluniako herritarrek epaiketaren aurka izandako erantzunarekin, eta aitortu du egoerarekin «gogaituta» daudela: «Hau jasanezina da». Hala, prozesuak ez duela atzera-bueltarik dio: «Nire ustez, erabaki bat hartu beharko da: erreferendum bat baimentzen da, edo estatuaren oniritzik gabe independentzia aldarrikapena egiten da». Ezin dutela pausarik egin azpimarratu du, eta aurrera egiteko modu bakarra herrialdea gelditzea dela dio.

Bestalde, kritiko agertu da Puig mossoen jarrerarekin: «Mossoen biolentzia eskandalu bat da. Urriaren 1ean manifestariak mossoen alde agertu ziren, eta, orain, indarkeria erabiltzen ari dira». Mobilizazio baketsuak egitea «oso garrantzitsua» dela dio, baina inkoherentziak salatu ditu: «Biolentziarik ez erabiltzea inportantea da, baina, aldi berean, biolentziarik eza erreibindikatzen zuten lider sozialak hamabi urteko kartzela zigorra jasaten ari dira». Kataluniako Gobernuaren egoera zaila dela dio: «Inkongruentziak daude. Mobilizazioak nahi dituzte kalean, baina, bitartean, mossoak kontrolik gabe dabiltza».

FANTY OLLEBilbo - Tarragona



«Zerbait gehiago egin behar dugu estatuari aurre egiteko»

«Mendekuzkoa» eta «injustua» hitzak erabili ditu Fanty Ollek sententzia definitzeko. Esan du Espainia mugimendu independentistaz mendekatu dela haren buruzagi politikoen bitartez.

Aldaketa bat nabari du Ollek Kataluniako herritarrengan: «Jendeak erantzun egin du; gauzak egiten hasi da. Manifestazioek orain arte ez dute ezertarako balio izan. Ia hamar urte daramatzagu kalean, izugarrizko manifestazioak egiten, eta ez dugu ezer lortu». Biolentzia baztertzen du, baina bestelako ekintza batzuk egitearen beharra azpimarratu du: «Zerbait gehiago egin behar dugu estatuari aurre egiteko. Ekonomikoki min egin behar diegu: aireportua ixtea bezalako gauzak egin behar ditugu, esaterako». Haatik, Ollek ere beharrezkotzat jo du Katalunian batasun politikoa lortzea: «Batasun politikoa lortu behar da. Bestela, printzipioz, ez dago soluziorik. Egoera gidatuko duen buruzagi politiko bat behar dugu».

Halaber, Ollek uste du Polizia erabiltzen ari den biolentzia Espainiaren biolentziaren «erantzun» bat dela, eta adierazi du bide horri jarraituta ez dutela ezer lortuko: «Errepresioarekin bakarrik ez dute ezer lortuko. Are gehiago, jendea kalera irtetea bakarrik bultzatzen dute. Katalunia orain ezin da gelditu. Irten gara, jo gaituzte, eta orain, ezin gara etxera bueltatu. Jarraitu egin behar dugu». Mobilizazio baketsuekin jarraitzea garrantzitsua dela dio: «Molestatu nahi dugu, baina biolentziarik erabili gabe».

MIGUEL GIMENEZHendaia, Lapurdi - Sabadell, Bartzelona



«Zerbait lortzen bada, herri oinarritik ateratako zerbait izango da»

Epaiketa «injustua» dela azpimarratu du Miguel Gimenezek, baina badago gehiago kezkatzen duen zerbait: «Iruditzen zait protestetan dabiltzan herritar batzuek pairatu beharko dituztela errepresio honen alderik txarrenak». Haatik, Kataluniako herritarren erantzuna nabarmendu du: «Espero nuen erantzun bat, baina harritu egin nau zenbat jende bildu den mobilizazioetan. Gainera, autoantolatuak izaten ari dira».

Adierazi du protestak orokorrean baketsuak izaten ari direla, eta uste du hedabideak errealitatea desitxuratzen ari direla: «Hedabideek eta Espainiako politikariek saiakera bat egin dute egon den biolentzia apurra azpimarratzeko, baita lortu ere. Biolentzia azpimarratu dute, nahiz eta nahiko marjinala izan. Orokorrean, protestak baketsuak izan dira, biolentziarik gabekoak».

Bestalde, poliziek erabilitako indarkeria salatu du: «Edukiontzi batzuk erretzearen inguruan ari dira hitz egiten, eta, bitartean, oldarkor jokatzen ari da Polizia. Poliziak badu baimen hori, bortizkeria erabiltzeko baimena».

Etorkizunari begira, berriz, nahiko ezkorra da: «Itxaropen gutxi daukat. Oso boteretsua da etsaia, eta politikariekin ez naiz fio. Interes politikoei begiratzen diete, eta ez beste ezeri. Zerbait lortzen bada, herri oinarritik ateratako zerbait izango da, baina zaila da».

«Hitz egingo dugu?»

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.