Katalunia. Eztabaida politikoa

«Hitz egingo dugu?»

Kataluniako Gobernuak «arduragabetzat» jo du Sanchezek Torrari elkarrizketa ukatzea. Ciudadanosek, PSCk eta PPk Torraren dimisioa eskatu dute

Ehunka lagunek «preso politikoen» askatasuna eskatu zuten, atzo ere, Bartzelonan. JESUS DIGES / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Kataluniako Gobernuaren kontrol saioak Bartzelonaren eta Madrilen arteko elkarrizketa falta eta azken asteko istiluak izan ditu hizpide. Parlamentuan eginiko saioan, Kataluniako presidente Quim Torrak «estatu ikuspegia» eskatu dio Espainiako presidente Pedro Sanchezi: «Hurrengo belaunaldietan pentsatzen hasteko eskatzen diogu, eta ez hurrengo hauteskundeetan». Oposizioak, berriz, gobernutik kanpo nahi du Torra, eta alderdiek haren dimisioa exijitu dute.

Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko harremanak izoztuta daude, ez baita bi erakundeetako buruen arteko elkarrizketarik egon buruzagi independentisten aurkako epaia argitaratu zenetik, Espainiako presidenteorde Carmen Calvo eta Kataluniako presidenteorde Pere Aragonesen artekoa izan ezik; Torra kontuan hartu gabe egina.

Torrak adierazi du bost aldiz deitu diola Espainiako presidenteari, baina ez duela erantzunik jaso. «Hitz egingo dugu? Serio hitz egingo dugu?», galdetu du, Sanchezi zuzenduta. Aragonesek, gobernukideen batasunik ezaren inguruko zurrumurruen aurka, babesa agertu dio Torrari, eta «arduragabetzat» jo du Sanchezen jarrera.

PSCko buru Miquel Icetak Torrari exijitu dio ez erabiltzeko elkarrizketa falta istiluen kudeaketa txarraren «aitzakiatzat», eta gehitu du Sanchezekin hitz egin aurretik Kataluniako talde parlamentarioekin bildu beharko litzatekeela Torra.

Halere, Ciudadanos izan da gogorrena gobernuarekin, Lorena Roldan bozeramaileak «arrisku publikotzat» jo baitu Torra. Gainera, gobernuari eskatu dio zigortutako buruzagi independentistei exijitzeko «katalan guztiei lapurtutako» dirua itzultzea, horiek diru publikoaren erabilera okerragatik zigortuak izan ostean. Aragonesen esanetan, ordea, ez da «inolako gasturik frogatu», eta delitu horregatik zigortu izana «horizonte penal berri bat» da estatuarentzat.

En Comu Podemeko Jessica Albiachen ustez ere, Torra ez da «mintzaide onargarri bat», Kataluniako «gero eta zati txikiago batentzat» pentsatzen duelako. Kataluniako presidenteak «ekidistantziatik» ateratzeko eskatuz erantzun die Comukoei: «Errepresaliatuekin gaude, edo errepresiogileekin». Horregatik, JxCk, ERCk eta CUPek aurkeztutako ebazpen proposamenaren alde bozkatzeko eskatu die.

Alderdi independentistek herenegun parlamentuan aurkeztutako ebazpen proposamen horrek eman du zeresana, aurka agertu baitira Ciudadanos, PSC eta PP, eta haren tramitaziorako onarpena «birpentsatzeko» eskatu diote parlamentuko mahaiari. Alderdi unionisten esanetan, autodeterminazio eskubidearen defentsa eta buruzagi independentisten amnistia eskatzen dituen ebazpenak kontra egiten die joan den astean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emaniko abisuei. Auzitegi hark bertan behera utzi zuen irailean Kataluniako Parlamentuak onartutako autodeterminazio eskubidearen inguruko ebazpen bat, Espainiako Gobernuaren errekurtsoa onartuta. Horrez gain, neurrien aurka egiteak ondorio penalak izan zitzakeela adierazi zien auzitegiak parlamentuko mahaiko kideei, azpimarratuta zera dela haien lana: «Eteteari entzungor egitea dakarren edozein egitasmo geldiaraztea edo galaraztea».

Bide beretik segituz, Pedro Sanchezek mehatxu egin die independentistei: «Legearen muga igarotzen duena zuzenbide estatu demokratikoaren erantzun irmoarekin gurutzatuko da». Halere, Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek ez du atzera egiteko asmorik, eta adierazpen askatasunaren pean kokatu du: «Ebazpen bat posizionamendu politiko bat da, ez lege bat, ez legegintza ekinbide bat, ezta ibilbide juridikoa duen ekinbide parlamentario bat ere. Beraz, iritzi bat adierazten du, hiru talde parlamentariorena».

«Zigortzeko, beldurtzeko»

Presoen askatasuna eskatzeko eta autodeterminazio eskubidea defendatzeko protestak ez dira amaitu Katalunian. Atzo ere hainbat mobilizazio egin ziren. Besteak beste, dozenaka ikaslek Bartzelonako Etorbide Nagusia moztu zuten, eta, ANCk eta Picnic per la Republicak deituta, ehunka lagunek eserialdi bat egin zuten Via Laietanan dagoen mossoen komisaria aurrean.

Joan den asteko istiluez aritu da Som Defensores plataforma, giza eskubideen aldeko hainbat erakunde biltzen dituena. Plataformak azaldu du «polizia bortizkeriaren»122 kasu zenbatu dituztela: foam piloten hogei jaurtiketa —bi, burura; bat oso larri dago—, «lau lagunek begia galtzearen errudun izan litezkeen» gomazko piloten zortzi jaurtiketa, buruan borrekin emaniko hamabost kolpe... Horien %60 mossoek eginak lirateke, eta %40, Espainiako poliziek eginak. «Ikusi ditugun egoera larrienetako batzuk defentsa polizialekin emaniko kolpeak dira, inor sakabanatzeko asmorik gabe; zigortzeko, beldurtzeko eta umiliatzeko emanak», azaldu du Andres Garcia bozeramaileak.

CUPek Miquel Buch Barne kontseilariaren kargugabetzea eskatu du mossoen jokabideagatik, eta azaldu aurkako erabakiak «ekintza irregular horiek» babesten dituela. Torrak «arrazoia» eman dio CUPi, polizien ekintzen inguruko kexei dagokionez, eta azaldu du «bereziki adi» egongo dela polizia operazioen ikerketei.

Euskal Herriko katalanen ahotsak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.