Albistea entzun

Sarrionandia: «Erretolikek jan egiten dituzte gertaerak»

Joseba Sarrionandiak 'Gauzak direna balira' saiakera argitaratu du, Pamiela etxearekin. Bideoz eman du Habanako Gaukaria trilogiako hirugarren lanaren berri, Habanatik
Joseba Sarrionandia, Jose Goitiak astelehenean Habanan grabatutako bideoan.
Joseba Sarrionandia, Jose Goitiak astelehenean Habanan grabatutako bideoan. PAMIELA Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2020ko abenduak 3 - Donostia

Joseba Sarrionandia (Iurreta, Bizkaia, 1958) Gauzak direna balira saiakerari buruz Habanatik hizketan, mahuka motzetan eta hostaje koloretsuko landareak atzean, Jose Goitiak astelehenean grabatutako hamasei minutuko bideoan. Koldo Mitxelena kulturgunean eman dute Pamiela argitaletxekoek, zamardun kazetarien aurrean, Habanako Gaukaria trilogia ixten duen lanaren aurkezpenean.

Urriak izan ohi dira idazlearen agerraldi publikoak, eta aurreneko aldia da bere liburu bat bideoz aurkezten duena. «Arraina uretik kanpo bezala hitz egingo dut mikrofono honen aurrean», esan du pantailatik. Eta, hitz egiten hasita, zuzenean jo du Gauzak direna balira azaltzera.

Egunkari bat izanik ere, zehaztu du ez dela egunkari intimoa deitzen diren horietakoa. «Ingurua eta mundua ulertzeko saiakerak edo esperimentuak» dira bereak, eta saiakera horiek «opakutasuna argitzeko» idatzi ditu, gauez. «Ilargiaren sekretario moduan saiatu naiz lan egiten».

Iazko urritik aurtengo udaberri pandemikora bitartean datatutako testu bilduma da emaitza. Apirilaren 30eko data dauka Egiazkotasun historikoa izenekoak, liburuko azkenak. Gero, oharrek eta aurkibide onomastikoak hartutako orrialdeak daude guztira, 78.

Liburuak badu nobelatik ere, idazlearen esanetan, eta bertan agertzen diren hainbat pertsonaia eta gai aletu ditu fotogramaz fotograma. Pertsonaien artean daude, besteak beste, Shakespeareren Ekaitza obratik hartutako Caliban, Prospero, Ariel... «Analogia politikoak egiteko» erabili ditu.

Kanibalismoaz ere aritu da: zer izan den historikoki antropofagia; eta zer esan den antropofagiari buruz eta zertarako erabili den antropofagiaren ideia. «Beti dago errealitate faktual bat, oso desberdina izan daitekeena horri buruzko diskurtsoarekin eta erretorikarekin. Gaur egungo gizartean, oso mediatizatua denez, gertaeren eta erretoliken arteko bikoiztasun hori gai printzipala da. Erretolikek jan egiten dituzte gertaerak».

Askatasunerako moldea

Hala ere, Ilargiaren sekretario lanak ez zituen iaz hasi Sarrionandiak. Aurretik emanak ditu Bizitzea ez al da oso arriskutsua? (2018) eta Airea ez da debalde (2019), Pamielaren Upaingoa sailean, eta aurrekoon planteamendu berari eutsi dio trilogiaren hirugarren partean ere: «Idazmolde oso berezia dauka. Beti behar da egitura bat askatasuna izateko. Askatasuna ez da ezerezean eraikitzen, behar dira baldintza batzuk». Egiturak baldintzak eskaintzen ditu, bideak, lan literarioak dakarren bilaketarako.

Zeren bilaketa, baina? «Beharbada ez dagoen zerbaiten bilaketa», Eldorado mitikoaren antzekoa. «Bilaketa horrek funtzionatzen du ortzi mugak bezala».

Ortzemuga hori beti da aldakorra, idazlearen ustez. «Esaterako, [Gabriel] Arestirentzat euskararen salbazioa gizarte komunista batean izango zen. Geroko belaunaldi gazteagoetan bilatzen genuen mirakulu literario bat, eta, orain, azkenaldian gizartea aldrebestu denez edo hainbat proiektuk frakasatu dutenez, Orinokoan erdi galduta bezala gaude. Puntu imajinario eta utopia horren bilaketan; bai literaturan, bai bizitzaren beste arloetan ere».

Eldorado imajinario horren bilaketan aurkitu ahal dira, hala ere, lanaren nekea arintzen duten printzak. Baita Gauzak direna balira idaztean ere: «Hitzen ardura izan dut liburu honetan, eta urre txiki batzuk aurkitu ditut». Umetan erabiltzen zituzten esaera zenbait, adibidez. «Komunitate baten partaide» sentitzea ahaztu gabe. Hori ere badelako literatura berarentzat, neurri batean: «Komunitate baten arduretan eta bizitza komunitarioan parte hartzeko forma bat».

Johannes Urzidil (Praga, 1896 Erroma, 1970) idazle eta historialaria ekarri du gogora jarraian: «Hark erakutsi zigun hizkuntzaren altxorra geure ezpainetan dugula, gure artean, ez koba ilun batean, ez gramatiketan. Politikaren altxorra ere gure artean dago, gure arteko harremanetan».

Editorearen pribilegioa

Sarrionandiaren Habanako Gaukaria trilogiako azken bi liburuen edizio arduraduna izan da Fernando Rey. Gauzak direna balira liburuarekin izan duen harremana azaltzeko, idazlearen beste lan bat ekarri du gogora: «Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan esaten du itzultzailea irakurle pribilegiatua dela, eta nik hori askotan sentitu izan dut itzultzaile aritu izan naizenetan. Oraingo honetan editore eta zuzentzaile lana tokatu zait, eta berriz ere irakurle pribilegiatua sentitu naiz. Aukera izan dut saiakeraren ur sakonetan sartzeko».

Sakonera horietan «denetarik» aurkitu duela nabarmendu du editoreak: jendearen bizitza asaldatzen eta gozatzen duten gertakari txiki eta handiei buruzko gogoetak, euskarari buruzkoak, orainari eta iraganari egindako begiratua, umorea, ironia, Euskal Herria, Katalunia, pandemia, Ernesto Cardenalen oroitzapena, Luis Eduardo Auteren kanta ezagunenaren itzulpena, indigenek jasandako izugarrikeriak, kapitalismoaren kontraesanak... «Eta euskaldun esklabistei buruzko gogoeta luzea, aipamenak eta kronikak bilduz. Pertsonalki, horrek ukitu nau gehien».

Sarrionandiaren kantu maite baten doinuekin amaitu da prentsaurrekoa: Pensamiento boleroarenak. Dana Moyak abestu du.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. ©A. LOIOLA / FOKU

Txapelketa: zauri edo ukendu

Miren Mujika Telleria

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, <em>Harizko zubiak</em> liburuaren aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jone Bastida Alzuru

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du

Iñigo Etxezarreta abeslaria <em>Guretzat</em> diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Rockero izandakoen runbak

Olatz Silva Rodrigo

ETS taldeak 'Guretzat' diskoa kaleratu du. Ska eta rock doinuak alde batera utzi, eta beste hainbat musika estilo uztartu dituzte

Gartxot komikigileak sortutako <em>Barruan</em> komikiko irudietako bat. ©GARTXOT / ATARAMIÑE

Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui 'Gatza'-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten 'Barruan' komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.