Mirotz urdinei bizirik eusten

Mirotz urdinek zereal soroetan egin ohi dituzte habiak; uzta garaian, baina, makinak habien gainetik pasatzen dira sarri, eta txitak hil egiten dira. Halakoak eragotzi eta espeziea salbatzeko, kanpainak abian dituzte Nafarroan eta Araban.

Arrak janaria batzeaz arduratzen dira, ehizaz. ALEX GONZALEZ.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Mirotz urdinen populazioa gainbeheran dago Euskal Herriko zenbait txokotan, eta, ez da gutxiagorako, landa makinen ondorioz hiltzen baitira, sarritan. Zereal soroetan egin ohi dituzte habiak, baina uzta garaiak iristean ere han egoten dira, txitak hazten eta garatzen. Horrelakoak eragozteko, ezinbestekoak dira neurriak, eta zenbait herritar eta instituzio horretarako lanean ari dira. Konpromiso maila ezberdinetan, baina espeziea salbatzea dute helburu, eta elkarlanean jardun ohi dute horretarako, besteak beste, nekazariekin. Era horretan, asmoa da mirotz urdinen populazioari laguntzea, eta haiei bizirik eustea.

Arturo Rodriguez ornitologoa da, baita Hontza natura elkarteko kidea ere. Mirotz urdinak salbatzen aritzen da Araban, eta haien egoera izan du hizpide. «Txitak lurrean hazten dituzten harrapakari bakarrak dira, eta, gure kasuan, bi espezie daude: mirotz urdinak eta zuriak, baina batez ere urdinek dute lurrean hazteko joera».

Hain zuzen, Hego Euskal Herrian, bi mirotz espezie horiek babestutako espezieen katalogoetan sartuta daude, maila ezberdinetan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, mirotz urdinak zaurgarri izendatuta daude, eta, zuriak, berriz, interes berezikoen zerrendan daude. Nafarroan, koska bat gorago egin behar da errealitateaz jabetzeko: urdinak galzorian daude, eta zuriak zaurgarriak dira. Horregatik bideratzen dituzte kanpainak batik bat mirotz urdinak salbatzera. Ipar Euskal Herrian, berriz, ez dago datu zehatzik.



Mirotz espezie horiek zereal soroetan sortzen dituzte habiak, Rodriguezen arabera, eta han erruten dute; are, han geratzen dira txitek hegan egiten duten arte. Hala ere, ohartarazi du azken urteotan larriagotu egin dela hegaztion egoera: «Klima aldaketaren ondorioz-eta, uzta bilketa gero eta lehenago egiten da, eta, ondorioz, txiten haztearekin topo egiten du, oraindik garatzeko bidean egoten baitira». Horrelako zenbait kasutan, uzta biltzeko makinek azpian hartzen dituzte habiak eta hegazti jaioberriak, baina ornitologoak erantsi du ardura gizakiarena ere badela. «Gizakiekiko mendekotasun handiena duen hegazti harrapakaria da; lehen mendietan eta gune naturalagoetan bizi ziren, baina, orain, era horretako eremu gutxiago daude, eta soroetara jotzea erabaki dute». Haren arabera, horrelako eremuetan bizitza «jokoan» jartzen dute egunero, hala nola traktore bat sar daitekeelako pestizida botatzera.

Errealitate horren jakitun, martxan dira zenbait kanpaina. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Sailak, esate baterako, azken urteetan abian jarri du mirotz urdinak ez ezik, zuriak ere salbatzeko egitasmo bat. Gasteizko Udalak ere badu bat, baina batez ere urdinak babesteko. Ekhi Mandiola udaleko landa eremuko zerbitzuko baso teknikaria da, eta abiapuntua izan du hizpide: «Zerbitzuan kontzientziatuta gaude, eta ingurumenak kezkatzen gaitu; Hortaz, pentsatu genuen ahalegina egitea Gasteizko udal eremuko zereal lautadetako mirotz urdinen bikoteak zaintzeko». Kanpo zerbitzuetara jo zuten iaz horretarako, eta Rodriguezekin harremanetan jarri ziren, hegazti horien inguruko prestakuntza jasotzeko eta horien jarraipen txiki bat egiteko. Haren arabera, uztaila izan ohi da «garairik larriena».

Habiak begiztatzea

Rodriguezek ia 30 urte daramatza jardun horretan, eta, beraz, esperientzia du jadanik. Jakinarazi du Araban, batez ere, Agurain eta Donemiliaga inguruan aurkitu ohi direla mirotzen habiak, eta, beraz, horietara jo ohi dutela gehienbat, nahiz eta beste eremuetan ere aritzen diren bilaketa lanetan. «Ibarrak ikus daitezkeen lekuetara jotzen dugu, eta kataloxetatik eta lurreko teleskopioetatik begiztatzen dugu non dauden habiak». Mirotzen hegaldiei erreparatzen diete: soroetatik pare bat metrora egiten dute hegan ehizakiak harrapatzeko, baina arrak soilik arduratzen dira horretaz. «Emeak arrautzak erruten eta txitak zaintzen egoten dira une oro, eta arrak arduratzen dira elikagaiez; emeengana gerturatzen dira, hala nola saguekin, eta txitak ere horiekin elikatzen dituzte, duten denboraren arabera», azaldu du ornitologoak.

Behin non dauden identifikatuta, kontu handiz sartzen dira soro barnera, bidexkarik gera ez dadin eta, era horretan, bestelako harrapakinik landa guneetara sar ez dadin, eta ikusten dute txitak zein fasetan dauden. «Oro har, saiatzen gara nekazariekin hitz egiten, eta uzta garaia atzeratu dezaketen zehazten; ezin bada, txitak handik ateratzen ditugu, eta Martiodako [Araba] animalien babeserako zentrora eramaten ditugu». Horrez gainera, badago beste aukera bat ere: habiak dauden soro zatia ez biltzea, baina Rodriguezek zehaztu du hori ez dela izaten ohikoena, gizakiak «jakin-nahia» izaten duelako, eta soro zati batean uzta jaso gabe ikustean, balitekeelako mirotzen ingurura gerturatzea. «Horrek emaitza txarra izaten du askotan».



Nekazariekin izandako hartu-emanari dagokionez, bi kideek aipatu dute, oro har, erantzun «ona» izaten dutela. Rodriguezek aipatu duenez, prest egon ohi dira laguntzeko, baina uzta garaiak ere garrantzia du. «Batzuentzat, sarritan zaila izaten da uzta atzeratzea, ez dutelako hura biltzeko makinarik eta beste batzuen menpe daudelako, edo baita eguraldiaren zain ere». Hala ere, uste du nekazari gazteagoek, orain, pentsaera «irekiagoa» dutela, eta, mirotzen kanpainarekin bat egiten dutela. Mandiolaren arabera ere, «interes kontrajarriak» egoten dira: «Zereala heltzen den garaian jaso behar da; horrela egin ezean, uzta galtzeko arriskua dago, eta, beraz, uzta garaia eta hegaztien haztea aldi berean gertatzen dira». Haren ustez, nekazari batzuentzat «bigarren mailako» kontua da mirotzena.

Erantzuna bata edo bestea izan, ordea, emaitzak eman ditu kanpainak. Mandiolak iazko datuak aipatu ditu, eta jakinarazi du Rodriguezekin egindako elkarlanaren bitartez, eta nekazariek izandako erantzunari esker, oraindik inkubatzen zeuden lau habia identifikatu zituztela, eta, horietan zeuden hamalau kumeri laguntzea lortu zutela, espezie mehatxatua kontserbatzea asmo. «Gaiarekin oso inplikatuta dago Rodriguez, eta ondo ezagutzen ditu Arabako nekazariak eta inguruak; bera da pertsonarik egokiena honetarako», adierazi du baso teknikariak. Gainera, erantsi du identifikazioaz gainera, eraztunak jartzeko lana ere egiten duela ornitologoak. Teknika horri esker, besteak beste, hegaztien migrazioa iker daiteke, baita haien bizitzan eragina izan dezaketen bestelako faktore batzuk ere.

Marta Olalde Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailetako teknikarietako bat da, eta adierazi du haiek ere badutela esku hartzea horrelako egitasmoetan. «Praktikan, ia 30 urte daramatzagu jardun horretan, 1992an hasi baikinen; hala ere, egia da urteen eta aurrekontuen arabera aldatu egin daitekeela esku hartzea, baina une oro dugu informazioa». Zehaztu du Hontza natura elkartearekin elkarlanean dabiltzala, eta GPS bat duten eraztunak jartzeaz gainera, beste proiektu bat ere martxan dutela: hesi metalikoak. Nafarroan erabiltzen duten teknika bat da, eta, beraz, Nafarroako eragileekin harremanetan jarri dira. «Gerta daiteke soroaren zati batean uzta jaso gabe uztea habiak daudelako, eta, ondorioz, txitak zaurgarriagoak bilakatzen dira, sail zati bat bakarrik dagoelako era horretan; harrapakari naturalak errazago irits daitezke haiengana».

Laguntza beharra

Esku hartzeei dagokienez, Olaldek adierazi du aditu bat kontratu ohi dutela lehen lanak egiteko, eta, ostean, basozainek ere parte hartzen dutela. «Habiak identifikatuta, basozainak harremanetan jarri ohi dira nekazariekin; hiru basozain ditugu sailean, eta, teknikook, guztiari adi-adi gaude; elkarren arteko kolaborazioa da». Rodriguezek, ordea, uste du diputazioak «seriotasun» handiagoz landu beharko lukeela gaia, espezie hauek batez ere «gizakien mende» daudela argudiatuta. «Txita asko hiltzen dira urtero, baina foru aldundiak eskuak garbitzen ditu; interes gehiago jartzen du deigarriagoak diren animalietan, hala nola bonelli arranoetan». Halere, aitortu du badirela «maila pertsonalean» inplikatzen diren basozain batzuk, nahiz eta arduradunen «agindu zuzenik» ez izan.



Udalari dagokionez, azaldu du aurten «nahikotxo» inplikatu dela, eta lanean jarri dituela basozain batzuk ere. «Jabetu da errealitate bat, arazo bat existitzen dela». Mandiolak adierazi du «ahal dutena» egiten eta egingo dutela. «Kanpo zerbitzu bat da, eta, aurrekontuek laguntzen diguten heinean, saiatuko gara horrekin dibulgazio kanpainak egiten eta berrasmatzen». Izan ere, uste du jarduna ez dela soilik habiak identifikatzea, babestea eta kumeei laguntzea, baizik eta dibulgazio eta sentsibilizazio lan bat egitea ere bai. «Administrazio gisa, hori gure zereginen artean egongo litzateke, eta horretan gabiltza, poliki-poliki ideiak gizartean zabaltzen». Izan ere, haren arabera, hegazti hauek ekosistemaren orekarako «oso onuragarriak» dira, eta elkarlanak bide horretan duen garrantzia azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.