Errealitate ilunaren isla koloretsua

Ikuspuntu street art festibalak nazioarteko hamar artista ekarri ditu aurten. Baionan ez ezik, Irulegin, Izturitzen eta Uztaritzen ere margotu dute artistek. Festibalaren herrixka San Izpiritu auzora «itzuli» da, eta gaztetxearekin elkarlana abiatu du lehentze.

AINIZE MADARIAGA.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Irulegi, Izturitze (Nafarroa Beherea) eta Uztaritzeraino (Lapurdi) ere luzatu ditu isipuen besoak Ikuspuntu (Points de vue) street art festibalak aurten. Iaz hasi ziren Baionatik ilkitzen, Urruñan (Lapurdi) eta Donapaleun (Nafarroa Beherea) ere margotu baitzituzten horma irudiak.

Seigarren aldi honetan, nazioarteko izen handiko hamar artista jinarazi dituzte: Pref, Nelio, Madame, LPVDA, Poze, ESCIF, Adele Renault, Le Module de Zeer eta John Wentz. Flog ere gomit zen, baina zenbait ezbehar teknikok gibelerat eginarazi diote.

Usaian bezala, «eskuak libre» utzi dizkiete, batere inposatu gabe gai edo gidoirik; muga bakarrak, murruarenak berarenak izan zaizkie, eta epearena. Baionan margotu dute denek, baina, gainera, hiritik kanpoko hiru lanak egiteko, egonaldiak egin dituzte Pozek, LPVDAk eta John Wentzek, Uztaritzen, Irulegin eta Izturitzen, hurrenez hurren: «Tokian tokiko herritarrekin egin juntetatik sortu dute. Zinez ongi pasatu da. Aurten, bereziki ingurumenari lotu gaiak landu dituzte: idortea, trantsizio ekologikoa... Garaiaren lekuko baitira. Hamar urteren buruan, beharbada bihurgune baten gisa oroituko gara gaurkoaz: obrak horren mirailak dira», erran du Alban Morlot Hiri Elkargoko antolatzaileak.Gaur arteko epea zuten bukatzeko.

Berritasunen artean da festibalaren herrixka berriz San Izpiritu auzorat bildu izana ere: «Festibalaren erroetarat itzuli gara, geltokiaren inguruetarat».

Antolatzailea biziki satisfos agertu da aurten Baionako Zizpa gaztetxearekin abiatu duten elkarlanarekin, bai performance berriekin ere: «Soinua eta irudia batera lantzen dituzten artistak ariko dira egun eta bihar. Zuzenean sortuko dute. Buruhauste anitz izan da 20 minutu eskasendako, baina balio du».

2017tik hona, 77 horma irudi sortu dituzte nonahitik jindako street art artistek, gutiz gehienak Baionan, eta haiei gehituko zaizkie aurtengo hamarrak. Morlotek sumatu du herritarrengan baduela eraginik: «Pareta hauen aitzinetik pasatu bertzerik egiten ez bazuten, orain elkarrekintza berriak gertatzen dira obrei esker».

3. JOHN WENTZ
«Ikusi dut emakumeek garrantzi handia dutela euskal kulturan»

San Frantziskotik (AEB) datorren artista bat da Wentz. Baina pandemiaren bi urteak Parisen iragan ditu. Horrek nabarmen eragin diola azpimarratu du San Izpirituko bihotzeko eliza erromanikoaren ondo-ondoan pintatu berri duen horma irudia erakutsiz: «Dena hetsia zen eliza eta katedralak izan ezik. Hor pasatu dut denbora guzia, eta estetika sainduak asko eragin dit. Batzuek mindu dira pareta historikoak pintatzeagatik».

Euskal Herria ezagutzeko denbora eskasa aitortu du, hala ere. Jin aitzin, historiaren eta mitologiaren gainean irakurri du: «Ikusi dut emakumeek garrantzi handia dutela euskal kulturan. Horregatik erabaki dut emakume bat margotzea, hemen ezagututako neska bat. Maite dut tokian tokikoekin lan egitea».

Katedral bateko beirateko Ama Birjinaren eite urruna izan lezakeen sorkuntzak badu mezurik. Hara zer nahiko lukeen Wentzek ikusleak sentitzea: «Pandemiatik landa, Herbehereetara joan nintzen, eta onddo haluzinogenoak hartu nituen; bisio bat ukan nuen: iluntasunean beti atzematen ahal dela edertasuna, batzuetan kostatzen bada ere. Nahiko nuke jendeak edertasuna eta iluntasuna sentitzea, pandemian anitzek inguruko jendea galdu baitu, eta, orain, kostatzen zaie bizitzaren edertasunaz ohartzea».

Murruaren zaharrak behartu du espraia baliatzera, isipuarekin hasi eta porroskatzen baitzitzaion. Hala, esprai geruzaren gainetik latexezko bat gehitu dio.

Joan den astean euskal dantzari bat margotu zuen Izturitzeko frontoian, jendea «tradizioari arras lotua» sentitu baitu. Loriatu da herritarren batzarriaz: «Desinformazio anitz bada euskaldunen gainean: kanpotarrei hetsiak direla... Baina niretzat kontrakoa izan da, ezagutu dudan jende maitagarrienetakoa jin baitzait. Biziki maitatu dut barnealdea. Bada sentsazio magiko bat, eta sumatu dut bazela aspaldiko sinesmen paganoa ere».

1. POZE
«Ea hasten garen ohartzen urari kasueman behar diogula»

San Izpiritu auzoko latsagiek badute usaiaz kanpoko berezitasun azpimarragarri bat: eraberritu dituzte, eta, gainera, herritarrek oraino baliatzen dituzte. Hantxe aritu da Poze, latsagia inguratzen duten bi pareta higiezin ilunei mugimendu itxura ematen. Artista frantsesak bereziki arranguratzen duen gai bat agerrarazi du honetan ere: ur eskasia: «Mintzatu nahi nuen Euskal Herriak aurten pairatu dituen ur murrizketez. Ea hasten garen ohartzen urari kasu eman behar diogula».

Latsarriaren oraingo eguneko baliatzeak hunki du artista: «Jendea mihiseak garbitzera jiten da oraino; horregatik, haizeak astintzen duen mihise baten mugimenduarekin ordeztu dut ur mugimendua. Errekak agortuko direnez, bere barku maketa hona nabigaraztera dakarren norbait da pertsonaia».

Poze Uztaritzen ere aritu da margotzen, eta Bidasoaz bi aldeetako mugalariez oroitu da: «Bidasoan egon zen mugalarien tradizioa hartu dut gaitzat: ohartu naiz denetan zeudela. Aktibitate horrek ez du gehiago izaterik izanen, ikusirik ez dugula kasik errekarik ukanen».

Haren lana sinatzen duen ezaugarria da arabiar ukituko kaligrafiaz estaltzen dituela beti margolanak. Aldi honetan ere, ez du huts egin. Izturitzen «Nora goaz?» idatzi badu, San Izpiritun «Au bout du pont» (Zubi bururat) erantzun dio.

4. LPVDA
«Haurren elkartasuna erakutsi nahi nuen, soldaduak balira bezala»

Bi obra utzi dizkio Euskal Herriari suitzar laborari-artistak: iragan astean Irulegiko Birziklategian egin zuena, non omendu baitu sute handiak itzaltzen lagundu duen jende guzia: «Lehen aldia zen Euskal Herrirat heldu nintzena, eta ikusi nuen zer gertatu zen. Ez nuen betikoan erori nahi: euskaldun bonetun bat marraztea... Zura lantzea omenaldia egiteko manera bat da».

Bigarrena, berriz, Baionako Luma haurtzaindegiaren murruan obratu du, betiere ezaugarritzen duen leungailu elektrikoa lagun. Berez, Irulegiko giza esperientziari buruz obratu beharra zuen Baionan, baina: «Astia falta nuenez, haurtzaindegiko haurrak izan ditut inspirazio: haur gorputzak ikusten dira jostetan; elkartasuna erakutsi nahi nuen; giza kate bat egin dut, soldatuak balira bezala. Konposaketa bat da».

2. NELIO
«Entseatzen naiz obraren eta inguruaren arteko mugak lausotzen»

Aturri hegiko eraikin zuri handi bati erantsi dizkio koloreak Nelio artistak. Abstrakzioak ezaugarritzen du, eta inguru osoa hartu du kontuan. Orain, norberak nahi duena ikus beza: «Kolore hauek euskaldunak ere badira, eraikinak dauzkanak. Figuratiboarekin hasi nintzen (grafitiak, letrak...), baina, gero, arkitekturari lotuz, geometrikoa bilakatu da nire lana». «Entseatzen naiz inguruari egokitzen, obraren eta inguruaren arteko mugak lausotzen; saiatzen naiz ez eskaintzen jendeak bere buruari galderarik ez pausatzeko irudi azkarregiak», jarraitu du. «Horrek nau abstraktura eraman, nahiz eta oraino sinbolo batzuk baliatzen ditudan. Ideia da jendeak bere buruari galderak egitea eta nahi duen bezala interpretatzea». Obraren iragankortasunari «esker», «espontaneotasunari bide emanez» margotzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.