Abian dira Aulestiko antzerki topaketak, beranduago bada ere

Apirilean ziren egitekoak Artedramaren XV. antzerki laborategia eta topaketak, baina, pandemiaren eraginez, atzo hasi ziren. Larunbata bitartean egingo dituzte

Argazkian, Aulestiko iazko antzerki topaketetako ikasleak, laborategian lanean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Herri bat antzoki. Horixe Aulesti (Bizkaia), atzotik larunbatera bitartean. Bi ardatzen bueltan: arte eszenikoen laborategia, batetik; eta zuzeneko emanaldiak, bestetik. Laborategian, hamalau dira ikasleak, eta bost irakasleak: Maika Etxekopar, Ximun Fuchs, Amancay Gaztañaga, Ander Lipus eta Marina Suarez. Atzo goizean, bina ordu egin zituzten Gaztañagarekin eta Lipusekin; arratsaldean,berriz, lau ordu Suarezekin.

Lehen emanaldia ere egin zuten atzo: Atx Teatroaren Tomiris. Gaur eta bihar emango dituzte, hurrenez hurren, Gaztañagak Iraia Eliasekin batera sortutako Matriuska eta Suarez kide den Tripa Kolektiboaren Urruna; udal aretoan, 21:00etan hasita. Etzi, Mikel Martinezek Tabernaria jokatuko du, Iruzubi lasaigunean, 21:00etan. Ostiralean, Ez Dok Hiru-ren txanda izango da, 22:00etan, frontoian. Eta toki eta ordu berean, eta egitarauari amaiera emanez, Ximun Fuchsek zuzendu duen eta Ander Lipus jokalari den Zaldi Urdinaemango dute.

Bost hilabete

Ander Lipusen ekimenez sortu zen Artedrama konpainia, eta Artedramaren ekimenez sortu ziren Aulestiko antzerki topaketak. Hamabosgarren aldia dute aurtengoa. Pazko Astean egin izan dituzte topaketok aurreko urteetan, baina aurtengoan ezin, koronabirusaren eraginez. «Hainbat hilabeteko atzerapenez heldu dira, baina abian dira, eta hori bera ere albiste da», Lipusen arabera. Ez baitira dramaturgiarako garairik onenak. «Artedrama bezala sei hilabete iraun dugu, ahal moduan, baina oso larria litzateke orain beste erorialdi bat izatea», nabarmendu du antzerkilariak. 30 urteko ibilbidean sekula bizi gabekoa bizi berri baitu:«Sei hilabete egin ditut antzerkirik egin gabe». Antzerkirik egin ez, baina antzerkia egin eta eman ahal izateko lanetan aritu da. Atzo hasi ziren topaketak dira horren emaitza. Eta aurten ere, aurrekoetan bezala, «berehala» bete dira laborategian parte hartzeko tokiak: «Antzerkiaz euskaraz gozatzeko eta ikasteko gosez dago jendea, eta hori seinale bat da». Ikasle zein irakasle jendea «oso gogotsu» etorri da, Lipusen ustez. «Eta egitarauari ia osorik eutsi ahal izan diogu».

Jendeak ere eutsiko dio, emanaldi askotarako sarrerak agortuta baitaude dagoeneko.«Oso ohituak gaude Aulestiko aretoa eta frontoia jendez gainezka ikustera, baina, egungo normaltasun arraro honetan, %60ra jaitsi behar izan dugu ikusle kopurua», zehaztu du Artedramakoak. Ahal zen moduan, topaketon erronkari eustea garrantzitsua zen. «Horregatik egin dugu ahalegina. Aulestiko Udalak ere bai». Euskarazko antzerkiarentzako topaleku bakarra ere ez galtzeko. Hamabost urte ez direlako alferrik joan eta jendeak badakielako jada arte eszenikoek Aulestin «beste dimentsio bat» hartzen dutela, «herri antzerkiaren iruditeriatik». Harremanak eta komunitatea antzerkiaren bitartez partekatuz eta indartuz.

«Sinbolikoki ere, muga batzuk hausten ditugu». Lehena, geografikoa, laborategiko irakasleei erreparatu orduko ikus daitekeenez: Etxekopar Zuberoatik dator; Fuchs, Baxenabarretik; Suarez, Arabatik; Gaztañaga, Gipuzkoatik; eta Lipus, Bizkaitik. «Horrek esan nahi du hor atzean badagoela herri bat antzerkia egin nahi duena eta hori indartzeko eta horretan aritzeko gogoz dagoena», Lipusen aburuz.

Betiere, Aulestiren moduko herri txiki euskaldun batean. «Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetako batean gaude, eta ez dago antzoki bakarra ere. Zer pentsatua ematen du horrek. Duela hamabost urte hona etorri ginenean, hemen ere antzerkia egin zitekeela eta antzerkia behar zela esan genuen. Borroka horretan segitzen dugu, herrigintzatik eta artistok sortutako sareetatik eta espazio eta denboretatik».

Oztopoak oztopo, antzerkia ulertzeko eta egiteko modu desberdinak plazaratuko dituzte aurten ere: «Pieza klasikoagoetatik hasi, jolasa proposatzen dutenekin segitu, eta antzerkiaren estereotipoetatik aldentzen diren saioetaraino doa egitaraua».

Hamabost urteko ibilbidean, 70 bat irakasle pasatu dira dagoeneko Aulestiko topaketetatik. Zerbait bada, Lipusen iritziz: «Hemen bada errealitate bat, eta horrek lotzen gaitu. Badugu zer eskaini, zer egin eta zer partekatu denon artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.