mikel rodriguez
Israel-Palestina. Jerusalemen hiriburutza. ANALISIA

Erdoganen amets otomandarra

2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Erabaki honekin, Israeli sari bat eman diote egin dituen ekintza terrorista guztiengatik. Trumpek eman dio sari hori». Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak erran zuen hori OIC Lankidetza Islamikoaren Erakundeak Istanbulen atzo egin zuen bilkuran. Halakoak ia egunero erran ditu Donald Trump AEBetako presidenteak adierazi zuenetik Jerusalem Israelen hiriburutzat onartuko dutela. Erdoganek akusazio gogorrak egin dizkie Israeli eta AEBei, eta Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak herenegun herrialde arabiarrei ere leporatu zien «hagitz erantzun ahula» ematea. Adierazpen horiek eta atzoko bilerak erakutsi bezala, Erdogan izan da AEBen erabakiaren aurka nazioartean gehien nabarmendu den buruzagia. Israelekin iaz sinatu zuen bake diplomatikoa, sei urtez etsaituta egon ondoren, etaAEBekin, Siriako gerraren ondorioz harreman gorabeheratsua izan arren, ez du hautsi ia zazpi hamarkadatako aliantza estrategikoa. Erantzun bat bilatu nahian ari dira analistak: zeren bila dabil Erdogan?

Erretorikari dagokionez, ez du diplomazian ohikoa den eufemismorik edo neurritasunik erabili Turkiako presidenteak. Errate baterako, AEBei leporatu die «odolustean konplize» izatea, eta Israeli «haur hiltzaile» ere erran dio egunotan. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, ordea, erraz utzi zion erantzuna: «Ez nago ohitua moraltasunaren inguruko lezioak jasotzera Turkiako sorterrian kurduen herriak bonbardatzen dituen norbaitengandik, kazetariak espetxeratu, Irani nazioarteko zigorrak gainditzen lagundu, eta terroristak laguntzen dituen norbaitengandik, Gaza barne», erran zion joan den igandean, Parisera egindako bisitan. Palestinarrak eta kurduak, bi herri zapaldu, haien zapaltzaileek elkarri presio egiteko erabiliak.

«Munduan zapalduta dauden musulmanen babesle gisa agertzeko duen helburu zabala lortzeko ahalegin bat da», horrela azaldu du Erdoganen jokabidea Aaron Stein Kontseilu Atlantikoaren Rafik Hariri zentroko analistak, AFP agentziari erran dionez. «Hau erabiliko du bere oinarri islamista kontserbadorea pizteko, eta bere burua aurkezteko iritzi islamiko globala ordezkatzen duen nazioarteko eragile gisa», adierazi dio, berriz, Soner Cagaptay Ekialde Hurbilerako Washington Institutuaren Turkiarako Ikerketa Programaren zuzendariak Al-Monitor-i.

Neootomanismo gisa definitu izan da Erdoganen politika; hau da, Otomandar Inperioa eta kalifa herria izan zena imitatzeko nahia. Barne politikara begira, inperioko sultanaren gisa boterea presidentearen eskuetan pilatuta—apirilean egin zuten errepublika presidentzialista bihurtzeko erreferenduma—, eta politikaren eta gizartearen erlijiotasuna sustatuta, errepublikak ezarritako laikotasuna murriztuz. Kanpora begira, berriz, musulmanen erreferente gisa agertuta, kalifa otomandarraren gisan.

Jarrera hori erakutsi du, errate baterako, Myanmarko rohingya etniaren auzian. Joan den uda bukaeran nazioartean gaitzespen zabala eragin zuen rohingyen jazarpenak, baina estatuetako liderren artean Erdogan nabarmendu zen. Genozidioa egitea ere leporatu zion Myanmarri.

Hamabortz urte egin ditu boterean Erdoganek, eta Turkiako Errepublikaren atzerri politikan erabateko aldaketa egin zuen. Lehenbiziko urteetan, Zero arazo bizilagunekin izena eman zion atzerri politikako ildoari. 2005ean Israelera joan zen, eta gatazka konpontzen ahalegintzeko bitartekaritzat eskaini zuen bere burua. Herrialde arabiarrek ez bezala, Turkiako Errepublikak, oro har, beti harreman ona izan zuen Israelekin —1949an onartu zuen estatu judua—, eta Ekialde Hurbilerako AEBen politikan berebiziko garrantzia izan du bi herrialde horiekiko aliantzak.

Erdoganen bitartekaritza eskaintza hori, baina, ez zen inoiz gauzatu modu eraginkorrean, eta 2010ean goititik beheiti aldatu zen egoera. Israelgo armadak nazioarteko uretan eraso zion Gazako blokeoa hausteko helburua zuen gobernuz kanpoko erakundeen flotilla bati, eta Turkiako bederatzi herritar hil zituen. Israelen harropuzkeriarengatik eta inpunitatearengatik umiliatuta sentitu zen Erdogan, eta inoiz ez bezalako erantzuna eman zion. Harreman diplomatikoak erabat moztu zituzten bi herrialdeek, eta Zero arazo bizilagunekin politika bukatu zen. Israelgo turistek Turkiara joateari utzi zioten, baina, ordainetan, gero eta arabiar gehiago hartu zituen. Erdoganen ospea tximistaren abiaduran handitu zen musulmanen artean. Gertu zuen amets otomandarra, baina Siriako gerrak zapuztu zion proiekzioa.

Zero arazo bizilagunekin politikari jarraikiz, Baxar al-Assadekin harreman estua egin zuen Erdoganek joan den hamarkadan, eta Siriari ahalbidetu zion AEBek eta Israelek ezarri nahi zioten nazioarteko paria egoera gainditzea. 2011ko herrialde arabiarretako matxinadak Siriara ailegatu zirenean, ordea, Erdoganek kalkulatu zuen matxinadak babestu eta Al-Assaden aurka jarriz gero musulmanen erreferente rolari eutsi ahalko ziola. Kalkulu okerra, urte hauek guztiek erakutsi dutenez, Turkia Ekialde Hurbileko fakzio eta interes xextren alde bat gehiago bihurtu baita, musulmanen erreferente global bat bihurtu beharrean. Israelekin iaz berrezarri zituen harreman diplomatikoak, baina AEBek Jerusalemen afera lehertu dutenean, Erdogan hasieratik paratu da protestaren lidergoan. Palestinarrentzat justizia aldarrikatzeko asmo zintzoak, edo amets otomandarra berpizteko ahalegina. Horra interpretazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.