SOSLAIA. Mary Lou McDonald

Berritasun bat baino gehiago

AIDAN CRAWLEY / EFE.
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Mary Lou McDonaldek bederatzi urte egin ditu Sinn Feinen presidenteorde gisa, baina, hala ere, berrikuntza nabarmena ekarriko dio alderdiari. Batetik, lidergoa hartuko duen bigarren emakumea izanen da alderdiaren 113 urteetako historian. Margaret Buckley izan zen aitzindaria, 1937 eta 1950 artean —lehenbiziko emakumea izan zen Irlandan alderdi bat zuzentzen—. Bertzetik, 35 urteren ondoren, Sinn Feinen presidentea berriz ere Irlandako Errepublikan jaiotakoa izanen da —Dublinen jaio zen McDonald, 1969an—. Eta, hirugarrenik, gainerako lider errepublikano nabarmenen artean, ezohiko jatorri politiko dauka.

Dublingo Rathgar auzunean jaio zen, klase ertaineko familia batean. Literatura Ingelesean graduatua da. Ezkonduta dago, eta bi seme-alabaren ama da. 1990eko hamarkadan hasi zuen ibilbide politikoa, Biltzar Nazional Irlandarra izeneko erakunde errepublikanoan. 1997an, ordea, Irlandako Errepublikako alderdi hegemonikoan eman zuen izena, Fianna Failen. Hurrengo urtean utzi zuen, kontserbadoreegitzat jota. «Eztabaida bat egon zen, eta ideia bat eman nuen, ez nuen ezta berdintasun solasa erabili; uste dut parekidetasun erran nuela, eta harrituta gelditu ziren arnasari eusten», adierazi zuen 2015ean Sinn Feini buruz Deaglan de Breadun idazleak argitaratu zuen liburuan.

Sinn Feineko kide bihurtu zen orduan, 1998an. Urte seinalatuan, Ostiral Santuko Akordioak sinatu zituztenekoan. Horregatik, Gerry Adamsen belaunaldikoek ez bezala, McDonaldek ibilbide osoa bake prozesuan egin du. 2004an, Europako Parlamenturako hautatu zuten, eta 2011n, Irlandako Errepublikarako. Iragan urtarrilaren 20an, Sinn Feinen presidentetzarako hautagai izendatu zuten. «Gerry Adams telebistan ikusiz hazi nintzen, eta ez nuen inoiz imajinatuko 2018ko otsailaren 10ean haren nagusi bihurtuko nintzenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.