Agustin del Prado. Biologoa, BC3ko ikerlaria

«Ezberdina da erregai fosiletako karbonoa eta behien metanoa»

Hausnarkariek klima aldaketan duten eraginari buruzko hainbat «mito» gezurtatu dituzte BC3-k antolatutako saio batean. Abeltzain asko karbono aztarna gutxitzeko egiten ari diren lana ere goraipatu dute.

IÑIGO SIERRA.
inaki petxarroman
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Abeltzaintza tradizionalaren lana babestu dute COP25eko mahai-inguru batean. Azkenaldian abeltzaintzaren aurkako iritzia indartu dela-eta, haren lana klima aldaketari aurre egiteko ere baliagarria izan daitekeelakoan dira adituak. Agustin del Prado (Portugalete, Bizkaia, 1973) BC3ko ikerlari eta biologoak BERRIAri azaldu dizkio tesi horren nondik norakoak.

IPCCren abuztuko txostenaren ondoren burrunba sortu zen ustez behiek klima krisian duten eraginaz. Tesi hori gezurtatu egin duzue.

Orokortzen ari den premisa baten aurrean erreakzionatu nahi izan dugu. Esan nahi baita, zabaldu den uste oker honi erantzun nahi genion: hots, okela jateari utziko bagenio, bereziki hausnarkarien eta lurrarekin lotutako abeltzaintzatik datozen animalien okela, bada, ia-ia klima aldaketaren arazoa konpondu egingo genukeela.

Zer argudio erabili duzue tesi hori gezurtatzeko?

Hainbat argudio aipatu dugu. Batetik, erakutsi dugu oso ezberdina dela erregai fosiletatik datorren karbonoa, une oro ari dena atmosferan eragiten eta pilatzen, eta behiek sortzen duten metano biogenikoa.

Zergatik?

Metano hori karbono ziklo motzekoa da. Funtsean, hor badugu landare bat karbonoa xurgatu duena fotosintesiaren bidez, eta behiak hori jan duenean, karbohidratoen zati bat bere egiten du. Hausnarkarien kasuan, bereziki interesgarria da, zeren eta gai baitira zelulosa bezalako gai zail eta ez-erabilgarri bat aprobetxatu eta esnetara ekartzeko. Hori hausnarketa prozesuan egiten dute, eta hor metanoa sortzen da.

Baina metanoak berotzea eragiten du.

Bai, baina hamar urterako bakarrik. Gero CO2 bilakatzen da, baina CO2 biogenikoa, hau da, hori ez da zenbatzen atmosferara isurtzen ari denaren moduan, hori karbono berria baita, eta ehunka urtean geratzen da atmosferan harrapatuta.

Hau da, klima krisiaren erroa guztiz antropogenikoa da eta ez dauka zerikusirik behiekin.

Eta, gainera, behiak, ardiak eta ahuntzak hiltzea irtenbide bat izan daitekeela diotenei hauxe erakutsi diegu: bazkarekin elikatzen diren toki horietan hausnarkariak desagertuko balira, gertatuko litzatekeen bakarra da beste belarjale batzuk azalduko liratekeela, eta antzeko funtzioa beteko luketela, besteak beste, zelulosa hori jaso eta metano biogenikoa isuriz. Hori gertatu zen, adibidez, iraganean bisonte, orein eta halakoak bizi ziren tokietan abereak sartu zirenean.

Eta, orduan, nola hartu beharko genuke abereei egozten zaien berotegi gasen %14,5 hori?

Egia da NBEren Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen (FAO) 2013ko txostenak hori esan zuela, baina badira neurketak egiteko metodo berriak eta aintzat hartu beharko genituzke. Hain zuzen ere, jakin beharko genuke zein zen abeltzaintzaren aurreko aldiko isurketen kopuru oinarrizkoa, jakiteko geroztik zer aldaketa izan den. Horrela, jakin ahalko genuke zeintzuk diren antropogenikoak eta zeintzuk diren lehen modu naturalean gertatzen zirenak eta, besterik gabe, ordezkatu ditugunak. Gainera, kalkulu metodo berri batzuk daude, eta, horien arabera, hausnarkarietarako zeuden estimazioak asko hobetu dira. Beraz, oraingo arlo horren berotegi gasen isurketen estimazioak askoz ere apalagoak dira 2013an zirenak baino.

Beste kontu bat da abeltzaintza industriala. Zeren, esaterako, Amazonian eta beste toki batzuetan gertatzen ari den deforestazioak badauka zerikusirik horrekin, ezta?

Bai, Amazonian sojaren landaketa masiboak eragin handia dauka, eta horren kontsumoaren zati handi bat txerrientzako eta behientzako da. Hor arazoa ekoizpen sistema da. Lurrari lotutako ekoizpen sistema dagoen tokietan ez da halako arazorik sortzen. Abeltzain asko ari dira lan handia egiten ahalik eta ekoizpen iraunkorrago baten alde. Eta hedabideetan zabaltzen ari diren titular eta mezu horien aurrean jota geratzen ari dira.

Alegia, ez da gauza bera McDonalds, Monsanto eta antzeko enpresek egiten duten kudeaketa eta abeltzain eta nekazari askok egiten dutena.

Jakina. Abeltzaintza industrialak eta elikadura sistemaren industrializazioak, oro har, ekartzen du bioaniztasunaren galera eta ez du batere laguntzen klima aldaketaren aurkako borrokan.

IPCCren abuztuko txostena oso zabala zen, eta ez zuen bereziki azpimarratu gai hau. Alabaina, hedabide askok hor jarri zuten fokua, eta hortik sortu da halako giro orokor bat. Zer gertatzen da hedabideekin?

Nahasketa handia dago, ez bakarrik haragiaren kontsumoari dagokionez, behien puzkerrez ere hitz egin izan baita. Batetik, badago morboa eta titular ikusgarriak bilatzeko joera. Eta badago ere halako antsietate bat gizartean, ikusten delako gobernuak ez direla aurreratzen ari behar den bezainbeste, eta, orduan, fokua jartzen da norberak egin dezakeen horretan. Eta hor haragi kontsumoarena ere sartzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.