AEBetako hauteskundeak. Erreakzioak

Eskuin muturraren «eredua»

Alderdi euroeszeptiko eta xenofoboek txalotu egin dute Trumpen garaipena, eta haren garaipena adibide gisa jarri dute, 2017an hainbat herrialdetan egingo diren bozei begira

ANDY RAIN / EFE.
jokin sagarzazu
2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Donald Trumpen garaipenak hauspotu egin dezake Europako eskuin muturra, orain arteko joerak indartuz eta botere guneetan kokatuz alderdi horiek. 2017a hauteskunde urtea izango baita Europako hainbat herrialdetan: Frantzian, Alemanian, Herbehereetan eta Austrian, esaterako.

Hain justu, Marine Le Pen FN Fronte Nazionaleko burua izan da Trump zoriontzen nazioarteko lehen buruzagia. Datorren urteko presidentetzarako bozei begira, lehen itzulirako irabazletzat jotzen dute inkestek. Alde du PS alderdi sozialistaren banaketa, eta ikusteko dago eskuinean Nicolas Sarkozyren itzulerak noraino eten dezakeen FNren goraldia. 2014ko Europako bozetan lehen indarra izan zen FN eta 2015ko departamentaletan Sarkozyren UMPren lehiakide nagusia, PSren kontura. Lehen itzulian, FNk 43 departamendutan irabazi zuen, baina bigarrenean ez zion bakar bati eutsi. Hala ere, kontseilari ugari lortu zituen eta erakutsi zuen tokian-tokian erro sendoak dituela.

Alemanian ere hauteskunde federalak egingo dituzte 2017an. Angela Merkelen alderdiari (CDU) bidean gurutzatu zaio AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdia,errefuxiatuen aurkako diskurtsoarekin. Bozak irabazteko aukerarik ez diote ematen, baina bai goranzko joera. Aurten, bost landerretan egin dituzte bozak eta mugarri bat ezarri du: lehen aldiz eskuineko beste alderdi batek hartu dio aurre CDUri hauteskunde batzuetan: irailean, Mecklenburg-Aurrepomeranian. Martxoan, bigarrena izan zen Saxonia-Anhalten, CDUtik gertu, ia %25eko babesarekin. Frauke Petry AfDko buruak zoriondu egin du Trump eta Merkelen agintearen amaieraren hasiera iragarri du. «Aginteko elitearentzako abisu bat da».

PVV Herbehereetako Askatasunaren Alderdiko Geert Wildersek ere iragarri du garai berri bat Europan, eta «eredu» gisa jarri du Trumpen garaipena. «Guk ere egin dezakegu». Datorren urtean izango dira bozak, eta inkestek lehen tokian kokatzen dute PVV, baina gehiengo osotik urrun.

Austrian ere irabaz dezake eskuin muturrak. Baliogabetu egin dituzte aurtengo maiatzeko emaitzak eta errepikatuko dituzte bozak 2017an. Lehen itzulian FPO Austria Alderdi Liberalak irabazi zuen, baina Berdeak gailendu ziren bigarrenean, eskuin muturraren aurkako botoa erakarrita. «Ezkerreko elitea zigortu dute hautetsontzietan», esan du Heizn-Christian Strache FPOko liderrak, AEBetako bozei buruz.

Eskuin muturrarentzat eta Europarentzat, oro har, mugarri bat izan daiteke Trumpen garaipena. Nigel Farage UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko burua izandakoaren arabera, «iraultza politiko handien urtea» izango da hurrengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.