Jonathan Caro.
GIZARTEA PENTSALDIAN

Lapurtutako Gabonak

2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Gabonetako festak hurbil daude. Komunikabideetan familia osoa ez elkartzeko eskaera egiten da, esaten dute arriskuak ez duela merezi, familia nukleo ugari ez elkartzeko eta bestelako aholkuak ematen dituzte. Eztabaida handia dago horren inguruan eta hori askatasunaren zeinua da. Egun bereziak datoz guztiontzat, baina zahar etxeetan bizi direnek ezin dute eztabaida hauetan parte hartu; hortaz, haien askatasuna indarrean dagoen dekretuaren menpe edo egoitzako zuzendaritzaren zorroztasunaren menpe egongo da.

Ezarritako protokoloek egoitzetatik ateratzea debekatzen badute, egoiliarrek egoitzan geratu behar dute derrigorrez. Aldiz, ateratzeko baimena badaukate, bueltatzerakoan jasan behar dituzten neurriak (PCRa, bakartzea...) oso zorrotzak badira, ateratzeko grina ezabatu lezakete. Hau guztia bidezkoa den aztertzerakoan eztabaida pila bat datozkit burura: norbanakoaren edo taldearen eskubideak, osasun emozionala sustatu edo kutsatze arriskua ekidin, neurriak lasaitzea merezi duen egun gutxi batzuetarako...

Baina zahar etxeei begira, kezka handiena eragiten didana Gabonetan inoiz ateratzen ez diren pertsonen egoera da. Egun hauek oso inportanteak dira edonorentzat, are gehiago egoitzatik inoiz atera ezin direnentzat. Hauxe arintzeko, zahar etxeetan aktibitateak ugaltzen dira: Olentzeroren bisita, abesbatzen saioak, herriko umeen antzerkiak edo hiriko argiak ikusteko txangoak... Eginkizun hauek guztiak, jakina denez, bertan behera geratu dira.

Zahar etxe askotan, Gabon gauean edo Urtezahar gauean, jantokiko mahai guztiak elkarren ondoan ipintzen dira mahai luze berri bat eginez, ezkontza bat balitz bezala. Bertan zaharrek jaten dute eta euren kontakizunei ekiten diete elkarren alboan. Horrelako gauza txikiek ospakizun egunak bereziak bihurtzen dituzte, baina zoritxarrez aurten egun guztiek normalak izaten jarraituko dute.

Zer esan nahi dut burutapen honekin? Gabonak zaharrentzat hain aro berezia dira, non euren familien falta gogorrago sentitzen baitute. Badira pertsona asko egoitzatik inoiz ateratzen ez direnak eta giro berezi hau lortzeak, behintzat, estimulu on bat eragin ohi du haien bizipenetan. Etengabe ekin diezaiokegu ateratzearen edo ez ateratzearen arriskuaren eztabaidari, baina arduratu gaitezenirteteko betirako ahalmena galdu dutenez ere, aurten hauei, beste hainbat gauzarekin batera, Gabonak ere lapurtu dizkietelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.